Leire Agirre: "8C maila egitera iritsi nahi dut"

Urola-Kostako Hitza 2004ko mar. 30a, 20:03
  • Larunbatean, beste egitasmo batekin batera, Leire Agirrerenak ere Joxe Takolo Beka jasoko du
  • Elkarrizketa irakur daiteke hemen

Goizeko entrenamendua egin eta gero jarri zuen zita Leire Agirrek Hitzarekin. Kafe bat hartuaz, bere azken asmo eta proiektuen inguruan aritu zen. Larunbatean, Joxe Takolo Beka jasoko du berak aurkeztutako Ametsak mugimenduan noraino? 8C-aren kateraino egitasmoak, udaletxean, 12:00etan, Trangoko Dorreak proiektuarekin batera.

Aurtengo Joxe Takolo bekak zure egitasmoa lagunduko du. Nolako egitasmoa da zurea?

Joxe Takolo bekara 8Cren proiektua aurkeztu nuen, helburu on bat edukitzea nahi nuelako. Goi mailako errendimenduan, hiru-lau urte gelditzen zaizkit eta denbora horretan, zerbait interesgarria izan nahi nuen eskuartean. Eta 8C egitera heltzea, eskalada mailan eragina izango duen helburu bat da.

Hiru lau urte gelditzen zaizkizula?

Bai, 30 urte egin behar ditut. Eta, 8C egitera iritxi nahi dut, ea aurten 8B+ mailako bi ibilbide egiten ditudan, eta datorrenean 8C egitea lortzen dudan. Helburu zehatz bat eduki nahi dut, eta ez urtean zehar hamar txapelketa edo egin eta hiru-lau modalitatetan ibiltzea. Helburu bat hartu eta pare bat urtetan saiakera hori egin nahi dut. Orain ikusten naiz kapaz, helburu hori egiteko.

8C maila egiteko planifikazio bat ere izan beharko duzu ezta?

Goi mailako zentrua, Faduran, Getxon dago; han entrenatzaileak eta medikuak daude. Haiek urtea, helburu batzuei begira planifikatu egiten digute. Azken bi hilabeetan gogor ari naiz entrenatzen. Baina, azkenaldian euri asko egiten ari da eta barruko entrenamenduak egiten nabil; arkaitza bustita dago eta. Aste Santutan, Kataluniara joango naiz astebeterako, haitzean entrenatzeko asmoarekin. Egia esanda, haitzean entrenatzeko gogo biziz nago.

Eta txapelketaren batean parte hartzeko asmorik ba al duzu?

Bai, zenbait txapelketara joango naiz. Baina gutxi batzuetara eta kalitateko txapelketetara bakarrik joango naiz. Lehen, zenbait urtetan 20 txapelketetan parte hartuz eta ibili naiz. Baina, orain txapelketen kontua beste era batetara hartu nahi dut, dauzkadan kualitateak haitzean eskalatzera bideratu nahi ditut. Udazkenean, bi-hiru txapelketa egingo ditut, irailean ziurrenik Espainiako txapelketara ere joango naiz eta Frantzian izaten den beste batean ere parte hartzeko asmoa dut.

Orain orduan 8C maila egitera, buru belarri jarrita zaude?

Bai. Noiz egingo dudan ez dakit, baina helburu hori jarri diot neure buruari. Mundu mailan hiru emakumek besterik ez dute egin: Josune Bereziartuk, Araotzen egin zuen; Liv Sansoz frantziarrak AEBn egin zuen 2001ean eta Marieta Uhden alemaniarrak 2002an egin zuen Alemaniako hegoaldean. Zailtasun handiko maila da 8C, fisikoki eta psikologikoki %100ean egon behar da, mugimendu guztiak ondo egin behar dira, une egokia izan behar da. Azken batean gailur bat egitea bezala baita.

Zein da zure maila?

Nik egin dudan biderik zailena 8B+ mailakoa izan da, 1999an egin nuen. Orduz gero 8Bko bost bide egin ditut Aurten 8B+ko beste bi bide igo nahi ditut, aurreko urtean landu nituenak; Araotzeko Korea sektorean daude biak. Eta hauek egiteko garai onena uda-udazkenean izaten da.

Larunbatean jasoko duzu beka. Pozik hartuko zenuen jaso izanaren berria, ezta?

Bai, pozik hartu nuen berria. Azken finean 8C maila egiteak ahalegin handia eskatzen du eta konpentsazio bat da beka. Kirolariak gauza onak egiten ikusi nahi baikaituzte, laguntzak behar ditugu horretarako; bestela beste nonbait lanean hasi beharrean ginateke. Poztu egiten zara herriak laguntzen zaituela ikusita; motibazio puntu bat da.