'Loiola-Azpeitia Gizarte baliabideen Zentroa proiektua azaldu du Udalak'

Uztarria.eus 2003ko api. 4a, 18:04
Proiektua Loiolako ibilbidean kokatzen da, Esklabatako eraikina eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren arteko lursailean

Azpeitiko Udalak, alkatearen izenean, Loiola-Azpeitia Gizarte baliabideen Zentroa egitasmoaren berri eman du Azpeitiko etxeetara bidalitako gutun eta triptiko baten bidez. Proiektu honek "Azpeitiari gizarte eta ekonomi arloan aurrerakuntza garrantzitsuak ekarri" dakizkiokela azaltzen du Jose Mari Bastida alkateak.

Triptikoan proiektua "aintzindari eta fururista" bezala azaltzen da. Izan ere, "erakundeetan indarrean den eredua gainditu egiten du gune bateratuan kolektibo eta eredu asistentzial ezberdinak bateratzen" dituelako. Proiektua "integrazio eta normalizazio" irizpideetan onarritzen da, eta honela gune bakar batean giza-talde eta eredu sozial desberdinak biltzen ditu, eta talde horiei zuzendutako zerbitzuak emateko asmoa ere badu, beti ere modu bereizgarri eta pertsonalizatuan. Honela, hirugarren adina eta ezinduentzako baliabideak, haurrentzako, emakumeentzako eta familientzako ekipamenduak bilduko lituzke zentruak.

Proiektua Loiolako ibilbidean kokatzen da, Esklabatako eraikina eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren arteko lursailean. Zentru honek hainbat eraikin bilduko ditu, batzuek etxebizitzara zuzenduko dira eta beste batzuk, berriz, zerbitzuak hartuko dituzte. Honela, ezinduentzako 120 lagun bilduko dituen Bizikidetza-unitatea eta Egoitza-gunea aurreikusten dira, eta baita adin nagusientzako babestutako 40 apartamendu eta familientzat sustapen publikoko 100 etxebizitza ere. Eta zerbitzu arloan: haurtzaindegia, emakumearen jardueratako lokalak eta zerbitzu orokorrerako etxea aurreikusten dira.

Jose Mari Bastida alkateak sinatutako gutunean zentrua "enplegu eta aberastasun iturri bihurtuko" dela dio "profesionalen formazioa erraztu" eta "osasun arloko profesionalen artean hainbat lanposturen sorrera" ekarriko duelako, eta hori "kontuan izan beharreko helburua" dela era gaineratzen du.

Proiektua IƱigo Gibertek, Corta y Guibert S.L. enpresako arkitektuak, egin du eta Edurne Zubia, Azpeitiko Udaleko Gizarte Teknikaria, izan du aholkulari.

Hona hemen zehatz-mehatz proiektua zertan datzan eta irudia handituta.

Hirugarren Adinekoentzako eta ezinduentzako baliabideak

Babestutako apartamenduak: 40 apartamentu babestu, gehienez 80 lagun hartzeko adinakoak.

Apartamentu Babestuen eraikina etxadiaren hego-ekialdeko ertzean dago kokatua. Eraikin honek beheko soilarua eta gora bost solairu ditu. Behe-solairuan haurtzaindegia jar daiteke.

Egoitza-gunea: 12na pertsonentzako 6 etxebizitza: 72 pertsona

Hiru eraikinetan banatuko dira. Eraikin bakoitzak bi solairu izango ditu helburu honetarako: behe-solairua eta lehengo solairua. Beraz, guztira sei etxebizitza izango dira, bakoitza 12 pertsonentzat. Gela guztiek banakoak izango dira, era berean, bainugelak ere banakoak izan eta modu pertsonalizatuan ekipatuak egongo dira. Etxebizitzak elkarrekin lotuak egongo dira, pasabideen bidez.

Bizikidetza-unitateak: seina petsonentzako zortzi etxebizitza: 48 petsona.

Bi eraikinen behe-solairuetan jarriko dira. Eraikin bakoitzean lau etxebizitza. Gela guztiak banakoak izango dira, era berean, bainugelak banakoak eta pertsonalak izango dira. Gora izango dituzten lau solairuetan Sustapen Publikoko Etxebizitzak egingo dira. Bizikidetza-unitateetarako sarrera eta familientzako etxeetarako bat bera izango da.

Kanpokaldeko zonalde babestua, hara-hona ibiltzeko pasealekuekin

Gune segurua da, lorategi moduan jarria eta gainontzeko urbanizazioarekiko bereiztua dago, hara-hona ibiltzeko 60m luze inguruko bide batekin. Bide honek zoruak irrist ez egiteko zoladura du eta adimen-galera duten pertsonak ibiltzeko egokitua da.

Zerbitzu orokor eta komunitarioetako Etxea: Behe-solairua eta lehenengoa

Lursailaren erdian kokatuko da eraikin hau. Hirugarren Adinekoentzat eta Ezinduentzat hainbat ekipamendu eta zerbitzu izango ditu. Behe-solairuan, berriz, Eguneko zentroa jarriko da 40 pertsonentzat. Lehenengo solairuan igerileku klimatizatudun errabilitazio gela jarriko litzateke.

Pasabide estaliak

Etxebizitzak, eta batez ere Bizikidetza-unitateak, Zerbitzu Orokor eta Komunitarioekin elkartzeko pentsatuak dira. 248 metro lineal jarri dira, irrist ez egiteko zoladurarekin eta lurretik 2,40 metrora, zutabetxo metalikoen bidez eutsitako hormigoizko estalkiarekin.

Haurrentzako ekipamenduak

Haurtzaindegia: Apartamentu babestuen behe-solairuen ertz batean jarriko litzateke haurtzaindegia, guztira apartamenduen luzera-zabalera guztiaren erdia hartuz. Zero eta hiru urte bitarteko haurrentzat izango da.

Emakumearentzako ekipamenduak

Emakumearen jardueretako behe-solairuak: Egoitzara erakinen behe-solairuetan egongo lirateke kokatuak. Ekintza Positiboaren Plangintzaren barneko jarduerak burutzeko balio dezaketa, esaterako, heziketa, kultura, okupazio, aisialdiko eta denbora libreko jarduerak.

Familientzako ekipamenduak

Sustapen Publikoko Etxebizitzak: 100 izango dira eta bi Bizikidetza-unitateetan eta hiru Egoitzakoetan kokatuko lirateke. 89 metro-karratu erabilgarri ingurukoak.