Eguna: 10-26

  • 2016-10-26. Miren Gorrotxategik '33 ezkil' eleberria aurkeztu zuen, 2015eko Agustin Zubikarai beka jaso ondoren idatzitakoa.
  • 2010-10-26. Azpeitiko epaitegian bulego judizial berria jarri zuten martxan.
  • 1991-10-26. Azpeitia-Everest'91 espedizioa gailurra lortu gabe herrira itzuli zen. Josu Bereziartua, Amaia Aranzabal, Josu Arrieta, Joxe Urbieta 'Takolo', Benantxio Irureta, Peio Aranburu, Gurutz Larrañaga eta Peio Aranbarri izan ziren partaideak.
  • 1967-10-26. Alkatearen proposamena ontzat harturik, aho batez erabaki zuten korporazioaren atsegina aktan jasotzea, herriko Joxe Artetxe Aranbururi Argentinako Errepublikako Sariaren plaka ematean. Egokitzat hartu zen zorionik sutsuenak ematea.
  • 1952-10-26. Mariano Garate eta Felix Badiola neurtu ziren zezen-plazan, 63 ontzako lau enbor eta 45eko beste lau aizkoraz ebakitzeko saioan. Lehenak irabazi zuen 19.18.4/5ean eginez lana. Bigarrenak 22.33.4/5ean bukatu zuen.
  • 1936-10-26. Etxeberriak eginiko proposamena ontzat harturik, Plaza Nagusiari 'Plaza Mayor de Navarra' deitura ematea erabaki zuten ordu arteko 'Plaza Mayor de la República'-ren ordez. Horrez gain, 'Sabino Arana Goiri' deitzen ziotenari 'Plaza Txikia' jartzea ere erabaki zuten.
  • 1903-10-26. Ramon Nazabal, Xalbador Bengoetxea eta Galo Barrenak karlista mitin bat egiteko Azoka plaza edo zezen-plaza eskatuz eginiko eskaeraren berri eman zen. Agintarien artean eztabaidak sortu ziren eta bozketa egin zuten. Clemente, Arozena, Orbegozo, J.I. Azpiazu, Aztiria, Uranga, Belaustegi eta Iriartek baiezkoa eman zuten. Ezezkoa, berriz, Iarza, Alberdi eta alkateak.
  • 1885-10-26. Alkateak adierazi zuen Ieregi erlojaria prest zela agindutako ordularia herriaren eskuetan uzteko, eta Udalak erabaki zuen Schill izendatzea berak azter zezan eskrituran aginduta bezala egina zen ala ez.
  • 1833-10-26. Herrian zen Lardizabalek ardoz, haragiz eta ogiz osatutako 1.250 zatiko eskatu zituen. Baita 125 zatiko lasto edo ale, hurrengo egunerako Miguel Antonio Esnaolak agintzen zuen tokira eramateko ere. Agintariek ezina agertu zuten.
  • 1814-10-26. Karaurgi, Mañeru, Mendigorria eta Garesko alkateei idaztea erabaki zuten, ardo zahar eta berrien prezioez galdetuz, herria hornitzen zutenekin neurriak hartu asmoz.
  • 1811-10-26. Herria larrialdi izugarrian zen, udaletxeko aretotik irten aurrez bi mila erreal ematen ez bazituen militar orden batez mehatxurik baitzen. Frantzisko Etxeberria parrokiko apaizari erregua luzatzea erabaki zuten, dirua aurreratzeko eskatuz eta San Martin eguna baino lehen herriak itzuliko ziola aginduz.
  • 1738-10-26. Herri Batzar nagusian erabaki zuten Santo Tomas ferira etortzen ziren saltzaileei urtarrilaren 1era bitartean soilik uztea euren dendak zabaltzen. Horrela adierazi zuten, santuaren eguneko pregoiaren bidez, bostehun maraiko isunaren azpian betearaziko zutela esanez.
  • 1668-10-26. Hirurobieta baserriko Domingo Enparanek herrian limosna eskea egiteko baimena eskatu zuen, baserria erretzean ondasun guztiak galdu baitzituen. Herriak erabaki zuen parrokien bidez berria zabaltzea eta hark nahi zuen laguntzailea hartuta limosna eskea egiteko baimena ematea.
  • 1571-10-26. Maria Alzagak Aitola baserria berriztatzeko -erre egin zen- Garrai inguruan egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen. Herriak baimena eman zion, ateratzen zuena ordaintzeko baldintzarekin.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan