Joxe Takolo 2003 Bekan egitasmoak aurkezteko epea ireki da

Uztarria.eus | Kirolak
2003ko ira. 2a, 17:09

Joxe Takolo 2003 Beka lortzeko mendi egitasmoak aurkezteko epea irekita dago. Beka honek goi mendizaletasunarekin lotutako maila handiko eta orijinaltasunezko proiektuak bultzatzea du helburua.

Azpeitiko Udalak pasa den uztailaren 21ean onartu zituen 2003rako Joxe Takolo Bekaren baitan dirulaguntza emateko oinarriak eta abuztuaren 11n Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eman zen erabakiaren berri. Egitasmoak aurkezteko epea irekita dago dagoeneko eta urriaren 31 izango da azken eguna. Egitasmoak Azpeitiko Udaleko Erregistroan aurkeztu behar dira.

Oinarriak

-Onuradunak: Euskal Herriko Mendi Federazioko kideak izanik helburuarekin bat datorrena.

-Eskarien aurkezpena: eskariak Azpeitiko Udaleko Erregistroan aurkeztu behar dira urriaren 31 baino lehen. Eskariarekin batera honako agiriak aurkeztu behar dira: Eredu ofizialeko instantzia beteta, diru laguntzea eskatzen den egitasmoaren arduradunaren nortasun agiriaren fotokopia eta egin nahi den proiektuaren idazkia eta aurrekontua.

-Azterketa eta beka ematea: Batzorde Tekniko bat osatuko da erakundeen hiru ordezkarik eta gaian adituak diren zazpi kidek osatua eta batzorde honek aurkeztutako proiektuen artean Beka emateko ebaluazioa egingo du. Honako irizpideak hartuko dira kontuan: jardueraren kalitatea, entitateak bere jarduera-eremuan agertu duen ibilbidea, jarraipena eta egokortasuna, partaide kopurua eta jardueraren iraupena eta zabalkundea, jardueraren finantziazioa, antolatzeko azpiegitura eta giza-baliabideak, kirol eta gizarte-mailan jarduera horrek duen interesa, antzeko kirol programa edo eskaintzarik ez egotea eta jarduera kualifikatutako pertsonal teknikoak garatzea.

Beka nori emango zaion erabakiaren berri azaroaren 15a eta 30a artean emango da.

-Dirulaguntza ordaintzea: Beka abenduaren 15a eta 30a artean ordainduko da oso-osorik.

-Irabazlearen betebeharrak: Dirulaguntza jaso duen jardueraren informazio, publizitate eta propoaganda guztian Joxe Takolo Bekaren laguntza adierazi beharko du. Eta horretarako antolatuko diren ekitaldien bidez, burutu esperientzia zabaltzen lagunduko da.

-Aurrekontua: Joxe Takolo Beka 3.606 eurokoa izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Azpeitiko Udalak finantziatuak.

Hirugarren urtez

Joxe Takolo Beka 2001ean sortu zen, eta lehen beka Pumoriko espedizioak jaso zuen orduan. Bigarren beka iaz eman zen eta Elgoibarko Nanga Parbat 2002 espedizioak jaso zuen. Aurtengoa, beraz, hirugarrena izango da.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu