Berdintasuna, justizia-kontu hutsa

ELA Sindikatua 2003ko mar. 5a, 17:03

Sobera dakigu denok mundu osoko emakumeok desabantaila handiak ditugula gizonezkoekin alderatuta. Emakume sektore batzuek aurrera egin dute azken urteotan eta desberdinatasunak gutxitzea lortu dute. Hala eta guztiz ere, bidegabekeria asko eta asko dago oraindik ere, eta alor guztietan ez da kemen berberaz egiten berdintasunaren alde. Honako datuok adierazten digute beharrezkoa dela oraindik ere mundu osoan emakumezkoen eskubideak aldarrikatzea:

  • Munduko biztaleen erdia baino gehiago gara emakumeok eta mundu osoan egiten diren lanorduen %67 egiten ditugu; aldiz, irabazien %10 besterik ez dugu jasotzen eta munduko ondasunaen %1en jabe baino ez gara.
  • Munduko ekonomiak 11.000 milioi dolar galtzen ditu urtean emakumezkook egindako eta ordaindu gabeko lana dela eta (etxeko lanak, haurrak zaintzea, nekazaritza eta beste zenbait alorretako jarduerak...)
  • Soldata txikiagoa jasotzen dugu emakumeok lan berdinaren truke mundu osoan. Bataz beste, %30-40 txikiagoak dira emakumezkoon soldatak.
  • Estatu espainiarrari dagokionez, gizonezkoek baino %29 gutxiago kobratzen dugu emakumeok. Hego Euskal Herrian, berriz, %32,65 gutxiago.
  • Emakumezkoon behin-behinekotasun tasa %39,41ekoa da. Hau da, Europako Batasuneko batezbestekoa (%2,5) baino 2,7 aldiz handiagoa.
  • Ukatu egiten zaigu emakumeoi kalitatezko hezkuntza, alor zientifiko eta teknologikoetan batez ere. Munduko emakumeen %38 analfabetoak dira eta ez dute oinarrizko hezkuntzarik ere jasotzen. Nekazaritza eremuetan bizi dira gehienak.
  • Besteen beharrean diren pertsonen %80 emakumezkook zaintzen ditugu, inongo ordainsaririk jaso gabe gehinetan.
  • Jaitsi egin da Zerbitzu Sozialetarako (0-3 bitarteko haurren hezkuntza, jende heldua etxe barruan zaintzea...) erabiltzen den aberastazun zatia. Emakumeoi are lan gehiago dakarkigu horrek.
  • 969 emakumek salatu zituzten tratu txarrak eta eraso sexualak Hego Euskal Herrian. Jasaten diren erasoen %10-15 baino ez dira salatzen. 61 emakume hil zituzten 2002an estatu espainiarrean.
  • Kargu politikoetako bederatzi hautagaitatik bat bakarrik da emakumea mundu osoan. Bestalde, ehun herrialdetan baino gehiagotan emakumezkoek ez daukagu ordezkaritza parlamentariorik eta hutsaren parekoa da gobernu eta erakundeetan daukaguna.
  • Gerrei dagokionez emakumeok ez dugu parterik hartzen horien inguruko erabakien %95etan; aitzitik, gerren ondorioak emakumezkook jasaten ditugu gehienbat: munduan diren 23 milioi errefuxiatuen %77 emakumezkoak dira. Horrez gain, horietako askok elbarritasun fisikoak izaten dituzte, baita bizi osorako traumak ikusi eta pairatu dituzten izugarrikeriengantik; Sexu-birtxakeriak, besteak beste. Gurasorik eza, analfabetismoa, gaixotasunak eta pobrezia ere jasan behar izaten dituzte.

Horregatik guztiagatik hainbat neurri eskatzen ditugu honakoak lortzeko:

  • Ekonomia eta aberastasunen eredu solidarioa garatzeko eta ondasunak egoki banatzeko.
  • Emakumezkook egiten dugun lan guztia (ordaindutakoa eta ordaindu gabekoa) kontuan hartzeko, baita horrek ekonomian duen benetako eragina ere.
  • Lanorduak gutxitzeko eta lana zein aisialdia denen artean banatzeko.
  • Lanpostu duinak sortzeko, behin betikoak eta lanaldi osokoak, alde batera utzirik lan merkatuaren diskriminazioak eta behin-behinekotasuna.
  • Zerbitzu sozialen garapena bultzatzeko, emakumezkoek egiten duten lan informala (haurrak eta gizon-emakume heldu ezinduak zaintzea, etxeko lanak...) lan-merkatu formalera pasatzeko.
  • Berdintasunez banatzeko lan guztiak (ordaintzen direnak eta ez direnak), aisialdirako aukera denok izan dezagun.
  • Eredu patriarkala bazterrera uzten duen gizarte-eredua (mendekotasun eta indarkeria-harremanik gabekoa) aldarrikatzeko, non emakumezkook erabakitzeko, parte hartzeko eta geure buruen jabe izateko benetako ahalmena izango dugun.