Hazparneko ikastola eraikin berria igande honetan inauguratuko da

Baite Euskara Elkartea 2003ko api. 25a, 13:04

Ezkia Ikastolak 112 ikasle ditu; Ikasberrik autobusa antolatu du hara joateko

Igande honetan inauguratuko da Hazparneko ikastolako eraikin berria. Inaugurazio ekitaldia 12:00etan izango da, eta Azpeititik bertara joateko autobusa 09:30ean izango da anbulategian Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta. Baiteko ordezkaritza ere joango da.

Azpeitiarekin anaituta dago Hazparneko herria (Lapurdi) eta igande honetan berri pozgarria gertatuko da han, orduan inauguratuko dutelako Ezkia Ikastolaren eraikin berria. Hasiera batean urtearen hasieran ziren zabaltzekoak (Baite Euskara Elkartearen aldizkariko 9. zenbakian argitaratu genuen bezala), baina azkenean datorren igandean, apirilaren 27an, egingo da inaugurazio ekitaldia.

Ikastolan bertan 12:00etan izango da ekitaldia, eta Azpeititik bertara joateko autobusa izango da Ikasberri Azpeitiko Ikastolak antolatuta. Autobusa 09:30ean Azpeitiko anbulategi aurretik abiatuko da, eta Azpeitira garaiz bueltatzeko asmoa da. Baite Euskara Elkarteko ordezkariak ere joango dira igandean Hazparnera.