Hamarkada: 1690

  • 1693-1-30. Loiolako obraren maisutzarako Martin Zaldua kontratatu zuten.
  • 1693-1-16. Ospitaleko etxezainak derrigorrez arropa erosi beharra zutela adierazi zuen, baina horretarako dirurik ez zutela eta, batez ere, maindireak inguratzeko herritarrei eskaera egin zitekeela. Ospitaleko etxezainak horretarako baimena eskatu zuen. Agintariek, haietako baten eta ospitale kaperauaren laguntzarekin, udaltzain bat ere eurekin zutela, irten zitezela erabaki zuten.
  • 1693-1-16. Domingo Larrondok urtean zehar haragi hornikuntza egiteko eskaintza egin zuen. Gaztela eta Nafarroako ahari libra 28 marairen saltzen zuela, behia 18 marairen harakei izanik San Juan eguna bitartean eta gabonetatik garizumara bitartean, eta gainontzean bestelako behia. Zioa, berriz, zortzi laurdenetan eta kandela gaia hamarrean. Bestalde, herriari zilarrezko 40 ezkutu emango zizkion Inazio deunaren festarako Gaztela edo Nafarroako zezen bat erosteko. Eta, gainera, soka bat inguratuko zuen urte guztian zehar kaleratuko ziren idiak kaleratzeko. Ontzat hartu zuen herriak eskaintza eta eskritura egitea erabaki zuen.
  • 1693-1-16. Herriak urte honetan, ardoaren zerga kobratzeko, Jazinto Arsuagarekin zeukan eginda eskritura, baina ohiko bermeak eskainiko zituela agindu bazuen ere bere garaian, ez zuen horrelakorik eginik eta alkateak kartzeleratuta zuen. Arsuaga ezkongabea zenez eta orduan, behintzat, agindutako fidantza emateko ez zuenez ondasunik, berriro enkantean jartzea erabaki zen eta errematea gehien eskaintzen zuenarekin egingo zuten.
  • 1692-11-28. Vera Cruz kofradiak, txosten baten bidez, Udalari esan zion maiatzean eginiko bileran Ostiral Santu arratsaldez herriko kaleetan prozesioa egitea erabaki zuela, eta horretarako ari zela prestatzen Jesukristoren gorpua eta Gurutzeko jaitsiera irudiak, hileta eta bakardadeko Andre Mariarenak bezala. Hala, bere asmoa onartzeko eskatu zion Udalari eta parrokiko apaizei gonbitea pasatzeko, parte har zezaten. Prozesioan militar talde bat izan nahi zutenez, Udalaren aldetik norbait izendatzeko eskatu zuten, 24 edo 30 bat gizonezko prestatzeko pika edo alkabuzekin. Gaiari buruz erabakia Herri Batzar nagusian hartzea onartu zuten.
  • 1692-11-25. Ardoaren hornikuntza egiten zutenei ehun errealeko isuna ezartzea erabaki zuten, herriko tabernetan hutsune asko izan zirelako.
  • 1692-11-8. Herriak parrokiko aldareari buruz Pedro Arostegiren iritzia jasotzea erabaki zuen, bera egiten ari zen Joan Apaeztegi maisuaren eskaerari erantzunez.
  • 1692-10-17. Kontuan izanik herrikoa izan gabe bertako ospitalean zuela ostatua Andres Ibarrak, bere sendiarekin batera, eta gogoan izanik herritarrek bakarrik zutela bertan tokia, berehala kanporatzea erabaki zuten.
  • 1692-10-3. Juan Apaeztegi maisu arkitektuak parrokiko erretaula ordaintzeko eskatu zuen, eta herriak erabaki zuen Tomas Korta eta Frantzisko Mendizabal kapitainei eginiko lanari buruzko iritzia eskatzea.
  • 1692-9-15. Alkateari eta Agustin Eizagirre erregidoreari eman zieten Igarate etxetik Zumarragako mugara bitarteko bidean konponketa egiteko ahalmena, benetan gaizki zegoelako.
  • 1692-8-30. Herriak lur zatiak barazkiak jasotzeko bakarrik eskaintzen zituela kontuan izanda eta, ikusita aginduaren aurka aleak egiten zirela, erabaki zuten adieraztea lurrak emandako lanerako bakarrik erabili beharko zirela, eta horrela egiten ez zuenari kendu egingo ziotela.
  • 1692-8-23. Martin Eleizalde kapitainak adierazi zuen herrian zen korrejidorearen emazteak haur bat izan zuela eta haren nahia zela herriak aukeratutako bat aitabitxi zuela bataiatzea umea. Frantzisko Joseph Bikuña alkatea aukeratu zuten horretarako, eta korrejidoreari eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1692-6-27. Parrokiko erretaula nagusia ikusi zuten. Felipe de Castillo maisua izan zen herriaren ordezkoa, Juan Bautista Balcoin Martin Olaizolarena eta Juan Bautista Sagues, berriz, Juan Apaeztegiarena.
  • 1692-6-6. Frantziar etsaia mugatik hurbil zegoela jakinda, bolbora eta metxa erostea erabaki zuten. Herriko dendari bakoitzak arroba erdi bat bolbora erosi behar zuen eta zortzi egunen barruan salgai jarri. Horrela egiten ez zuenari, bi mila maraiko isuna ezartzea onartu zuten.
  • 1692-5-30. Parrokiko erretaula nagusia ikusi ondoren maisuak aurkeztu zuen txostenaren arabera, eskribauari eskatu zioten erretaula egiten aritu zirenek ordura arte kobratu zutenaren berri emateko.
  • 1692-5-27. Guztia behar bezala zegoen edo ez ikusteko, azken azterketa egin zioten parrokiko erretaula nagusiari.
  • 1692-5-6. Parrokiko erretaula nagusia aztertzeko, Felipe de Castillo arkitektua izendatu zuen herriak.
  • 1692-5-5. Juan Apaeztegi eta Martin Olaizola maisuek parrokiko errataula nagusia amaiturik zutenez, albistea pasatzea erabaki zuten, haiek izendatutako maisuek eta herriak izendatutakoek bat eginik lanaren azterketa egin zezaten.
  • 1692-4-13. Aleak eta gainontzeko janariak herritik kanporatzea debekatu zuten, isuna eta zigorra ezarriz.
  • 1692-4-12. Juan Antonio de la Peña eskultoreak parrokiko erretaula nagusirako egin behar zituen irudien xehetasunak aurkeztu zituen, eta horien berri eman zuten.
  • 1692-3-20. Alkateak adierazi zuen Munategi inguruan aurkitutako utzitako haurra norena izan zitekeen aztarnarik ez zuela topatu, gestioak egin bazituen ere, eta Joxepa Izagirreri eman zioten hazi zezan, parrokian bataiatu ondoren. Emakumeari hilean zilarrezko 12 erreal ematea erabaki zuten.
  • 1692-3-20. Juan Apaeztegi eta Martin Olaizola maisuek egindako parrokiko erretaula nagusia aztertzea erabaki zuen herriak.
  • 1692-2-29. San Agustin komentuko priorearen idatzia irakurri zuten: ondasun txikiak zituelako ezinezkoa zuela Antonio Urkieta predikari fraideak jarraitzea, Ponferradako (Galizia) komentu eta ikastetxera joateko agindua hartu zuelako. Haren tokian, eta urte hartan behintzat, herriari predikari lanetarako Aita Alegria eta Pedro Kortazar eskaini zizkion, herriaren nahiak ongi beteko zituzten ustean; Garizumako asteazkenetan predikatuz, Aste Santuan eta Bazko egunean bezala. Eta jakinean zenez Garizumako igandeetan parrokian euskarazko sermoia besterik ez zela eskaintzen, eskertuko lukeela aipaturikoaz gain besterik ez izendatzea urte horretan behintzat. Udalak eginiko eskaria onartu egin zuen.
  • 1692-2-25. Parrokiko erretaula nagusirako lau irudi lantzeko eskaera Juan Antonio Peña eskultoreari egitea erabaki zuten.
  • 1692-2-8. Enparan errotari zati bat erantsi edo zabaldu nahian, Udalak Enparan etxeko nagusiarekin lurralde trukaketa egitea erabaki zuen, aurrez Frantzisko Mendizabalek eta Agustin Eizagirrek beharrezkoa zen tokia ezagutu eta neurtuta.
  • 1692-1-15. Elizaren bidez deialdiak egin arren, herriko artxibategian falta ziren paper bakar baten berri ematera ere inor ez zela agertu ikusita, agintariek nuntzioari eskomikua edo 'Paulina' deiturikoa eskatzea erabaki zuten.
  • 1692-1-1. Postari zerbitzua utzi zuen Manuel Etxeberriak. Haren ordez, herriko agintariek, bien artean tratua eginda zutelako, Mikel Arangoiti izendatu zuten, lau urterako.
  • 1691-9-8. Diputazioak agindu bezala, arma erakusketa egitea erabaki zuten hilaren 9an eta 16an, eta alardea 23an, kapitain bezala alkatea izendatuz eta alferiz herriko fidela.
  • 1691-6-26. Herriaren beheko sarrera aldean eta Madalenan behiak zituztenei agindu zieten behiak Izarraitzera edo beste nonbaitera ateratzeko, inguruko baratza eta zelaietan sartzen zirelako. Agindu hori betezen ez zuenak behi bakoitzeko 50 errealeko isuna ordaindu beharko zuen.
  • 1691-6-8. San Agustin komentuko prioreak jakinarazi zuen hilaren 10ean ospatuko zutela euren aita eta anaia Sahagungo San Juan kanonizatuaren jaialdia. Herria elizkizunetara gonbidatu zuten, komentuko patroia zelako. Bertara korporazioan joatea erabaki zuten, eta hurrengo egunerako zezenketa antolatzea eta gauean suak piztea.
  • 1690-12-22. Amuko bidea egitea eskatu zien herriak Mateo Etxaniz eta Juan Apaeztegiri, eta horretarako herritar langile talde bat hartu zuten. Juanelarro errekatik Loiolara bitartekoa eta Soreasu presaren inguruko bideak egokitzea, berriz, Martin Olaizola eta Mateo Zuazolari eskatu zieten.
  • 1690-8-8. Herria, tokatzen zitzaizkion lau soldadu eta erdi ordaintzeko dirua bildu beharrean zen, eta auzo biztanle guztien zerrenda osatzea erabaki zuten.
  • 1690-8-8. Joxe Abarrategiri ehun errealeko isuna ezarri zioten, uztailaren 31n eta abuztuaren 1ean elur libra lau maraitan saldu baitzuen, hiru maraitan egin beharrean.
  • 1690-8-6. Diputazioak adierazi zuen hilaren 22rako lau soldadu jarri beharko zituela herriak Pasaiako portuan. Baina dirurik gabe zenez, 700 erreal herritarren artean lortzea erabaki zuten.
  • 1690-5-21. Tomas Leiarizti maisuak alondegian egindako obrak ikusi eta tasatzea agindu zioten horretarako izendatutako batzordeari.
  • 1690-3-17. Espainiako erregeari aurrez emandako baimena baieztatzeko eskatzea erabaki zuten, ardoaren eta haragiaren hornitzaileek herriari eskainitako dirua San Inazio festetan gastatu ahal izateko.
  • 1690-3-10. Herriko behartsuen zerrenda egitea erabaki zuten, bakoitzari hilean behin hiru erreal emateko.
  • 1690-2-3. Maisuen iritziak jaso ondoren, Frantziskanen buruari parroki atzean zituzten etxe eta labeak botatzeko agindu zioten, erortzeko arriskuan zirelako. Bestela, herriak botako zituela, baina gastu guztiak komentuak ordainduz.
  • 1690-1-27. Parroki atzeko iturriaren inguruan Frantziskanek zituzten etxeak eta labea hondamenean zirela jabetuta, eta jende asko nolako arriskuan zen ikusteko eta jakiteko, maisu zurgin batzuk izendatzea erabaki zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan