Jose Luis Otamendi idazlearekin elkarrizketan

Xabier Sukia eta Kepa Urbieta | Kultura
2004ko api. 22a, 15:04

  • Orioko Xabier Sukia eta Azpeitiko Kepa Urbieta gazteek egin zioten elkarrizketa lan baterako
  • Idazle azpeitiarrak idatzi dituen liburuen gainean aritu zaizkio besteak beste

Otamendi liburutegi atzean elkarrizketa egin ondoren  Argazki originala

Liburuek asko dakite, baina ez dute ezer esaten, isil-isilik egoten dira apaletan. Sekretu horiek zirikatu nahian egin diogu elkarrizketa Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarrari. Katalogatu gabeko poeta ezagun bezain ezezagun honi Oto deitzen diote lagunek. Azpeitian hartu gaitu bere irribarre gaizto usteko horrekin, eta, zein leku hoberik liburutegia baino?

Idazle ala irakasle?

Puff...! Gauza biak, azken batean bizitza gurpilak harrapatzen duen buelta bakoitza duk eta buelta bakoitzak bere koskak dizkik. Kontua duk momentu bakoitzean gustuko lana egitea. Baina hori agian hurrengo galdera izango duk. Bizitza dena duk, bizitza garraioa duk, hala ziok esaerak. Batetik bestera ahal denarekin ibili eta aurrera egin.

Bost liburu eta bi bilduma argitaratu dituk. Idazle izateko adina baduk hori!

Nik oso erritmo makala izan diat beti, ikusi duzue ze adinetara iritsi naizen eta idazte kontu horretan oso lasai hartu dizkiat gauzak. Ziur aski beste lanbide bat izateak ere izango dik eragina. Ez diat idaztea hobby bat bezala hartzen, baina beste ogibide bat izateak, nolabaiteko askatasun bat ematen zidak idazteko eta horrek ekartzen dik halako patxada bat, ez itotze bat. Eta azkenean norberaren exijentzi mailak norberak aukeratzen dizkik eta ez kanpokoen menpekotasak.

Gogoan al dituk hire lehen idatziak?

Bai, modu lauso batean bai. Nik uste Ama Birjinari idatzitako poema bat izan zela aurreneko idatzia erdaraz. 12-13 urterekin gogo-jardun edo ejertzizio espiritual batzuetan izan huen. Baina barne mundu bat bilatzeak beti laguntzen dik; erlijioaren aldetik izan edo bestetik izan barnera begira jarri eta kezka bat ernetzea duk garrantzitsuena.

Hire hitzak musikatu izan ditiztek; zer sentitzen duk hire poesia hegan dabilela jakinda?

Esker oneko gauza duk. Musikaltasun bat eta erritmo bat bilatu nahian idazten duan momentutik, oihartzun zabalagoko komunikazio bide hori hartu izanak poza ematen dik.

Zer zagok bide ertzean?

Ziur asko, beste bideren baten hasiera. Tartean behin kera egin eta ea hurrengo bidea nondik hartu behar dugun erabakitzeko beta.

Eta Euskal Herriko teilatuetan?

Gauza asko, Juan Carlos Perezi galdetu bestela! Badakizue, garai batean etxeko norbait hiltzen zenean teilatuko teila bat kentzen ziaten zerurako bidea izan zezan arimak. Teilak ere badik jabetzaren karga sinboliko hori, teila-ikatzak jartzen dituk mugarrien azpian lurrak markatzeko.

Zer dik egunsenti biluzi batek ikusteko?

Nik atera nian lehenengo liburuxkak izenburu hori zian, hasiera bat izan huen; miraz ikustea, egunak berarekin dakarren guztia, pertzepzioa, begi-zabaltze bat, dena jateko grina hori, gogo hori, bizi poza baina kezka handi bat. Nerabe ondorengo horretan, gauzak leku guztietatik datozela eta horien aurrean egotea merezi duela jabetzea.

Zainetan murrailik ba al duk?

Bai eta nork ez? Askok, garai hartan Jonkiei himno bat egin ote nahi niean esan ziaten, txiste bezala. 87a zuan eta heroina oso solte zebilean. Zainetako murrailei beste sinbologia bat eman nahi niean, baina itxuraz ez nian asmatu... Zainetako murrailak guk ditugun adierazteko eta elkarrengana biltzeko zailtasunak dituk nolabait esateko.

Poza eta gero zer?

Ez zekiat nik bizimoduaren ikuspegi zikliko bat ote dudan edo espiralarena nahi baduzue. Ez diat gustuko borobilaren itxitasuna baina espiralarena bai, antzera xamarreko tokira bueltatzen garelako. Besteen eskarmentuek edo norberarenak beste koska bat gainditzen uzten ditek, bizikizunen zama hori gainditzen uzten ditek. Poza eta gero, atzera berriz beste poz bat bilatu beharra. Bat agortu ahala beste zerbaiten bila... hor etengabeko kate bat zagok. Azken batean, gure mundualdi hau ikaragarri lotsagarri ez geratzeko ahalegin bat duk eta norberak hartu duenetik besteei zerbait uzteko ahalegin bat ere baduk. Biluzik ez gaituk etorri eta besteei zerbait uzteko gai gaituk, ez lotsatzeko lain behintzat.

Lur bat hire minari ala mina hire lurrari?

Uztartuta zeudek biak; minik gabe bizitzerik ez zagok. Lur bat zure minari mugimendu bat duk, bere karga arriskutsu guztiarekin, sufrimenduari motibo bat aurkitzea. Bizitzearen balio erantsia duanez sufrimendua, mundualdi hau bestela ere nahiko latza baduk eta ahalegindu behar diagu gratuitateez gaindiko zerbait bilatzen. Fede baten edo beste bizitza baten pozik ez dugunez, duintasun minimo batekin elkarrengana bildu eta ea zerbait egiteko kapaz garen ikusi. Hori duk lurraren sinboloa eta ez hainbeste aberri bezala hartuta. Lurra objektu, euskarri eta bizigarri bezala baina bai bizimodua espazio batean bilatu nahi izan diat. Era horretarako landu nahi izan diat.

Zer kontu esan dizkik euriak?

Dezente. Batzuek entzuten jakin eta beste asko erretenean behera joan, baina bakarren batzuk jaso ditiat. Euriak badik halako topiko bat nostalgiarekin lotzen duena, egokitze indar handi bat. Liburu horren atzean bazegok halako bizi-nahia, baina ipuinak gaiztoago jorratzeko bidea ematen dik. Tartean ironia pixka bat eta baita ere gure barne historiaren kontraesan gogor samarrak; bai gure eguneroko bizitzarekin lotutakoak eta baita gure delako "gatazka" honen inguruko beste zenbait gauza. Horrekin lotuta gure filiak edo maitasunak. Bailara hau eta inguru gertuak. Haurtzaroak norbere kezka zibilak modu narratibo batean kontatzeko bidea eman zidaan.

Lehen lau liburuetan poesia idatzi duk eta bosgarrenean narrazioa, zer dela eta aldaketa?

Ez zekiat garbi zergatik, barruak eskatuko zidaan ziur aski. Ez diat uste neure buruarekin erronka izan zuanik. Probatu nahia nian, asmatuko ote nuen poz hori banian. Idazten lehorra nauk zentzu eskatologikoan, ez nauk libratzen, buelta asko eman behar izaten zizkioat ideia bati argitaratzeko baduk. Zailago egiten zaidak prosa. Poema bat egitean behar den alditan galbahea pasa zitekek. Idazle batzuk esaten ditek gozatu egiten dutela idazten eta erraz egiten dutela. Niri kosta egiten zaidak gehienetan.

Emanaldiak ere egin dituk herriz herri, zer eman dik horrek?

Asko. Bazegok kontraesan bat, batetik jendearenganako komunikazioa bilatu behar duk, bestetik norbere barrua ahal dela agerian jarri eta biak batera egiten askotan nik ez diat asmatu. Poesiak trinkotasun bat eskatzen dik, adierazi nahi denaren konplexutasunak lotuta badakik jendaurreko ekitaldi horietan ez haizela iritsiko komunikazio maila horretara. Nik uste emanaldiek erakutsi digutela jendearen erreakzioak jasotzen onerako eta txarrerako eta horrek eragina izan dik ondorengo idatzietan. Lur bat zure minari nekez azal nezakek aurretik emanaldirik eman gabe. Bazagok bi paretako joko bat. Garai bateko poesia ulertzeko era bat, berriro ere ahozkotasunera gerturatzeko aukera edo ahalegina duk.

Liburutik liburura lau urte gutxi gorabehera, hainbeste lan al dik idazteak?

Bai, norbere izaera zegok tartean eta askotan ez duk asmatzen gustuko tamaina hartzen. Eta erregistro aldaketa bat da gehien kostatzen zaidana. Aurrekoak ez dian zerbait eskaini nahi eta nekez lortu izan diat hori eta batzuetan gainera uste diat ez dudala lortu. Nik bizi diat borroka hau, eta kontuan hartu behar duk autoexijentzi maila eta inguruan zer ikusten den, jende asko zegok eta gazteak indartsu zatozte eta horrek errespetua sartzen dik. Ezin duk ahora edo paperera etorritako aurrena bota.

Hori ez al duk izango idazteko irakurlearen presiorik sentitzen ez dualako.

Sarritan sentitzen diat idatzi beharra. Gauza txar asko eta asko ditiat idazten ditudanak, baina nire lan prozesua edo metodoa halakoxea delako. Gauza asko joaten dira zakarretara, normala gainera. Zerbait ateratzeko garaia iristen denean hasten da prozesu neketsua. Idaztea gozagarria da, iragazkia pasatzea da neketsua. Heure buruari fiskala jartzen dioanean sarritan pentsatzen duk: -honekin ez hoa inora, hau etxerako ere ez zegok ondo eta!- heure lotsaren neurria zein den.

Proportzioa begiratuta, hurrengo liburuak oraintxe behar dik!

Ez niake hala esango! Ez diat gauza garbirik ikusten aspaldian. Gauza solteak ikusten dizkiat nondik jo nezakeen edo baina... Berrogei urterekin ikusten ez direnak akaso berrogeita bostekin ikusten dituk! Ez duk adin kontua soilik, bizitzaren haizeak nondik jotzen duen ere baduk, tarteka barruko aldamioak mugitzen dizkik eta... Bizitzak nondik astintzen hauen bide hori aukeratzen duk, nik uste liburu askoren atzean bizikizunak daudela. Nazioarteko egoerak, herriko arazoek eta lagun arteko giroak ere asko eragin zezakek. Kezka horiek erantzun bat eskatzen ditek, errota martxan jartzen ditek baina batzuetan irina irteten duk eta bestetan zahia.

PAREAK BAI

  • Zer zagok hire buruan. Ez niake jakin nahi, badaezpada.
  • Zer hire zakarrontzian. Bazkari kondarrak, bankuko paperen bat...
  • Idazteko arrazoi bat. Esan beharra.
  • Ez idazteko. Bizitzak jarritako oztoporen bat.
  • Gustuko leku bat. Etxeko bulegoa.
  • Momentu bat. Berezirik ez.
  • Amets bat. Denak gu bezain ondo bizitzea.
  • Amets gaizto bat. Traizioan erortzea.
  • Idaztea ala pentsatzea. Pentsatzea.
  • Irakurtzea ala errezitatzea. Irakurtzea.
  • Poesia nori. Nahi duen hari.
  • Nori ez. Aurrekoarekin erantzun diat.
  • Hiru poesia liburu: Sarriren ahozka ezina den liburu hori (Hnuy illa nyha majah yahoo liburuaz ari da); Arestiren Harri eta Herri; eta Aranbarriren Harrien Lauhazka
  • Hiru narrazio liburu: Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri, Koldo Izagirrerena; Antton Lukuren Botoileta; eta Juan Luis Zabalare Agur Euzkadi
  • Ikuskizun bat. Joxean Artzeren Mundu ttiki bat da gizona eta gizon handi bat mundua
  • Poeta bat. Koldo Izagirre

ARGITARATUTAKO LIBURUAK

Egunsenti biluzia (Ustela, 1980)

Azken undinaren kaira (Ustela, 1983)

Zainetan murrailak (Susa, 1987)

Poza eta gero (Susa, 1990)

Lur bat zure minari (Susa, 1995)

Bakarrik bahago neguan (Pamiela, 1998. Bilduma)

Euri kontuak (Susa, 1999)

XX: mendeko poesia kaierak (Susa, 2000. Bilduma)

Poema politikoak (Susa, 2001)

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu