Azpeitiko noblezia liburuetan eta erakusketan ikusgai larunbataz geroztik

Uztarria.eus 2002ko eka. 3a, 19:06
Liburuak erakusketan salgai izango dira, hau amaitzean herriko liburudendetan erosteko aukera izango da, baina zertxobait garestiago

Larunbatean aurkeztu ziren Azpeitiko Udalak 'Nobiliario de Azpeitia: Probanzas de Nobleza e Hidalguía' titulupean atera dituen bi liburuak. Liburuak aurkeztearekin batera, jatorrizko kaparetasunekin eta informazio panelekin osatutako erakusketa ireki zen Betharrametako elizan.

Urtebeteko lanaren ondoren osatu dira 'Nobiliario de Azpeitia: Probanzas de Nobleza e Hidalguía' titulupean ateratako bi liburuak. Bi liburu mardul horietan, 1546. urtetik 1856. urte arteko Azpeitiko 400 kaparetasun espediente jasotzen dira.

Larunbateko ekitaldian jatorrizko kaparetasunekin -nobleziaren barruan izatearen agiriak dira kapareak- eta informazio panelekin osatutako erakusketa ere ireki zen Betharrametako elizan. Erakusketa ekainaren 19a arte zabalik izango da, eta bi liburuak bertan salgai izango dira; liburu batek 25 euroko salneurria izango du eta bi liburuak erosiz gero 50 euro ordaindu beharko dira. Erakusketa amaitzen denean, berriz, liburuak herriko liburudendetan erosteko aukera izango da, baina zertxobait garestiago.