Urrestildarren altxorra kalean da

Uztarria.eus 2003ko mai. 9a, 19:05

Hamar eurotan salgai dago gaurtik aurrera Urrestillako denda eta tabernetan

Urrestillatik datoz kantari, Urrestillako eliza kantuak eta kanta herrikoiak jaso dituzte Urrestillako musika altxorra CDan. "CD hau egin dugun guztiok Urrestillan jaio ginen. Maite dugu Urrestilla, umeak ginela Urrestillak gu maite izan gintuelako. Urrestillak eman zizkigun gero bizitzan hain baliagarriak izango zitzaizkigun gauza asko: hizkuntza, kultura, nortasuna eta kantua...", hala dio CDarekin batera argitara eman duten eta gaur bertan aurkeztu duten liburuxkako hitzaurreak.

Urrestillako plazan, Antxieta elkartean, izan da Urrestilla musika altxorraren aurkezpena. Mahaiaren atzean, CDak aurrez aurre hartuta hiru urrestildar izan dira: Pako Aristi, Mikel Berasategi eta Aitor Arruti. Hiruak ere CD hau egiten Urrestillako koruarekin batera lanean jardun dutenak. Mahaiaz bestalde, hauek esandakoari adi, koruko partaide batzuk eta bertsoak egiten parte hartu duenetako bat, Jose Mari Lasa Zamaiye. Gaurtik aurrera hamar eurotan jarriko dira saltzen CDak Urrestillako taberna eta dendatan eta gero, Azpeitian jartzeko asmoa ere azaldu dute.

Errepertorio aberatsa

Pako Aristik hartu du lehen hitza, diskoaren nondik norakoak kontatuz. "Juxtu urte bat da asmo honekin hasi ginela. Urrestillako koruan errepertorio aberatsa zegoen, XIX. mendeko partiturak zeuden. Errepertorio ikaragarria, aberatsa eta pieza zaharrak zeuden gordeta". Urrestillako koruak abesten dituen kanten artean batzuk esku izkribuak dira; beste herri batzutan kantatzen ote diren aztertzen ere ibili dira urrestildarrak, baina Aristiren esanetan kanta batzuk Urrestillan bakarrik kantatzen dira.

Urrestillako herriak koruarekin izan duen harremana "berezia" izan dela esan du Aitor Arrutik aurkezpenean: "koruan betidanik urrestildar asko izan da. Egun bereziak badira Urrestillako eliza bete egiten dena; zahar eta gazteek lotura berezia dute. Gaur eguneko koruarentzako erronka berezia izan da CD hau grabatzea, grabazioa, disziplina… Eta hor egindako ahalegina eskertzekoa da".

Musika herrikoiari ere erantzun bat ematen saiatu dira urrestildarrak. Ondorioz gaur egungo bertsolari eta bertsolari zaharren bertsoak jaso dituzte diskan. *Gazte andariñak, Jose Inazio Etxeberria Otalaztegirenak, Jon Gurrutxaga eta Mikel Berasategik kantatuak, Lehengo Urrustil Jose Mari Lasa Zamaiyek egin eta kantatuak, Gaurko gorabeherak Ruben Gorrotxategik eginak eta kantatuak. Mikel Berasategik, Urrestillako musika herrikoian Antton Aranaga Auntxa zenak izan duen garrantzia azpimarratu du. "Auntxak berak konposatzen zuen musika eta gogoan dut nola jarduten zuen horretan. Diska bat ere atera zuen. Kepa Junkera beragana etorri ohi zen, Tapiak eta Mikel Laboak ere bere piezak jotzen zituzten. Iparraldean jo zuen lehen hegoaldekoa ere Auntxa* izan zen". Bi bertsolariren — Zamaiye eta Ruben Gorrotxategi— lanekin gaur egungo eta lehengo garaiak uztartu dituzte. "Kronista lanetan jarri ditugu biak, Zamaiyeri lehen ikusten zuena kontatzeko eskatu genion eta Rubeni gaur egungoa. Bien artean Urrestilgo aldaketak erakusten dizkigute bertsotan", dio Berasategik.

Urrestilla Euskal Herriko mapa kulturalean lekua eginaz

Urrestillako musika altxorra ez da elizako eta herriko kanta, bertso eta doinuak jasotzen dituen diska soilik. Urrestildarrak Urrestillaren izaera mantentzeko egindako ahaleginaren fruitu bat da. "Urrestilla herri txikia da. Gaur egun etxe berriak egiten ari dira bertan eta horrek herri txiki baten kulturari erasan egiten dio. Herri txiki askok kanpoko jendearekin galdu egiten dute nortasuna. Lotarako herri bihurtzen dira edota asteburuetan turismoa egiteko leku. Herri hori utzia eta gainbehera dator. Horren aurrean Urrestilla borrokan ari da bere izaera mantentzeko. Urrestilla Euskal Herriko mapan aspalditik dago eta kultura musikalaren mapan jarri nahi izan dugu. Konpakto bat baino gehiago da, jende askok egin duena eta urrestildarrak dira azaltzen diren denak. Urrestildarren aberastasuna jaso dugu, kanpokoak ezagutu dezan eta Urrestilla ezagutzeko bide bat da".

Aristik aurkezpenean "egunero" entzuteko diska dela azpimarratu du. "Ez da apal batean gordetzeko diska, etxean, kotxean… egunero entzuteko moduko diska da".

Diskan parte hartu duten guztien lana eskertu zuen Aristik bere solasaldian, baina bereziki bi pertsona nabarmendu zituen: Donato Aristi eta Joxe Mari Altuna Moxorro. "Iraganeko figura bezala Donato nabarmenduko nuke eta gaur egungo figura bezala, berriz, Joxe Mari Altuna Moxorro. Donato, nere aurreko Urrestillako organista, 50 urtean jardun zuen Urrestillako gazteei solfeoa erakusten eta esan daiteke bere seme-alabak garela denak. Moxorro, gaur egungo Urrestillako abesbatzako zuzendaria, tenor handi bat da eta berak ere lan handia egin du".