Azpeitian EAJ izan da nagusi, eta Bergarako Ekimena bigarren indarra

Uztarria | Herria
2004ko mar. 15a, 19:03

Azpeitiko emaitzen grafika (Egilea: uztarria)  Argazki originala

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan bozkatzeko aukera zuten milaka herritar joan ziren botatzera atzo. Izan ere, oso abstentzio kopuru txikia egon zen (%25,59), beste herrietan gertatu zen bezala.

Azpeitian EAJ izan da irabazle, oso erraz. Atzo herriko mahaietan ateratako ondorioaren arabera (alderdiek pasatutako datuak lortu zituen Uztarriak), 3.807 boto bildu zituen EAJk, eta ia 2.500 botoko aldea atera zion bigarren indarrari.

Uztarriak egindako batez besteko kalkuluen ondoren (Bergarako Ekimena ez da ofizialki aurkeztu hauteskundeetara, eta autodeterminazioaren aldeko bozka eskatu zuen, boto-paper eta guzti; haiek emandako datuak kontuan hartuta egin ditugu kalkuluak), Azpeitian EAJk %45,96 lortu zuen. Bergarako Ekimena izan da bigarren indarra, %17,08arekin. EAk %16,13 lortu zituen; PSE-EEk %6.39; Aralar-Zutik koalizioak %5,85 (atzo mahaietan bildutakoaren arabera, 485 boto; datu ofizialen arabera, 450); PPk %5,35 eta IU-EBk %2,97 inguru.

Datu guzti-guztiak, hemen daude

Balorazioak

Alderdi politikoetako kideek honako balorazioa egin diote Uztarriari atzoko hauteskundeei buruz:

Ramon Etxeberria (EAJko Azpeitiko lehendakaria)

"Aurreko hauteskundeetan baino %18 gehiago atera dugu eta pozik gaude. Orain ikusi egin beharko da PSEOrekin zer gertatuko den, baina lehengoa baino txarragoa ez da izango. 1986. urtetik aurrera, beti goraka goaz, eta horrela jarraitzea espero dugu. Ez dira hauteskunde normalak izan, baina pasatutako gauzen ondorioz egoera hobera joango dela uste dugu. Gure alderdiak 24 urte daramatza agintean eta oraingoan ere bere mailari heldu dio".

Miren Odriozola (Habeako ordezkaria Udalean eta Bergarako Ekimenaren bultzatzailea)

"Lehenik eta behin esan, hauteskunde hauen nondik norakoak aztertu behar direla emaitzak ikusi aurretik. Azken egun hauetan batez ere, eta kanpaina osoan zehar, ezker abertzaleak izan dituen eraso eta bazterketak aipatu behar ditugu. Bestetik, herrian bigarren indarra gara; 1.417 boto jaso ditugu. Egoera honetan, gu gustura gaude atera dugun emaitzarekin, ez genuen espero horrelakorik. Errealitate honen aurrean beste alderdiek ezin dituzte begiak itxi. Boto hauek Euskal Herriaren autodeterminazioa lortzeko eta gatazka konpontzeko botoak izan dira. Guk konpromisoa hartzen dugu elkarrizketa bultzatzeko eta gatazkaren soluzio bidean bake justua bilatzeko, eta herriko beste alderdiei eskatzen diegu ardura politikoa har dezatela gatazkari irtenbidea bilatzeko eta autodeterminazioaren aldeko milaka botori muzin ez egiteko. Gure eskua beste alderdi abertzale guztiei luzatuta dago hori guztia lortzeko".

Manuel Unanue (EAko Azpeitiko lehendakaria)

"Gure helburu orokorra lortu dugu. Madrilgo Gorteetan hirugarren indarra izango gara ERC eta besteekin elkartuta, eta alde horretatik oso pozik gaude. Azpeitiari buruz, balorazio zehatzik ez dugu egin oraindik baina gure boto kopuruak gora egin aurreko hauteskundeekin konparatuz, eta pozik gaude".

Manoli Uranga (PSE-EEko zinegotzia Azpeitian)

"Hauteskundeen inguruko balorazioan ez dut asko pentsatu. Izan diren gertaerak kontuan hartuta, gehiago nago familia horiekin. Odol gehiegi da herri honentzat. Horrelako gertaerak gertatzen direnean lasaitasun pixka batekin jokatzeko eta denbora hartzea nahiago izaten dut. Baina bestela, emaitzak onak izan dira, baina nik osteguneko gertakarien aurretik ere uste hori nuen, alderdi sozialistak emaitza onak izango zituela; udal hauteskundeetan ere halaxe izan zen. Denon aldetik egin beharko dugu zerbait elkarbizitza hobe baterako, horretara derrigortuta gaude. Hala ere, politikoki denbora pasatzen utzi behar dugu, arnasa hartu eta ahal dugun lasaien egiteko egin beharrekoak. Alderdi sozialistari botoa eman dioten guztiak eskertu nahi nituzke, baita besteei ere, partaidetza handia izan baita".

Julia Tercero (PPko zinegotzia Azpeitian)

"Herriak irabazi du eta hori onartu behar dugu. Zorionak ematen dizkiot sozialistei, eta Espainiak asko galdu duela esatea besterik ez daukat".

Aralar-Zutik

(Euskal Herriko zuzendaritzen balorazioa) "Hauteskunde zailak izan dira. Hauteskundeetan beti ere polarizazioa ematen da, eta azken asteko gertakariek asko polarizatu dute egoera, eta berez zailtasun handiak genituenok igarri dugu hori emaitzetan. Gipuzkoan lekuari eutsi diogu, egoera zailean ere konfirmatu egin gara, eta eta hori benetan pozgarria da".

Datu gehiago

Eusko Jaurlaritzak orain arte egindako hauteskunde guztien emaitzak kontsultatzeko aukera eskaintzen du sarean. Begiratu nahi baduzue, hona hemen helbidea: www.euskadi.net/elecciones/indice_e.htm .

Helbide horretatik, Azpeitiko datu guztiak atera ditugu, eta orri batean bildu, haiek eman bezalaxe. Ez daude oso txukun, baina norberak ikusteko, balio du. Hona hemen orrialde hori.

Espainiako Barne Sailak ere herriz herri datuak kontsultatzeko aukera eskaintzen du. Azpeitikoak, hemen dauzkazue . Datu ofizialak dira horiek.

Azken hauteskundeak Udalerakoak izan ziren, 2003ko maiatzaren 25an. Gogoratu orduko informazio guztia Uztarriak atera zuen ale berezi honetan .

Julia Tercero ez da senatari izango

Julia Tercero, PPk Azpeitian duen zinegotzi bakarra, Espainian senatari izateko aurkeztu zen atzoko hauteskundeetara, baina ez du postu hori lortu.

Orain lau urte Gipuzkoan PPk senatari bat lortu zuen; hain zuzen, Gonzalo Quiroga izan da PPren ordezkaria Senatuan. Gipuzkoan senatari izateko lau postu zeuden jokoan atzo, eta lau horietatik hiru EAJkoak izango dira eta bat PSE-EEkoa.

Bidali:  

Erantzunak

aitor | 2004-03-15 : 11:03

zorionak ezker abertzalea!
errepresio mota guztiak bizi izan dituzue. Alderdi guztiak gezurretan oinarrituz madrileko gertaerak aprobetxatu dituzte ezker abertzalearen aurka egiteko, telebista guztietatik kanpo geratu da ( eitb barne! ) eta hala ere 110000 bozkatik gora. Hori beste zein alderdik du jasateko balorea eta hainbeste bozka lortzeko gaitasuna? inork ere ez, ez euskal herrian eta ez munduan.
zorionak! duintasunak izen abizenak baditu, hori ezker abertzalea da.

Julia tercero-ren alderdia | 2004-03-15 : 14:03

julia terceroren alderdi criminalak,ainbeste hildako iraqen
eragin dituen alderdiak zorionez beeruntz doa.Nik galdera
bat daukat:ez al dio lotsarik ematen emakume horri
ainbeste hildako ta erri oso bat suntsitzea erabaki duen
gonernu baten partaide izetie?ze eskubidekin zabiltzatze
iraqen zure alderdiyek bialduteko tropekin?
konturatzen al da emakume hau mundu osoan bi alderdi
politikok bakarrik erabaki dutela iraqeko sarraskia egitea,
bat bush-en alderdiak ta bestea julia tercero dagoen p.p.
aderdiak,gobernuz kanpo daon alderdia estatu espaƱolean

