Aranguren eta Zulaika azpeitiarrak Lagun Onak-eko entrenatzaile, eta Iraurgikoa Encinas donostiarra

uztarria | Kirolak
2003ko uzt. 28a, 15:07

Aldaketak daude herriko bi talde nagusietako aulkietan: Lagun Onak futbol taldean eta Iraurgi saskibaloi taldean. Hain zuzen ere, Uztarriak jakin duenez, Joseba Aranguren eta Aitor Zulaika azpeitiarrak dira Lagun Onakeko entrenatzaile berriak, eta Iraurgikoa Lolo Encinas donostiarra.

Ez Jose Luis Riberak Lagun Onak futbol taldean ez Dan Lertxundik Iraurgi saskibaloi taldean ez dute segituko lehen entrenatzaile postuetan, eta, beraz, entrenatzaile berriak aurkitu beharrean izan dira bi klubak beren lehen ekiporako.

Ribera azkoitiarra Realaren talde teknikora pasatu da, eta handik Eibarrera, Espainiako Bigarren A Mailara, denboraldi honetarako, Jose Mari Amorrortu lehen entrenatzaileak berari laguntzeko eskatuta. Bi urtean egon da Ribera Lagun Onaken, eta lehengo urtean taldea Preferentetik Hirugarren Mailara igo zuen. Azkeneko denboraldian taldeak maila txukuna eman du.

Joseba Aranguren eta Aitor Zulaika azpeitiarrek hartu dute haren lekua Lagun Onakeko aulkian. Biak ere azkeneko urteetan bertan egon dira, Riberaren laguntzaile, eta orain ardura berria dute. Ez bat ez bestea ez dira inoiz lehen entrenatzaile izan. Urte asko dira Lagun Onaken entrenatzaile azkeneko aldiz azpeitiar bat izan zenetik.

Arangurenek 37 urte ditu, eta bere garaian atezain izan zen Reala Bn, Pontevedran, Almerian, Mollerusan eta Lagun Onaken bertan. Zulaikak 25 urte ditu, eta, entrenatzaile titulua ateratzen ari bada ere, batik bat prestaketa fisikoan da aditua. Arangurenek Uztarriari esan dionez, “erantzukizun handia” da postu berria beraientzat, eta “Hirugarren Mailan segitzea da helburua”. Lagun Onakeko plantillari dagokionez, oinarrian azkeneko denboraldikoa izango da. Iparragirre Pitu-k eta Mikel Iruretak futbola utzi egin dute, Josu Olaizola Eibarrera itzuli da eta Asier Otegi Beasainera joan da. Altak: Josu Aranburu azpeitiarra —Mikel Aranburu Realeko jokalariaren anaia— eta Jon Sarriegi —Iker Sarriegi Realeko jokalari ohiaren anaia—.

Iraurgin ere aldaketa

Iraurgin, berriz, Lolo Encinas donostiarra izango da lehen taldeko entrenatzailea. Dan Lertxundi entrenatzaile zarauztarrak utzi egin du ekipoa, eta Iraurgik Atletico San Sebastianetik fitxatu du Encinas. Lertxundirekin Iraurgik maila ona eman du, azkeneko denboraldian taldeak I. Autonomikoko igoera-kanporaketa jokatu zuelako, EBAra igo gabe azkenean.

Plantillari dagokionez, Lizak eta Eñaut Aranbarrik utzi egin dute Iraurgi (aurrena Zaragozara doa ikasketak egitera eta bigarrenak Atleticon fitxatu du). Alten artean, Kepa Ibarzabal dago (berriro hasiko da jokatzen). Iraurgik beste pare bat fitxaketa egin nahi ditu; haien artean, fitxaketa garrantzitsu bat.

Bidali:  

Erantzunak

Ondo, eta zorionak! | 2003-07-29 : 17:07

Ondo: bi azpeitiar gazte entrenatzaile herriko futbol talde nagusian. Eta zorionak Pituri. Honek ere merezi zuen ba txupinazoa botatzea.........

lagunonak | 2003-10-12 : 22:10

gora azpeiti bi entrenatzeye onenak ta zulaika oan ziok pa!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu