XI. “Santo Tomas 2001” Argazki Lehiaketa abian da

Uztarria 2002ko urt. 11a, 13:01

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako 2001 urteko Santo Tomasetako XI. Argazki Lehiaketa abian da. Datorren urtarrilaren 24an amaituko da lanak aurkezteko epea, eta otsailaren 4ean 19:00etan emango zaie saria argazkilan onenei, Antxieta etxean. Egun berean epaimahaiak aukeratutako lanekin egingo den erakusketa zabalduko da, otsailaren 22a arte zabalik izango dena.

Argazki Lehiaketan nahi duten guztiek parte hartu dezakete. Egile bakoitzak hiru lan baino ez ditu aurkeztuko gai librean, baina denak 2001 urteko Santo Tomas eguneko azoka eta festari buruzkoak. Helduek, zuri/beltzezko eta koloretako lanak aurkeztu ditzakete, koloreztatze ukituko argazkiak kolore atalean sartuko dira. Helduen lanak 40X50eko kartulina gainean aurkeztuko dira, eta irudi eta paperaren gutxiengo neurria 18x24koa izango da. 16 urtetik beherakoek, berriz, kolorezko lanak baino ez dituzte aurkeztuko. Argazkiak 10x15 edo 13x18koak izango dira eta 40x50 neurriko kartulinan itsatsita bidaliko dira. Lan guztiek gaia, izenburua, eta egilearen datuak (abizenak, helbidea eta telefonoa) eramango dituzte atzealdean. Eta “infantil” hitza gehituko da 16 urtetik beherakoen kasuan. Argazkiak pakete edo kartazal itxietan bidaliko dira Azpeitiko Argazki Elkarteak Julian Elorza, 4an duen egoitzara.

Otsailaren 4ean, 19:00etan, banatuko dira argazkilan onenen sariak, Antxieta Etxean. Guztira bederatzi sari banatuko dira, sei helduei (hiru kolore sailean eta hiru txuri/beltzezkoan) eta beste hiru gazteen mailan. Garaikur bana jasotzeaz gain, helduek Argizaiola Lehiaketarako gonbidapena ere jasoko dute. Antxieta etxeko erakusketa aretoan egun berean epaimahaiak XI. Argazki Lehiaketara aurkeztu direnen artean aukeratutako lan onenekin egingo den erakusketa zabalduko da. Argazkilan onenak otsailaren 22a arte ikusgai egongo dira.

Azpeitiko Argazki Elkartearekin harremanetan jartzeko eta informazio gehiago jasotzeko hemen egizu klik