Zailtasunak alderdi askoerentzat | 2004-03-17 : 12:03

Neuk ere zoriondu behar dut ezker abertzale ortodoxoa, bizi duten egoeran 120.000 botu lortzea arrakastatsua eta lan askoren fruitua dela uste dudalako. Halere badaude beste alderdi batzuk ere zailtasun ugari izan dituztenak euren hauteskunde kanpaina nolabaiteko normaltasunez burutzeko; hala nola Aralar-Zutik koalizioa. Ezker Abertzalerko sektore batek bere ekintza guztiak boikotetatu ditu, kartelak arrankatu...beldurra zabalarazi ixilik gera daitezen eta ZUTIKeko IruƱeako sedeari lehergailua jartzea, beno NO COMMENT!Eta PNV,EA,ARALAR hiltzaileak oihukatzea guztiz lekuz kanpo dago. Ez zait justua iruditzen Ezker Abertzale ortodoxoak jasan behar duena ilegalizazioaren ondoren baina zuek berdina egitea Aralar-Zutikekin ez da bidezkoa nahiz eta ez duten ondo jokatu nere ustez azken egunetan. Azken finean errore politikoak denak dituzte, Ezker Abertzaleak ere, edo ez? Fanatismoak ez garamatza inora,inoren fanatismoak esan nahi dut.

ERRORE POLITIKOAK | 2004-03-17 : 14:03

Herri honetan bizi dugu egoera ez da batere erraza, eta nire balorazioa egiten saiatuko naiz. Aurrekoa idatzi duenak dio ez dela bidezkoa Ezker Abertzaleari egiten zaiona, baina honek ere gauza bera egitea ez dagoela ondo. Barkatu, baina ez dut uste Madrilgo atentatuaren ondoren Ibarretxek, Patxi Zabaletak eta Sarasuak egindako deklarazioak errore politikoak izan zirenik. Erabakia duten estrategia politikoan txertatu beharreko erabaki bat izan zen; asuntoa da, denborak Ezker Abertzaleari arrazoia eman diola, eta horren ondoren guztia Acebes-en akats bezala saldu nahi izan dutela Ibarretxek eta Zabaletak. Ezker Abertzalea PPk ilegalizatu du, bai. Baina EAJ-k eta Aralar-ek egoera horri ahalik eta aprobetxamendu handiena ateratzeko estrategia jarri dute martxan. Ezker Abertzalea mapatik desagertarazi nahi dute; horregatik diot ez zela errore politikoa izan. Anbizioaren ondorioz hanka sartu zuten, esan zituztenak esateko zuten planteamendu politiko berdinekin jarraitzen dute gaur ere: Ezker Abertzalearen ordez Aralar kokatu eta kitto. Eta hortara datoz azken egunetan Ibarretxek ezker abertzaleari gezurti esatearena, denuntzia sartuko duela Hernaniko asuntoagatik. Ezker Abertzaleari, ostegunetik gizartearen aurrean irabazia duen kredibilitatea kendu nahi dio. Baina jakin, badakigu bide horretatik bakerik ez dagoela; ezker abertzalea zerbait bada, egoskorra da. Eta ausarta. Eta bide horretatik bakerik ez badago, zergatik jarraitzen dute EAJ eta Aralar-ek hortik? Bakea al da euren lehentasuna? Hala "euren" bakea da lehentasuna? Hitz berdinekin bi esanahidun bi esaldi. nire ustez, euren bakea da lehentasuna, alegia, ezker abertzalerik gabeko jokaleku komodo batean gizartearen aurrean abertzale bakarrak izatea.

erroreak errore | 2004-03-18 : 18:03

Benetako gatazka gurea ote? Eta hau diot, eguna joan eta eguna etorri, gure inguruan dagoen egoeragatik, beti besteak kulpa izateak ez dugu ezer konpontzen. Nik ez dut nahi baten pakea edo bestearena. PAKEA bakarra izan behar du eta denok disfrutatzekoa. Erroreak denok izan ditugu eta aurrerantzean ere horrela izango da, zalantzarik gabe. Dena den goikoari esan, bakoitzak bere bideari jarraitu beharko diola,seguruenik bateratze hori ezinezkoa izango delako eta oso irakurketa erraza egiten diot nik neuk. EZKER abertzalea izateagatik bada bere pentsamendutik kanpo gelditzen delako ezker horretatik kanpo gelditzen dena. Eta argi dago hemen ez dela dena ezkerra eta abertzalea. Beraz, bakoitzak atera bere kontuak eta erruak bere ikuspuntutik ausnartu eta ea posible den besteekin sartu gabe lotzen gaituen zerbait sortu bestela ....

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu