'Hitza', MIDASen batzarrean mintzagai

Uztarria 2004ko eka. 2a, 18:06
  • Batzarra ekainaren 3tik 6ra bitartean egingo, Donostian
  • Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkartea da MIDAS

Ekainaren 3tik 6ra, MIDASek (Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkartea), Berria-rekin elkarlanean, bere 3. batzar nagusia egingo du Donostian, Kursaal Jauregian. Euskal Herria kokaleku gisa aukeratzeko arrazoien artean, Euskaldunon Egunkaria-ren auzia da nagusia. Izan ere, nazioarteko elkarteak behin baino gehiagotan salatu izan du euskarazko egunkariaren itxieraren eta bere langileen atxilotzearen zentzugabekeria.

Bilkurak Europako 13 herritako 27 kazetari elkartuko ditu, eta hainbat hitzaldi emango dira. Horietako batean Hitza izango da gaia. Joanmari Larrarte, EKTko idazkaria izango da hizlari, eta proiektu horren garrantziaz ariko da. Hitza. Bertako eguneroko informazioa, euskalduna euskarazko prentsara erakartzeko izango da haren hitzaldiaren izenburua.

Ekainaren 5ean izango da Hitza-ri buruzko hitzaldia, 10:30ak aldera. Europako beste egunkariek interesa erakutsi dute, besteak beste Uztarriak parte hartzen duen proiektu horretan. Gaur egun, Urola-Kostakoaz gain, beste hiru Hitza daude: Tolosaldeko eta Leitzaldekoa, Oarsoaldekoa, eta Lea-Artibai eta Mutrikukoa.