INOZENTEEN EGUNEKO ALBISTEA

Sokamuturraren eskultura babesteko neurriak hartuko ditu udalak

Ainara Agirre 2023ko abe. 28a, 08:51
Eskultura babesteko egituraren zirriborro bat.

[Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea] Done Jakue kaleko eskulturak nahita zein istripuz eragindako hainbat kalte jasan ditu azken hilabeteetan, eta hura nola babestu aztertzen ari da erakundea.

Sokamuturrari eskainitako eskultura ezaguna babesteko neurriak aztertzen ari da Azpeitiko Udala. 2002tik dago Done Jakue kalean, Frontoi Txikiaren ondoan, Javier Iraetak egindako brontzezko eskultura. Azken hilabeteetan, nahita zein istripuz eraginda, hainbat kalte jasan ditu sokamutilak, zezenak eta sokak osatutako eskultura multzoak. Urriko azken asteburuan, ezezagunek sokamutilaren ezkerreko besoa apurtu zuten –2012an ere beso bera apurtuta agertu zen–; eta azaroaren 22an, Gernikako arbolaren erorketak zuzenean jo zuen eskultura multzoko zezena.

Azken kalteak konpondu gabe ditu momentuz brontzezko eskulturak, baina udala hura babesteko neurriak aztertzen ari da. Babes neurriak guztiz zehaztu gabe badituzte ere, sokamutilaren eta zezenaren irudiak segurtasuneko kristalarekin egindako egitura batekin inguratzea edota estaltzea da helburua; hartara, eskultura babestuta geldituko da, baina guztiek ikusteko moduan, era berean.

Sansebastianetarako ez bada, karnabaletarako eskultura konponduta eta babestuta egotea aurreikusi dute.

Abenduak 28, 18:00: Uztarriak Inozenteen Egunaren harira kaleratutako albistea da hau.