Pilar Aizpitarte eta Enrike Zurutuza, Baiteko Ohorezko Bazkide dira jada

Baite Euskara Elkartea 2003ko ots. 17a, 14:02
Beren lana "euskara bizirik eustea" izan dela zioten larunbateko ekitaldian

Baite Euskara Elkarteak beste bi Ohorezko Bazkide ditu lehengo larunbatetik: Pilar Aizpitarte eta Enrike Zurutuza. Larunbatean izan zen ekitaldia, Sindikatu Zaharrean. Jende ugari bildu zen bertan.

Patxi Altuna euskaltzaina eta Joxe Lizaso bertsolaria bihurtu ziren Baiteren lehendabiziko Ohorezko Bazkideak, 2001eko urriaren 20an egin zen ekitaldian. Pilar Aizpitarte eta Enrike Zurutuza dira Ohorezko Bazkide berriak eta hauek ere Baiteren oroigarriak jaso zituzten larunbatean, Sindikatu Zaharrean. Jende asko bildu zen, eta haien artean zeuden, Baiteko erakundeetako ordezkariez gain, bi omenduen senideak eta lagunak, Antxieta Antzerki Taldekoak, udal ordezkariak, Patxi Altuna eta Joxe Lizaso...

Baitek Pilar Aizpitartek eta Enrike Zurutuzak euskararen alde egindako lana errekonozitu nahi izan du izendapen horrekin. Aizpitarte antzerki munduan ibili izan da; eta Zurutuza albaitari gisa aritu izan da lanean euskarari garrantzia emanez, eta euskararen alde jardun izan du antzerkian, komunikabideen eta idazle gisa. Ekitaldian, mahaian, Baiteko ordezkariak eta bi omenduak ez ezik, Joxe Aranburu Antxieta Antzerki Taldeko kidea ere egon zen, eta Pilarri buruzko zertzelada batzuk aipatu zituen. Aranburuk umore puntu batez zioen Pilarri "beti neskamearena egitea" tokatzen zitzaiola eta nolabait kexu agertzen zela.

Joxe Manuel Etxaniz albaitarien elkartekoa ere izatekoa zen ekitaldian, baina azken orduko arazoengatik ezin izan zuen Sindikatu Zaharrean egon. Idatzi bat bidali zuen Zurutuzari buruz eta Baiteko ordezkari batek irakurri zuen. Etxanizen idatziak zioenez, Zurutuzak lan handia egin izan du baserrietan eta abeltzaintzan, "beti ere euskara lan-tresnatzat hartuz", eta La Voz de Guipuzcoa irratian Oñatibiarekin batera egiten zuen saio arrakastatsua ere aipatu zuen.

Zurutuza mintzo, bien izenean

Ondoren oroigarriak jaso zituzten omenduek, eta Enrike Zurutuzak hitz egin zuen bien izenean. Zutik zela hitz egin ere. Ohorezko Bazkide izatea "ezusteko atsegina" izan dela zioen, "eta hunkigarria; are gehiago, guk orain dela urte asko euskararen munduan ekin genion bideari eutsi dion talde baten eskutik etorri dela kontuan hartuta".

Beren garaian "zailak" izan zirela gogoratu zuen. "Guk egin dugun lana ez da izan euskara hobetzeko edo edertzeko, euskara bizirik eusteko baizik. Guk piztu genuen su txiki hura izugarrizko sugarra bihurtu da, eta maila handi batean lan hori gaurko gaztediari zor diogu", esan zuen Zurutuzak. "Eta euskara esku onetan uzten dugu" esanez bukatu zuen bere hitzaldia, denek eskerrak emanez.