Jostaldik erraz asko hartu zuen mendean Plaza Berri areto futboleko derbian

Azpeitiko Areto Futbol Taldea | Kirolak
2002ko ots. 6a, 18:02

Jostaldi-Kirolakek uste baino errazago hartu zuen mendean Azkoitiko Plaza Berri Sport taldea joan den larunbatean Azpeitian jokatutako areto furboleko derbian. Azpeitiarrak 9 eta 2 gailendu ziren eta dagoeneko sailkapeneko laugarren postuan dira. Ostiral honetan gainera partida berri bat jokatuko du etxean. Norgehiagoka 21.15etan izango da. Aurkaria Oñatiko Aloña Mendi taldea.

Jostaldi-Kirolakek, errepaso itzela eman zion Azkoitiko Plaza Berri Sport taldeari joan den asteburuan jokatutako derbian. Azpeitiarrak 9 eta 2 gailendu ziren eta dagoeneko, sailkapeneko laugarren tokia eskuratu dute. Lehen itzuliko azken partida garrantzitsu honen atarian parekotasuna guztien ahotan zebilen hitza bazen ere, Jostaldik uste baino errazago hartu zuen mendean Plaza Berri.

Gezurra badirudi ere, markagailuan lehendabizi aurreratu zirenak azkoitiar gazteak izan ziren. Dena den, hauen pozak gutxi iraun zuen, izan ere, atsedenaldira iritsi baino lehen beren atea lau aldiz nola zulatzen zuten ikusteko parada izan baitzuten. Bigarren zatirako, beraz, gauzak inoiz baino hobeto jarri zitzaizkion Azpeitiko taldeari. Plaza Berrik arriskatu beharra zeukan eta, hain zuzen ere, azken 25 minutu hauetan etorri zen Jostaldiren erakustaldia. Azpeitiarrek beste bost gol egin zituzten eta herriko kiroldegira bertaratu zirenak (gehienak azkoitiarrak) aho zabalik uzteko moduko jokoa egin zutela esan daiteke. Taldeko izarrak ere, Agustin Quintanak, bere eguna izan zuen eta bost gol egin zituen. Jostaldiko beste goleatzailak Iñaki Unanue (2) eta Tomas Orbegozo (2) izan ziren.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu