Areto futbol taldeak ezinbestekoa du garaipena larunbatean igoera postuetara hurbiltzeko

Azpeitiko Areto Futbol Taldea 2002ko ots. 26a, 13:02

Jostaldi Kirolakek garrantzi handiko partida jokatuko du datorren larunbatean etxean, sailkapeneko igoera postuetara gerturatzeko ezinbestekoa izango baitu garaipena lortzea. Azpeitiarrak seigarren dira sailkapenean azken bi jardunaldietan galtzaile irten eta gero. Asteburu honetako partidan gainera, arerio zuzena izango du aurrean Jostaldik, laugarren tokian azpeitiarrengandik hiru puntura dagoen Idiazabal Gorrotxategi taldea, hain zuzen ere.

Azpeitiko areto futbol taldeak, Jostaldik, urrezko hiru puntu lortu beharko ditu datorren larunbatean, Lehen Mailara itzultzeko ametsari eutsi nahi badio behintzat. Talde azpeitiarra sailkapeneko seigarren tokian da bi asteren buruan kanpoan jokatutako bi partidak galdu ostean eta, beraz, Jostaldik ezinbestekoa izango du garaipena lortzea igoera postuetara hurbiltzeko. Larunbatekoa, hala ere, ez da arerio makala izango azpeitiarrentzat, Idiazabal Gorrotxategi taldea laugarrena baita sailkapenean, Jostaldirengandik hiru puntura.

Areto futbol taldeak dei berezia egin die azpeitiar kirolzale orori larunbatean taldea animatzera joan daitezen. Partida 16.30tan izango da herriko kiroldegian.