74 auto gidari izango dira V. Ikasberri Rallysprintean

Urola-Kostako Hitza | Kirolak
2004ko mar. 31a, 19:03

  • Larunbatean izango da auto lasterketa Azpeitia eta Bidegoian artean
  • "Apalantza eta bion arteko borroka izango da larunbatean", dio Iñaki Alberdi gidariak

Bosgarren aldiz egingo da aurten Ikasberri Rallysprinta; larunbatean, apirilaren 3an, izango da Azpeitia, Errezil eta Bidania arteko GI-2634 errepidean. 15:00etan emango zaio irteera lehen autoari. Lasterketa bukatu bitartean errepidea itxita izango da eta Urraki aldeko bidea hartu beharko dute Tolosa aldera joan nahi dutenek.

Asteartean, Donostian egin zen auto lasterketaren aurkezpenean, besteak beste, antolatzaileak eta laguntzaileak bildu ziren. Azpeitiko Ikasberri Ikastolaren izenean, Joxe Aranburuk, probaren antolaketaren arrazoiak azaldu zituen: "Bosgarren urtez, aurten ere, Lagun Artea eskuderiarekin batera Rallysprinta antolatzera animatu gara. Izan ere, azken boladan euskalgintzak bizi duen egoera ez da samurra, eta ikastolak ere egoera horretan murgilduta gaude. Beraz, proban parte hartuko duten auto gidariak eskertu nahi ditugu, eta baita ikustera joango diren kotxezaleak ere. Bestetik, ezin ditugu ahaztu lasterketaren antolaketarako laguntza ekonomikoa eskaini dutenak".

Auto lasterketa Euskadiko Rallysprint txapelketarako puntuagarria da; baita Kopa RAC Vasco- Navarro-rako ere. 74 auto gidarik eman dute izena larunbaterako; hala bada, antolatzaileek uste baino parte hartze zabalagoa izango du probak. "Guk genituen aurreikuspenak gainditu egin dira. Hasieran parte hartzeko muga 60 autotan jarri genuen, baina izen-ematea nola zihoan ikusita, aukera zabaldu beharra izan dugu. Inor kanpoan uzterik ez dugu nahi izan", zioen Michael Del Cid Lagun Artea Eskuderiako kideak eta auto lasterketaren zuzendariak.

Auto gidari ezagunak

Parte hartzaileen artean gidari ezagunak daude, eta dagoeneko faboritoen izenak ere entzun dira antolatzaileen artean: Ramon Apalantza errezildarra (Mitsubishi EVO VI), Iñaki Alberdi azpeitiarra (Renault Megane Maxi Kit Car) eta Luciano Arrabal bizkaitarra (Mitsubishi EVO V) dira tartean. Del Cid-en esanetan: "Apalantzak aukera asko ditu, baina aurkari gogor bat ere izango du, hori Iñaki Alberdi izango da". Baina, hiru auto gidari horiez gainera beste batzuk ere aurreko postuetan ibiliko direla uste da: Joseba Zapirain (Seat Ibiza Kit Car), Joxe Labaka (Ford Scort Cosworth), Santi Artetxe (Peugeot 206 S1600), Josetxo Zapiain (Renault Megane Maxi Kit Car), Xabier Alustiza (Seat Ibiza Junior), Xabier Lasa (Renault Megane Coupe) eta abar. Auto gidari berriei aukera emateko, lasterketan juniorren arteko txapelketa ere jokatzen da eta gidari gazteak parte hartzen dute.

Antolatzaileek, bereziki ikusleei zuzendu zitzaizkien auto lasterketaren aurkezpenean: "karrerraren garaian, leku seguruetan eta altuetan jartzeko eta proban zehar egoten diren antolatzaileen esanei kasu egiteko eskatzen diegu ikusleei". Iaz, zortzi mila ikusle joan ziren Ikasberri Rallysprintera eta aurten "beste horrenbeste" izatea espero dute. Lekuak "garbi uzteko eta zaborra ahal bada norberak jasotzeko edota zaborrarentzako ontzietan uzteko" ere eskatu zuten.

IÑAKI ALBERDI-auto gidaria

Larunbatean korrituko du aurtengo lehendabiziko, auto lasterketa V. Ikasberri Rallysprintean. Ramon Apalantza errezildarrarekin batera, faboritoen artean dago Iñaki Alberdi auto gidari azpeitiarra. "Gogo handiarekin" dago Alberdi larunbateko karrerarako.

Apalantza eta biok lasterketako faboritoen artean zaudete.

Ramon Apalantzak iaz suerte oso txarra izan zuen, baina aurten oso ondo ari da korritzen. Proba batetan bigarren egin du, eta Gabiriko proba irabazi egin zuen. Aurkako oso gogorra da Apalantza, eta bion arteko borroka izango da larunbatean. Gainera, ibilbidea haren etxerako bidea da eta oso ondo ezagutzen du. Nik, neronek ere bidea ezagutzen dut eta ahaleginak egingo ditut ondo ibiltzeko.

Iaz ibilbidea aldatu egin zen eta aurten ere handik izango da. Nolako ibilbidea da?

Oso polita da ibilbidea. Berez, Urrakiko ibilbidea —lehen egiten zena— konplikatuagoa da. Eta Errezilgoa, aldiz, azkarragoa da eta gune batzuetan kontuz ibili beharrekoa da, zuhaitzak gertu daudelako. Hala ere, ikusleen jarrera eskertu beharrekoa da, lasterketa ikusteko leku altuetan jartzen delako. Hori bai, Urraki mitikoa eta oso polita da.

Jende asko kexatzen da aurreko egunetan-eta autoak azkar ibiltzen direlako.

Ez daukate arrazoiaren faltarik. Hala ere, korritu nahi duenak entrenatzea nahi izaten du. Errezil bidean, baserrietarako bidegurutze asko daude eta azkar ibiltzea arriskutsua da. Onena egun zehatz bat jartzea litzateke, entrenatu nahi duenak horretarako aukera izateko.

Bidali:  

Erantzunak

AX team | 2004-04-01 : 12:04

Ez ahaztu gurekin, guk ere gerra handia ematen dugu gure neurrian eta

ekologiye, ingurumena, itoitz, natual ezie | 2004-04-01 : 21:04

Ikastola bat ralliye antolatzen, hau dek mundue.

124 topeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeee | 2004-04-03 : 12:04

ostiyek oain eztek ibiltzen baño len apalantza ta danan gaiñetik malkortxo zoan aldamenetako belardiyek astintzen!or or malkortxo oain i olaxe segi eroskiko furgonetiekin.
cortiek buaaaa papapapapapapappapapaa

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu