Datorren asteburuan hasiko da Azpeitiko I. Kulturaldia

Uztarria Kultur Koordinadora 2002ko ots. 16a, 15:02
Uztarria Kultur Koordinadorako taldeek antolatu dute

Datorren asteburuan, otsailaren 23an, hasiko da Uztarria Kultur Koordinadorako taldeek antolatu duten Kulturaldia. Kultura arloan hainbat ekimen egiteko asmoa dute taldeek 2002. urteari begira.
Larunbatean aurkeztu zen Kulturaldia jendaurrean.

Azpeitiko Uztarria Kultur Koordinadorako taldeek gogoeta egiten jardun dute azken hilabeteotan, herrian kultur dinamika pattala dagoelako: urtean zehar oso ekitaldi gutxi antolatzen dira, taldeak oro har ez daude unerik onenean, herrian oso kultura gutxi sortzen da, kultur ekitaldiak kontsumitzeko ohitura txikia da oso...

Uztarriak beti esan izan du kultura, batik bat, taldeek sortzen dutela. Taldeek kultura herritarra eta partehartzailea bultzatzen dute, lantzen dute. Eta hortik etorriko da, nonbaitetik etorriko bada, herria kultura aldetik pizteko aukera.

Aurrera begira, kultura arloan ekimen ugari egingo dira Uztarriak bultzatuta. Baina, hasteko, Azpeitiko I. Kulturaldia antolatu da, otsailetik martxora bitartean egingo dena. Herria kultura aldetik piztea nahi bada, ezinbestekoa da ekitaldiak antolatzea. Eta Kulturaldian, batik bat, herriko jendeak eginiko ekitaldiak izango dira. Hurrengo egitaraua prestatu dute Uztarriako taldeek:

Otsailak 23, larunbata: Musika: Tiobibo, Ezinean. 17:00etan Korralen.

Otsailak 24, igandea: Antzerkia: Lakrikun, 19:00etan udaletxe azpian..

Otsailak 25, astelehena: Hitzaldia: Tomas Urzainki. 20:00etan Aitonena aretoan.

Martxoak 2, larunbata: Musika: Kitarrista Taldea, 19:30ean udaletxe azpian.

Martxoak 8, ostirala: Poesia: Ibiltarixanak. 21:00etan, Aitonena aretoan.

Martxoak 9, larunbata:

Musika: ‘Txalaparta zalaparta’, 17:30ean plazan.

Poesia: ‘Diapoesia’ 19:30ean Orkatz Kultur Elkartean.

Martxoak 10, igandea: Artisautza azoka. 11:00etatik aurrera plazan.

Martxoak 13, asteazkena: Hitzaldia: Abokatu euskaldunak. 20:00etan Aitonena

Martxoak 15, ostirala: Musika: Os Gallardos, 23:00etan Korralen

Martxoak 16, larunbata:

AEKren txotxa: 21:00etan azoka plazan.

Losintxa lehiaketa. Hilabete osoan.

Erakusketa: Olatz Aguado diseinatzaile grafikoaren koadroak.



Aurrera begira

Aurrera begira, baina, bestelako lanik ere izango du eskuartean Uztarria Kultur Koordinadorak, kultura arloari dagokionean. Honatx asmo batzuk:

1. Formakuntza

Herriko taldeek sortzen dute kultura, lehen esan dugunez. Horrenbestez, herriko taldeen esku dago kultur-dinamika piztea; taldeek bultzatu behar dute herritarren partehartzea. Haien esku dago, hein handi batean, pasibitateari aurre egitea. Horretarako, baina, herriko taldeek sendo egon behar dute. Horregatik, Uztarria Kultur Koordinadorak formakuntza arloan ere lan egingo du. Taldeei begira ikastaro batzuk antolatuko ditu aurrerantzean. 2002. urtean bi ikastaro antolatuko ditu:

Diseinu grafiko ikastaroa: Helburua zera da: taldeen komunikazio lana egiteko beharrezkoak diren euskarriak (kartelak, triptikoak...) sortzea eta irizpide orokorrak ematea. Freehand, photoshop eta quarq x press. Ikastaro hau Ibainet-ek ematen du.

Talde-dinamika: Taldea zer den, zeintzuk diren taldearen ezaugarriak eta zein aldi bereizten diren taldeen jardueran. Erabakiak nola hartu, erantzukizunak nola banatu,taldeak zuzpertzeko tekniken analisia... Urtxintxak ematen du ikastaro hori.

2. Hausnarketa

Ekitaldiak eta ikastaroak antolatzea ondo dago; baina ez da nahikoa. Taldeek herria kultura aldetik piztu nahi badute, taldeek herritarren partehartzea bultzatu nahi badute, lan teorikoa ere egin behar dute. Taldeek autokritika eta hausnarketa lana egin behar dute, eta hausnarketa horiek kalera atera gero.

Herrian sortzen den eta kontsumitzen den kulturaren inguruan, kultur-partehartzearen inguruan, azpiegituren inguruan, taldeen lanaren inguruan... hausnarketa eta gizarteratze lana egingo dugu.

Hausnarketa hori, hasiera batean, taldeen baitan bultzatuko da. Horretarako galdetegiak zabalduko dira, eta eztabaida-multzoak antolatuko dira. Ondoren, kalera begira ere zabalduko da hausnarketa.



3. Kultur etxea

Uztarria Kultur Koordinadora, sortu orduko (1998ko martxoan), herriko egoerari buruzko diagnostikoa egiten hasi zen. Diagnostiko horrek, besteak beste, ondorio argi bat erakutsi zuen: herriko egoera, lokal aldetik-eta, oso eskasa da.

Horregatik, Uztarria osatzen duten taldeek herrian Kultur Etxe bat behar zela esan zuten, eta 1999an proposamen landu eta logiko bat egin zieten Udalari eta beste hainbat eragileri. Proposamen horretan, Kultur Etxeak Basazabalen egon behar lukeela zioen Uztarriak. Datozen hilabeteetan Udalarekin proposamenaren inguruan hitz egiteko asmoa dauka Uztarriak. Honatx proposamenaren laburpena:

- 1.- 1984-87ko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultur Ekipamenduen Programa-n aurreikusia dagoen bezala, Azpeitian Kultur Etxea, Enparan kalean dagoen Basazabal Jauregian kokatu behar da.

2.- Jabetza aldetik, Azpeitiko Udalarena izango da Basazabal Kultur Etxea.

3.- Obrako eta beste gastu guztiak erakunde publikoen kontu joango dira. 1984-87ko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultur Ekipamenduen Programa-ren arabera, Basazabalen Kultur Etxea irekitzeak 69 milioi pezetako aurrekontua zeukan, eta Foru Aldundiak 26 milioi pezetako dirulaguntza eman zion Azpeitiari, eta herriko udalak guztia xahutu zuen eraikuntza eraberritzen. Harrezkero beste 50 milioi xahutu dira Basozabalen. Orain berriz ere Azpeitiko Udalak ere dirua inbertitu beharko luke.

4.- Taldeak guztiak ezinbestekoak dira Azpeitirako, eta Udalak herriko taldeen lana errekonozitu egin behar du. Taldeok ez dira talde pribatu, inolako irabazpide ekonomikorik gabe borondate on osoz herriarentzat lana egiten duten taldeak baizik.

5.- Herriko talde guztiek ere parte hartuko dute Kultur Etxeko Estatutuak zehazterakoan. Eztabaidako partaide guztien arteko kontsentsua lortu behar da.

6.- Kultur Etxeak oso izaera zabala edukiko du. Herritar guztiek izango dute bertan biltzeko, zerbait antolatzeko eta parte hartzeko eskubidea.

7.- Kultur Etxeko eguneroko funtzionamendua arina izango da (ordutegi aldetik, burokrazia aldetik...).

8.- Etxe handia da Basozabal (probetxuko 1.026 metro karratu ditu, lau solairutan banatuta) eta, beraz, gero aberatsa izango da azpiegitura aldetik. Taldeei galdetuko zaie zer-nolako aretoak behar diren Kultur Etxean (erakusketa aretoa, hitzaldi-eztabaida aretoa, ikusentzuneko aretoa, informazio-komukazioa aretoa, egonaldi aretoa, tailerrak –argazki laboratorioa, eskulangintza, antzerkia–...), eta zer-nolako materiala behar den (ordenagailuak...).

9.- Kultur Etxea irekitakoan, Antolaketa Taldea sortuko da, eta bera arduratuko da kudeaketaz. Herriko kultur taldeetako ordezkariak eta Udaleko ordezkariak egongo dira bertan. Talde horrek erabakiko du nola eta noiz egingo diren barruko produkzioari eta kanpoko produkzioari begirako plangintzak eta ekitaldiak.

10.- Udalak, Kultura Batzordearen bitartez, urtean horrenbesteko dirulaguntza emango dio Kultur Etxeko Antolaketa Taldeari. Udalak urtean hainbat aldiz Kultur Etxeko diru kontuak nola doazen ikusi ahal izango du.

Argazkian Uztarria Kultur Koordinadorako kideak I. Kulturaldiaren aurkezpenean.