Sansebastianak 2024

San Sebastian egunez, haurren danbor festa

Erredakzioa 2024ko urt. 20a, 10:08

Iazko haurren danborradan, banderadunak udaletxeko balkoian.

Gaur, San Sebastian egunez, 12:30ean abiatuko da haurren danborrada, Olazko Andre Mariaren plazatik. Alde Zaharrean barrena ibiliko dira partaideak eguerdira bitartean, eta karrozak itxiko du desfilea.

Atzo, San Sebastian bezperan helduak izan ziren kaleak danbor hotsez alaitu zituztenak, eta gaur, berriz, etxeko txikienek hartuko dute erreleboa. Izan ere, haurrek eta gaztetxoek atabalak hartu eta gogotik joko dituzte danborrak eta barrikak herriko kaleetan barrena.

Gaur, hamar taldek osatuko dute umeen danborrada. Honako hauek dira talde horiek: Karmelo Etxegaraiko napoleoi gorriak, Iraurgiko Zumalakarregi taldea, Ikasberriko soldaduak, Iraurgiko mikeleteak, Karmelo Etxegaraiko napoleoi urdinak, Juan Antxieta musika eskola, Karmelo Etxegaraiko Bizkaiko tertzioak, Itsasi, Iraurgiko ezpatadunak eta Ikasberriko sukaldariak. Guztira, 500 ume inguru izango dira aurtengo haurren danborradan.

Ohi den moduan, 12:30ean hasiko da danbor festa, Olazko Andre Mariaren plazatik. Talde batzuk Arana kaletik eta Buztintzuriko Errebaletik jaitsiko dira hara, eta beste batzuk Artzubiatik igoko dira. Ohiko legez, Aranatik abiatuko da karroza, eta hura arduratuko da desfilea ixteaz.

Trikitiari lotutako karroza izango da aurtengoa, eta Aitor Expositok diseinatu du. Karmelo Etxegarai ikastolako bost ume joango dira karrozan. Haren atzetik inudez, mikeletez eta abarrez jantzita desfilean irten nahi dutenek Aranera joan beharko dute.

Alde Zaharreko kaleak igaro ondoren, danborrada plazara iritsiko da, eta han abesti guztiak jotzen dituztenean amaituko da haurren danbor festa.

Honako hau da haurren taldeek bukaeran, plazan, izango duten kokapena:

Ez dira, ordea, eguneko danbor hots bakarrak izango eguerdikoak; gauean banderaren jaitsiera ekitaldia izango da. Aurten, Arrantzaleak, Gure Ametsa, Ardozaleak, Iraurgi Saskibaloia, Mendizaleak eta Barratsu taldeei egokitu zaie danborradan parte hartzea, baina larunbata izanik, beste talde bat ere batu da festara: Basazabal.

Hona hemen, berriz, bandera jaitsieran taldeek izango duten kokapena:

Erlazionatuak

Irribarrea ezin kenduta ahotik

Maria Sarasua (Juan Antxieta musika eskolako ikaslea) urt 20 Azpeitia

Sansebastianetarako gogoz

Haizea Arraras (Ikasberri Ikastolako ikaslea) urt 20 Azpeitia