Hamarkada: 1630

  • 1639-9-20. Joan Azkue erregidoreari agindu zioten herrian zen Dragoietako konpainiako soldadu bakoitzari, osatuaz gain, hiru erreal emateko. Esan zioten beste zenbait erabaki ere hartu zirela, ofizialei ostatua eskaini eta ordainketa egiteko.
  • 1639-9-18. Azkoitiko eta Zestoako agintariekin batzarra egin zuten, bertara agertu zen Pedro Velez Galarza, probintziko komisario nagusia, eta hauxe adierazi zuen: hiru herrien artean Dragoien konpainia bat banatzeko agindua zuela. Gogoan izanik herritar gehienek Hernanira irten zutela eta izugarrizko gastuak eginik zituztela hiru herriek, batzordea izendatu zuten euren ezina agertu eta Gipuzkoako Diputazioari batzar berezia egiteko eskatzeko.
  • 1639-8-30. Alkateak jakinarazi zuen Mateo Larretxe fidelarekin enparantzan zela, Pedro Arriaran Ormaegi, Iñigo Alzaga eta Juan Lopez Ondarrak dei egin zietela, Diputazioari idatzitako gutun bat erakutsiz. Herriak prestatutako ehun laguneko soldadu konpainiaren zerrenda zuten, eta bertan aipaturiko hirurak ez ziren agertzen, Domingo Kortaberriak eta Antonio Altunak boluntario joateko eskaintza egina bazuten ere. Eskribauari agindu zioten Diputazioaren aurrean gauzak garbi uzteko.
  • 1639-8-23. Eskribauak aktan jaso zuen Probintziak agindu bezala eguerdiko hamabietan herriko soldadu konpainia Enparan dorre ingurutik abiatu zela.
  • 1639-8-22. Diputazioak bidalitako gutun batzuen berri eman zuten. Gutun horietako batean herriko konpainiak berehala Hernanira irteteko eskatu zuten.
  • 1639-8-20. Diputazioak eskatu zuen herritarrak armak eskuetan zituztela prest izatea lehen deialdiari berehala erantzuteko, etsaia Donibane Lohitzunen baitzen, infanteria eta zaldizko indarrekin, eta itsasertzeko lau herrietan sekulako kalteak egin baitzituen. Gaia aztertu ondoren, erabaki zuten herritar eta biztanle guztiak, aitak semeen ordez, enparantzara bazkalondoan agertzeko deialdia parroki eta komentuen bidez zabaltzea. Diputazioak agintzen zuen bezala, bizia galtzea nahi ez bazen, inork hutsik egin gabe agertzea eskatu zuten.
  • 1639-8-16. Frantzisko Goitia parrokiko erretorea eta Frantzisko Zelaiaran, Esteban Berrasoeta, Juan Bautista Arbiza eta Adrian Elordi apaizak udaletxean agertu ziren, probintziak emandako aginduak kontuan hartuta Andre Mariaren eguna antolatu nahi baitzuten. Irailaren 7an Hondarribiko setioan erregearen armak lortutako garaipena ospatzeko, kaleetan prozesioa egitea erabaki zuten.
  • 1639-8-9. Tolosan zen Casaresko markesaren gutuna jaso ondoren, alkateari herriko konpainiaren kapitain bezala soldaduak bildu eta gutunean agindutako tokira berehala abiatzeko esan zioten. Diputazioari morroi baten bidez hartutako erabakia adierazi zioten eta herriak nola jokatu behar zuen adierazteko eskatu.
  • 1639-7-24. Herri Batzar nagusian herrian ehun soldaduko konpainia osatu zela esan zuten. Bakoitzari egunean zilarrezko erreal bat ordaintzen zioten, erregeak ematen zuen soldataz gain. Ordainketa egiteko zilarrezko bostehun dukat topatzea erabaki zuten.
  • 1639-6-11. Gerrarako zurrumurruak eta beldurra nabariturik, barrika bat bolbora erostea erabaki zuten.
  • 1639-5-29. Andres Pachecoren konpainiari ostatua emateak gastu asko sortuko zituela ikusita, alkateak adierazi zuen derrigorrezkoa egiten zitzaiola herriari biztanleen artean dirua biltzea, eta 400 dukat guztien artean banatzea erabaki zuten.
  • 1639-4-15. Parrokietan adieraztea erabaki zuten 16 urtetik 64ra bitarteko herritar eta biztanleek euren armekin ibili beharko zutela herrian: ezpata, daga, alkabuza, metxa eta munizioarekin. Horrela, deialdi bat egitean edo kanpaiak jotzean beste albisterik gabe herriko enparantzan bilduko ziren. Ez agertuz gero, ondasun galtzea eta errebelatutzat hartzea zekarren.
  • 1639-4-14. Probintziak eskaintzen zituen bi mila soldadu osatzeko, herriak tokatzen zitzaion ehun laguneko taldea prestatu zuen.
  • 1639-1-25. Beizamako Domingo Arregiri zilarrezko 608 erreal ordaintzea erabaki zuten, azpeitiarrekin bat eginda Beizamako soldaduak joan zirelako egindako deialdiari erantzunez.
  • 1638-12-7. Azpeitian zen Pedro Real sarjentu nagusiak herriari bere troparentzat ogia eskatu zion, erregearengandik duela hilabete baino gehiago laguntzarik jaso ez zuela azalduz. Kontuan izanik azaroaren 4az geroztik antzeko eskariak egin zituela sarjentuak herriak inolako laguntzarik eman gabe eta jakinik aleak zirela Tolosan, beharreko hornikuntza Tolosara eskatzeko esanez idaztea erabaki zuten.
  • 1638-10-30. Juan Bautista Agirrek 85 soldaduri herrian ostatua nolatan eman zien adierazi zuen.
  • 1638-10-1. Jabetuz sagar gutxi izan zela urte hartan, eta derrigorrezkoa izanik sagardoa izatea herritarrentzat, ura nahastutako sagardoa egitekoa baimena eman zuten.
  • 1638-10-1. Herritar batzuek urarekin nahastu gabeko sagardoa zutenez, hamabi maraiko prezioa altxatzen ez bazen ez zutela salgai jarriko esan zutenez, zozketa egin zuten sagardoa zutenen artean hamalau maraiko prezioan salgai jartzeko, derrigorrezkoa zelako sagardoa, Nafarroako ardorik ez zelako heltzen.
  • 1638-7-10. Diputazioaren gutuna jaso zuten. Bertan Getariara 60 soldadu bidaltzea eskatzen zuten, eta berehala izendatu zituzten guztiak. Pedro Rekarte kabo izendatu zen abiatzeko, eta alkateari agindu zioten bakoitzari lau erreal ematea; hala egin zuen.
  • 1638-7-5. Derrigorrezkoa ikusi zen arma gehiago izatea defentsarako, herriak etsaia lurreratu asmoz itsasertzera hurbiltzen ari zela esanez albiste ugari jasotzen baitzuen. Domingo Kortaberria alkateari artxiboan gordeta ziren zilarrezko dukatak ematea erabaki zuten, kanpoan zeuden herritar soldaduei behar zutena eskaintzeko: ardoa, ogia edo beste zerbait. Domingo Arandia kapitainari, itzulitakoan gastatutakoaren berri agertu beharko zuela esan zioten. Soraluzera norbait bidali eta 30 alkabuz erosteko norbait bidaltzea ere erabaki zuten.
  • 1638-7-2. Udalbatzar Nagusian alkateak adierazi zuen gerra gaiez arduratzen zen probintziko diputatuen gutun bat jaso zuela. Bertan jakinarazi zuten eguerdian "etsai" frantziarra gure lurretan sartu zela, eta Irun Uranzu eta bere muga bereganatuta zutela. Inolako denborarik galdu gabe probintziko herri eta hiriak bertaratzeko agintzen zuten. Aitak semeen ordez, Hernaniko Arma plazara gerturatuko ziren, bertan erregearen laguntzan ez ezik, aberriaren defentsan altxatzeko etsaiari aurre egiteko ordenak emango zituztelako. Gai garrantzitsu horri buruz zeuden era guztietako iritziak jaso ondoren, kanpaiak jotzea erabaki zuten eta herriko lurralde osoan albistea zabaltzea. Auzo eta baserri guztietara zabalduko zuten albiste hura, aitak semeen ordez eta inolako hutsegiterik gabe herriko enparantzan ager zitezen berehala, gauean bertan eta denbora galdu gabe abiatzeko Hernaniko Arma plazara. Guztiek beharreko munizioa eraman beharko zuten, herriak zuena banatuta. Eta zilarrezko 800 dukat zentsuan hartzea erabaki zuten agintarien eskuetan jartzeko, gastu asko egingo zituztelako irteeran: jende guztiarentzat janariak beharko ziren, baita beste zenbait gauza ere erregea eta lurraldearen defentsan gogo handiagoa jartzeko. Borrokaldia amaitzean kontuak garbituko zirela erabaki zuten.
  • 1638-7-2. Ohitura zaharrari jarraituz Domingo Kortaberria alkatea, Juan Lopez Ondarra sindiko fiela, eta Juan Oñaz, Juan Olazabal eta Usabaraza lizentziatua bildu ziren. Horiek erregidoreak izendatuak izan ziren agintariak itzuli bitartean herriko agintaritzan izan zitezen, herriko agintariek beste herritarrekin batera frantziarren aurka borrokatzeko irten baitzuten. Eskribaua izan zen lekukoa aipaturikoek karguak hartzean, eta horiek zeukaten lana ongi eta jator betetzen ahaleginduko zirela agindu zuten.
  • 1638-6-29. Enparan etxearen atarian, eskribaua eta agintariak bertan zirela, soldaduen zerrenda irakurri zuten. Ondoren, Pedro Egurzaren esanetara, 81 soldadu eta kaboarekin osatutako konpainiak herritik irten zuen.
  • 1638-6-28. Soldaduak hiru zatitan banatu ziren eta buru bezala Pedro Egurza kaboa izendatu zuten. Erregidoreari agindu zioten bere zatiarekin Irunera bidean jartzeko. Gehienak behartsuak zirenez eta laguntza behar zutenez, zilarrezko hamar erreal ematea erabaki zuten soldadu bakoitzari.
  • 1638-6-27. Gipuzkoako Batzar Nagusian izandako Domingo Kortaberria agertu zen, frantziarren aurka egiteko bertan hartu ziren neurriak jakinarazteko. Eta gaueko hamarretan, berriz, eskribauarena diputatuak iritsi ziren ahalik eta azkarren soldaduak Irungo mugara bidaltzeko eskatuz, albiste gogorrak iristen zirelako bertatik. Guztiaren berri jakin ondoren erabaki zuten herriko lurraldea zatitu eta bakoitzera norbait bidaltzea, 17 urtetik 60ra bitarteko guztien zerrenda egiteko. Gero, parrokian bilduta zerrendak ezagutzera eman zituzten eta, berandu zenez, agintarien esku utzi zuten lau zatitan banatzea gizaseme guztiak.
  • 1638-6-22. Diputazioaren gutuna jaso ondoren erabaki zuten Irunera bidali beharreko 26 soldaduak osatzeko falta ziren hamabostak bidaltzea. Gainontzeko herritarrek prest egon behar zuten hilaren 27an herriko enparantzan egingo zen bileran, orduan gai horri buruz hitz egingo zutelako.
  • 1638-6-8. Hilaren 5ean, larunbatez, Diputazioaren bi gutun iritsi zirela jakinarazi zuten. Batean, maiatzaren 31koan, erregearen agindu bat zegoen, eta bestean, berriz, maiatzaren 28koan, Velezko markesaren idatzia. Bi gutunetan esaten zen probintziak erregeari agindutako bi mila soldaduak berehala alistatu behar zirela. Gai berezia izanik, eta herritar bereziei deitu ondoren, Azkoitiko alkatearekin harremanetan jartzea erabaki zuten, bi herrien artean iritzi bera agertzeko Diputazioari.
  • 1638-5-30. Herrian zen tropako 20 edo 25 soldadu eta beraien kabo bat Urrestillara pasatzea erabaki zuten.
  • 1638-5-14. Probintziak herri bakoitzak munizioak eskuratzea agindu zuen, eta Tolosatik bi kintal bolbora ekartzea erabaki zuten.
  • 1638-5-5. Probintziaren mugak defenditzeko maiatza bitartean Irunera 200 soldadu bidaltzeko erabakia hartua zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Bakoitzari egunean bi errealeko laguntza emango zieten. Herriari tokatzen zitzaizkion 11 soldadu izendatu zituzten, guztiak boluntarioak. Bakoitzari dukat bat gehiago ematea erabaki zuten.
  • 1638-5-2. Inazio Mendizabali 210 zama ikatz saldu zizkioten, Lasao inguruko basoetan.
  • 1638-5-1. Pedro Zabalari 360 zama ikatz saldu zizkioten, diru gehien berak eskaini zuelako.
  • 1638-4-14. Miguel Kortari 580 zama ikatz saldu zizkioten Basanjuandegi basoan: Egiandi mendixkatik, Zamora baino zerbait gorago eta Olarueko bidera bitartean, eta behean Orbegozo etxearen lurretaraino. Beste 310 zama ikatz saldu zizkioten Susparrain basoan: Ibisusaga errekan hasi eta Juan Bautista Agirretxek erosirik zituen basoetara bitartean, erreka ertzetik Zuganeta aldera, Zugazti mendixkaren gailurrera eta Errazti aldera, Domingo Arandiak erositako basoekin bat egin arte.
  • 1638-4-5. Irunera boluntario soldadu joateko hauek aurkeztu ziren: Juan Lopez Gil, Antonio Zabala, Domingo Iparragirre, Domingo Goikoetxea, Juan Iturriaga, Inazio Arrizabalaga, Antonio Navarro, Benito Ainzia, Jazinto Alberdi, Domingo Zezein eta Inazio Zubimendi. Boluntario izanik, egunean bi erreal eskuratzen zituzten, baina zerbitzu hori egiteagatik bakoitzari beste bi dukat ematea herriak erabaki zuen.
  • 1638-3-31. Kontuan izanda Batzar Bereziak 200 soldadu prestatzea erabaki zuela, eta haietako 11 herriari tokatzen zitzaizkiola, boluntario joan nahi zuenik bazen jakiteko pregoiaren bidez deialdia egitea erabaki zuten eta, boluntariorik ez bazen, nekazaritzan gutxien falta egiten zutenak aukeratuko zituzten.
  • 1638-3-28. Herriko bereziekin egindako udalbatzarrean, dagoeneko deituta zen Gipuzkoako Batzar Berezian eskatzen ziren soldaduei buruz hitz egitea erabaki zuten.
  • 1638-3-27. Diputazioak Behobiara 500 soldadu bidaltzeko Juan Chaconek egindako eskaerari buruz idatzi zuen, eta Udalak hurrengo egunez, gaiari buruz hitz egiteko, herritar bereziei deituz bilera egitea erabaki zuen.
  • 1638-3-23. Probintziako Batzarrak agindu bezala, muga zaintzeko prest eduki nahian jendea, bakoitzak zituen armak ikusi ondoren zera adierazi zen: bakar batzuk inolako armarik gabe zirela, eta ahal zen azkarren inguratzeko agindua zutela. Ikusi nahian guztiak armak zituztela, Bazko egunean arma erakusketa egitea onartu zuten, aurrez eliza eta bandoen bidez adieraziz.
  • 1638-1-13. Diputazioaren gutun baten berri eman zuten, erregearen Gerra Kontseiluko Diego Isasik eginiko eskaeraren berri emanez: probintziak 500 soldadu Irunen jartzeko, ikusita frantziar arerioa jendetza handia biltzen ari zela muga inguruan eta, itxuraz, berehala borrokan hasteko prest. Isasik emandako agindu baten berri ere aipatu zuten bertan: Tolosako alkate Antonio Ibarrari ehun soldaduko taldearekin abiatzeko, bi mila dukateko isunaren azpian. Gaiari buruz erabaki bat hartzeko, Bidanian batzar bereziaa ospatzeko deialdia egin zuen Probintziak.
  • 1638-1-13. Diego Isasik berak idatzitako beste gutun baten berri ere eman zuten gero, une horretan behintzat 500 soldaduko taldearen beharrik ez zegoela jakinaraziz.
  • 1638-1-8. Pedro Rekarte erregidoreak Donostian eginiko gestioen berri adierazi zuen, herriak armadaren itzulerarako Lapurdira bidali zituen hiru idi pareen kobraketan arerioak bereganatu baitzituen.
  • 1638-1-8. Armadak gestioak egin zituen, atzera egin bitartean Hendaiako gazteluan egon ziren 31 herritarren soldatak kobratu ahal izateko; zilarrezko 248 erreal.
  • 1638-1-1. Enparango errota 2.000 errealean Juan Anziari errematatu ziotenean, Kristobal Eizagirrek 200 erreal gehiago eskaini zituen. Baina ongi eginiko errematea zela kontuan izanda, lehena gelditu zen errotarekin, urtebeterako.
  • 1637-11-19. Probintziak jaso zuen zedula erreal baten berri eman zuten, eta erregearen aldetik bi mila soldaduz osatutako taldea prestatzeko eskatu zioten, hurrengo urtean sor zitezkeen ezbeharrei aurre egiteko. Udalaren aldetik herritar bereziei deitzea erabaki zuten, euren iritziak jaso ondoren neurriak hartzeko.
  • 1637-10-19. Herri Batzar nagusian Diputazioak gutun baten bidez adierazi zuen frantziarrak prestatzen ari zirela probintzian zenbait tokitatik sartzeko, eta derrigorrezkoa egiten zela hango armada erretiratzeko mila lagunez osatutako taldea prestatzea. Kanpaiak jotzea erabaki zuten, eta txibulua kaleetan, eta auzoetara albisteak pasatzea herritarrak goizeko zortzietarako Santo Domingo komentuan biltzeko. Agertzen ez zenari heriotza zigorra ezarriko zioten edo ondasun guztiak kenduko zizkioten.
  • 1637-10-2. Gutun baten bidez, Juan Chacon Ponce de Leonek hiru idi pare eskatu zituen, Frantzian zen armadaren garraioa egiteko. Udaletxera deituak izan ondoren eta, zozketa baten bidez, Martin Asurza, Bixente Mendizabal eta Domingo Beristain gelditu ziren euren idiekin agindua betetzekotan.
  • 1637-8-17. Erregeak probintziari emandako agindua betetzeko, itsasertzera hurbil zitekeen etsaiari aurre egitea, derrigorrezkoa zen munizioa erostea eta dirua lortzeko basoak erosi zituenari hiru egunetan ordainketa egiteko adieraztea erabaki zuten.
  • 1637-6-16. Getaria eta Zumaiatik iritsitako albisteek ziotenez, Frantziako itsasontzi eta txalupa asko inguratu ziren portura. Herrira sartu nahi zutela ikusita eta, beraiek biztanle gutxi izanik, laguntza eskatu zuten etsaiei aurre egiteko. Bi herriek, zuten arriskuarekin jabetuta, kanpaiak joz eta pregoiaren bidez zabaldu zuten deia, herritarrak euren armekin arratsaldeko ordubietarako lurraldearen defentsan bidean jar zitetzen.
  • 1637-2-26. Bidanian egindako batzar berezian erregeari beste eskaintza bat egitea erabaki zela adierazi zuten: Frantzian eskuratutako tokiak gorde eta zaintzeko guztira 600 soldadu eskaintzea, herriak 31 prestatzea tokatuz. Hasieran, behintzat, hogei egunerako irten beharko zuten. Eta aurrez ordainduko zieten zerrendan agertzen ziren soldaduei. Horietako bakar batzuk aipatzeko, honakoak agertzen ziren (bakoitzak 32 zilarrezko erreal kobratu zituen): Juan Eleizalde, Inazio Alberdi, Domingo Ondarza, Domingo Eizagirre, Matias Alberdi, Inazio Azpillaga, Bautista Aizarnazabal, Inazio Bizkarra, Juan Zabala, Domingo Zubimendi, Martin Legarda, Mikel Lasa, Martin Arralde, Joxe Aranburu, Inazio Arzalluz, Domingo Ibarzabal, Inazio Urrutia...
  • 1637-1-10. Bixente Lertxundi kapitainak idatzitako gutun baten berri eman zuten: orduan Frantziarekin zen gerrarako Probintziak eskainitako 600 soldaduetako bati -Pedro Astiazarani-, Azpeitiko herriak ez ziola agindutako soldatarik ematen adieraziz, ihes egin eta herriratu zela esanez. Gaiari buruz hitz egin ondoren, kapitainari erantzutea erabaki zuten, esanez erregeak ematen zuen soldata eta Probintziak soldadu bakoitzari emandako zilarrezko bi erreal eta libra eta erdi bizkotxo nahiko soldata zela, herriak ezer gehiago eman gabe. Esan zitzaion, era berean, Astiazaran soldadua orduan gaixo eta nahiko gaizki zegoela. Herriak beteta zuen, beste herriek bezala, bere eginkizuna.
  • 1636-12-10. Erregearen zerbitzuan eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak aginduta herriko konpainiak Frantziara eginiko irteera aztertu zuten. Izan ere, herriak soldaduei ordaintzeko zilarrezko bi mila dukat zentsuan eskuratzea erabaki zuen, eta erdiak lehen unetik Pedro Rezustari eman zizkion, administratzaile izendatuz. Hilaren 12rako kontuen berri ematea eskatu zioten Pedro Rezustari, herriak bi mila dukat itzultzeko erarik egokiena zein zen erabakitzeko.
  • 1636-12-10. Kontuan izanik Frantziara irten baino lehen eta hamabost egunean zehar Manuel Arsuarez kaboa ahalegindu zela herriko konpainiarekin ariketak egiten Donostian, zilarrezko ehun erreal hari ematea erabaki zuten.
  • 1636-10-24. Kontuan izanik herriko konpainia bezperan Frantzian sartu zela probintziko beste konpainia batzuekin batera, gertatzen zenaren berri jakitea erabaki zuten, herriak nola jokatu behar zuen erabakitzeko.
  • 1636-10-23. Herriko soldadu konpainia sartu zen Frantzian, goizez, Gipuzkoako beste batzuekin batera.
  • 1636-9-30. Une hartako gerratean herria bere banderarik gabe zegoenez, eta bere nortasuna agertzeko beste zenbait gauza ere ez zituelako, Joan Anzia erregidoreari agindu zioten Miguel Gerrenzurik agindurik zituen ehun dukatekin Donostiara joan eta behar ziren gauzak eginarazteko.
  • 1636-9-30. Herriko konpainiak beharra bazuen ere, Joan Oñaz erregidoreari agindu zioten berrehun anega gari inguratzeko, eta horretarako harremanetan jarri ziren erretorea, apaizak eta beste zenbait herritar.
  • 1636-9-30. Herriko konpainiaren kaperau moduan izendatu zituzten Bartolome Sokin, Joan Badiola eta Frantzisko Korta apaizak, eta zirujau lanerako, berriz, Martin Landeta gaztea eta Martin Atxaran.
  • 1636-9-14. Hiru egunerako herritik irten behar zuen konpainiarentzat ostatua aurkitzeko langintza eman zioten Pedro Antxietari, berehala irteteko aginduarekin, lehenik Asteasura -aurreneko gaua bertan igaroko zuten konpainiak- eta hurrengo egunean Oiartzunera. Hurrengo egunez, asteazken goizean goiz jende guztia Loiolara joan zedila agintzea erabaki zuten, San Inaziori laguntza eskatzeko. Parrokiko apaizei prozesioan joateko eskatu zieten, eta erretoreari sermoi egokia egiteko, konpainian joango zirenak agurtuz. Konpainiak janaria beharko zuela kontuan izanda, Juan Martin Aginaga batzarrera deitu zuten, eta bere lurraldeko edonori behiren bat edo ahariren bat kendu ahal izateko ahalmen osoa eman zion herriak. Aharia 26 marai libra eta behia hamalau libra ordaintzen ziren.
  • 1636-3-24. Herriko agintariek aho batez erabaki zuten gerra deialdi baterako prest egotea, behar zen dirua zentsuan lortuta.
  • 1636-3-22. Albisteak iritsi ziren, mugan frantziarrak ugaritzen ari zirela, eta Diputazioak herriko biztanleek prest izatea eskatu zuen. Azpeitiko agintariek biztanle guztiei hil honen 24rako deitzea erabaki zuten.
  • 1636-3-11. Korrejidorearen aginduaren berri eman zuten, Espainiako erregearen aldetik otoitz eta errogatibak egitea eskatzen baitzen, beraren eta Frantziako erregearen artean bakea nagusitu zedin. Parrokiko elizgizonei horrela eskatzea erabaki zuten; herriko kaleetan eta hiru egunez jarraian prozesioak egingo zirela, egunean bertan hasita.
  • 1636-3-7. Martin Iraolari eman zioten ahalmena herriaren izenean Sevillako (Espainia) alkabalatan Elola memoriak 1634an sortu zituen interesak kobratzeko; 270.000 marai, hirukiko lehen zatia.
  • 1636-3-7. Lorentzo Agirre idazkariak bere testamentuaren bidez parrokiari utzitako 50 dukat eta ospitaleari utzitako beste hainbeste kobratzeko ahalmena eman zuen herriak.
  • 1635-12-7. Zorionak emanez idatzitako gutunari erantzunez, urte horretako maiatzaren 11n Napolesko erreinuko estatu idazkari Gaspar Rosales 'Egurza'-k bidalitako gutuna irakuri zuen Azpeitiko Udalak. Herriari laguntza eskaini zion hark.
  • 1635-5-11. Alzaga etxe nagusia erre zen gauez eta Pedro Alzaga etxejabeak herriaren basoetan egurra ebakitzeko baimena eskatu zuen. Baietz esan zioten.
  • 1634-12-14. Alkateak Luis de Castillo korrejidorea gau hartan Azpeitira zetorrela jakin zuela adierazi zuen. Baina bere etorrera jakinarazi ez zuenez, inolako ongi-etorririk ez egitea eta alkatea haren etxera agurtzera joatea erabaki zuen Udalak.
  • 1634-9-28. Nikolas Saez Elolak, Pedro Altuna Arostegik eta honen emazte Petronila Ondarrak sortutako memorien patroi moduan sei emakume aukeratu zituen herriak, Elolaren dotea emateko: Katalina Beristain, Katalina Jauregi, Luzia Alzuru, Ana Garmendia, Maria Krutz Mendikobe eta Maria Eizagirre. Altuna-Ondarra doteetako, berriz, Maria Beltran Eraso, Madalena Orbegozo eta Tekla Etxeberria aukeratu zituzten.
  • 1634-9-11. Pagaola inguruan 720 ikatz zama saldu zizkion herriak Martin Egurzari, 80 maraiko prezioan.
  • 1634-8-25. Parrokien bidez, lehen igandean edo jaiegunean herriko lurretan ziren zubietan gurdiak pasatzea debekatuta zela adieraztea erabaki zuten, gurdiek izugarrizko kalteak egiten baitzituzten.
  • 1634-7-20. Herriak zituen lurralde batzuk soro bihurtzeko baimena eman zieten batzuei, eta ordaintzat bakoitzak hamar zuhaitz landatu zituen.
  • 1634-4-11. Diputazioaren gutun baten bidez, Espainako erregearen zedularen berri eman zuten. Bertan, Hondarribitik Frantziarako muga guztian guardia egitea eskatzen zuen. Herriak, berriz, beharrezkoa bazen, bertara 100 soldadu bidal zitezkeela erantzutea erabaki zuen, baina baldintza bat ere jarri zuen: probintziako diputatuek izan behar zuten soldadu horiek zuzendu eta horiei aginduak emango zizkietenak, eta ez Hondarribiko gobernadorea.
  • 1634-1-3. Domingo Korteberriak Donostiara apezpikuarengana egindako bidaiaren berri eman zuen. Bidaiaren asmoa apezpikuari herriak parrokiko elizgizonekin zituen tirabirak jakinaraztea zen: goizeko mezak, San Agustin egunean kanpaiak jotzea eta beste zenbait gai.
  • 1633-12-8. Bi gutun irakurri zituzten: Domingo Kortaberriarena eta haren bidez herriak apezpikuari bidalitako kartaren erantzuna. Apezpikuak Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna parrokian ospatzeko agindu zuen, baina nahi izanez gero arratsaldean frantziskanen monastegian elizkizuna egiteko aukera azaldu zuen. Guztiaren berri jakin ondoren eta gaiari buruz iritziak jaso ondoren, Elordi lizentziatua eta Antonio Lapaza erregidoreak monastegiko bikarioarekin harremanetan jartzea erabaki zen, eta bikarioari udaletxera deitu zioten. Bikarioari adierazi zioten 1619tik 1624ra bitartean ospatu zen bezala egitea guztia: herria eta apaizak bat eginik prozesioan joatea monastegira, meza nagusia bertan ospatzeko ondoren.
  • 1633-12-4. Herriko fidelak adierazi zuen, erretoreak meza nagusian irakurri zuenean oinarrituta, apezpikuak debekatu egin zuela abenduaren 8ko Andre Maria Sortzez Garbiaren elizkizunak Frantziskotarren monasterioan ospatzea. Egun horretako elizkizunak aurrerantzean parrokian ospatzeko agindua eman zuen, eta agindua sahiestuz gero eskomikua eta hamar dukateko zigorra ezarriko zutela. Frantziskotarren monasterioan ospatu nahi izanez gero, beste egunen batean egiteko proposatu zuen.
  • 1633-12-4. Agindu batek ohitura bat galarazten zuela eta herriko agintariek horren berririk izan gabe erabakitakoa izan zela kontuan izanda, idatzia prestatu eta Domingo Kortaberria apezpikuarengana joatea erabaki zuten, ohitura hura errespetatzeko eskatzera.
  • 1633-12-3. Santiagotarren ordenako Pedro Arriagak eta Domingo Kortaberriak lagunduta agertu zen batzarrean Frantziskotarren bikarioa. Ohikoa zen bezala, Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna euren monasterioan ospatzeko eskatu zuen. Agintariek eskatu bezala egitea erabaki zuten.
  • 1631-12-5. Frantzisko Oiarzabalek enparantzan zituen etxeak erosteaz hitz egin zuten agintarien artean, eta alkateari eskatu zioten etxeak erosteko herritarren aldetik egindako diru laguntza eskaintza kontuan izateko.
  • 1631-11-19. Burdinoletako nagusia eta garraioak egiten zituztenekin bildurik bide publikoetan garraioak egiteko debekuari buruz hitz egiteko, haien aldetik urtean ordainketa batzuk egitea onartu zuten guztien artean, eta lehenena hurrengo urtearen amaieran: burdinola bakoitzeko nagusiak zilarrezko bi dukat eta gurdiaren jabe bakoitzak zilarrezko dukat bat. Bideetan konponketa lanak egiteko erabiliko zuten dirua lortuko zen horrela. Erabakia hartu ondoren, herriaren aldetik debekua altxatu zuten, eta ordaindu beharreko guztiaren zerrenda osatzea agindu zuten.
  • 1631-10-1. Kontuan izanik herritik kanpora saltzen zutela garia eta ogia okinek eta, era horretan produktu horiek garestitzeko arriskua sortzen zenez, bata eta bestea kanpora saltzea debekatu zuten.
  • 1631-8-4. Frantzisko Saez Aranburu kapitainak adierazi zuen gezurra zela herritarrek ostatua emateko aurreko egunean bere soldaduen artean txartelak banatu zituenik. Bide batez, herriari laguntza eskatu zion, bera ordaintzeko prest zela esanez.
  • 1631-8-3. Frantzisko Saez Aranburu herriratzear zen 800 soldaduko taldearekin eta, probintziaren agindua kontuan izanik, taldeko ofizialei bakarrik laguntzea erabaki zuen herriak. Gainontzekoak euren kontura konponduko ziren.
  • 1631-8-3. Kapitain bat txartelak banatzen ari zen soldaduei, herritarren etxeetan ostatua izan zezaten. Ondorioz, horretarako inongo eskubiderik ez zuela adieraztea eta etxeetan soldaduak hartu zituztenei herriak ordainketarik ez egitea erabaki zuten.
  • 1631-7-7. Probintziak 400 soldadu boluntario prestatuko zituen eta, hori herriak ordaindu behar zuenez, guztiaz jakinarazteko hilaren 12an meza nagusiaren ondoren herritar guztiak biltzea erabaki zuten. Dirutza handia zen herriarentzat, bi zatitan banatuta ordaindu behar bazen ere.
  • 1631-5-20. Dastatu, prezioa jarri eta txanda ezagutu bitartean sagardo salketak egitea debekatu zuten.
  • 1631-5-16. Saltzeko sagardoa zutenei udalbatzarrera agertzeko adieraztea erabaki zuten, txandak izendatzeko zozketa egingo zelako.
  • 1631-3-14. Herriaren errotak erabiltzea agindu zuten, aleak xehetzeko, beste nonbaitera eramateak kalteak sortzen zizkiolako herriari.
  • 1631-3-6. Domingotarren Probintzialari herriko komentuko priore Antonio Laskoain fraidea zigortzea eskatzea erabaki zuten. Hauster egunean, bere sermoian, eta denek ulertzeko eran, pertsona partikular batzuk aipatu zituen Laskoainek, hitz gogorrak erabiliz.
  • 1631-2-12. Izarraizpen Zabala baserria erre zitzaion Pedro Zabalari, eta herriak baimena eman zion bere lurraldeetan egurra ebakitzeko.
  • 1630-12-15. Kontuan izanda herriko behartsuek txerriak hazten zituztela -horretarako janaririk izan gabe- eta zenbait lapurreta izan zirela baratza eta soroetan, herritar haiei txerriak haztea debekatzea erabaki zuten.
  • 1630-12-7. Aurreko bi urteetan egin bezala, Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna frantziskotarren monasterioan antolatzeko agindu zieten herriko fidelari eta eskribauari.
  • 1630-11-5. Italian izurritea zabaltzen ari zen eta, alde honetara arerioak ekar zitzakeela kontuan hartuta, herrian guardiak egitea erabaki zuten Bustinzuriko gurutzean, Madalena ermitan eta Enparan errotaren inguruan, postu bakoitzean bi guardia jarririk egunean, txandaka, agintariek prestaturik zuten zerrenda jarraituz. Egunez eta gauez atzerritarrei eta ingurukoei herrian sartzen ez uztea agindu zieten, baldin eta oso ezagunak ez baziren, eta horrela izanik ere alkatearen baimena beharko zuten.
  • 1630-3-2. Herriaren izenean probintziako herriei idaztea erabaki zuten, San Inaziori buruz ez zezaten inolako aldaketarik egin Ordiziako batzar nagusira bitartean. Frantziskotarrek Martin beatua izendatu nahi zuten San Inazioren ordez.
  • 1630-2-20. Agustindarren Probintzialari idaztea erabaki zuten, esanez lehengo batzarrean komenturako priorea aukera zezatela eta ordura arte bezala predikari egokia izan zedila.
  • 1630-2-18. Parrokiko Juan Abalos organojoleak Gasteizen aurkitu zuen lantoki berria, eta derrigorrezkoa ikusirik beste baten beharra, Miguel Apaeztegiri deitu zioten (aurrez Tolosan egon zena). Elizgizonekin hitz egin ondoren, harekin egin zuten eskritura, 30 dukat eskainiz soldata bezala; erdiak herriak ordainduko zizkion eta beste erdiak parrokiak, aurrez apezpikuaren baimena lortuta. Udaletxearen goialdean eman zioten etxebizitza, korrejidorea herriratu bitartean behintzat. Eskritura sinatzeko, Bartolome Sokin, Esteban Berrasoeta eta Adrian Elordi apaizak izendatu zituzten, eta herriak, berriz, Domingo Kortaberria eta Juan Perez Arriaga izendatu zituen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan