Aitor Salegi: "Saio bizi samarra izango da eta umore ukituak ez dira faltako"

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 16a, 13:55
Aitor Salegi Zestoako bertsolaria, Erniarraitz bertso eskolan (Maialen Etxaniz)

Gaur jokatuko da IX. Erniarraitz bertso txapelketaren finala Gaztetxean, 22:00etan hasita. Kanporaketak jokatu ostean, sei dira finalera sailkatu diren bertsolariak: Aitor BizkarraAratz Igartzabal, Joanes Illarregi, Haritz Mujika, Eneko Araiztegi eta Aitor Salegi bertsolariak.

Zestoako Erralla bertso eskolako kidea da Aitor Salegi (Zestoa, 1993). Bera izan da Erniarraitzek bi urtean behin antolatzen duen bertsolari gazteen sariketako finalera iritsi den eskualdeko bakarra. "Gozatzea eta gozaraztea" ditu helburu gaurko saioan zestoarrak.

Noiz hasi zinen bertsotan?

Jaunartzean pare bat bertso kantatu nituen, eta ordurako Zestoako bertso eskolan hasita nengoen, ni baino bi urte zaharragoa den anaiaren babesean. Aita beti izan da bertsozalea, eta Hitzetik Hortzera beti ikusi izan dugu etxean. Oskar Alberdi genuen irakaslea, eta astero lau-bost lagun elkartzen ginen. Urte guztiotan, komunikatzeko modua eta askabidea izan da bertsoa niretzat. Lotsati fama dugu euskaldunok, elkarri hitz goxo bat esatera ez gara ausartzen apenas, eta oholtzara igo eta bertsotan egitea fikzioa den heinean, bestela esango ez genituzkeen egiak botatzen ditugu.

Sariketa honetan parte hartzen duzun laugarren aldia duzu. Zer nolako esperientzia izan da beste urteetakoa?

Ona. 18 urte betetzean eskolarteko saioak atzean utzi genituen, sariketetan hasteko. Gazteok plazarik ez dugu izaten apenas, plazan dabiltzanek beste maila bat dutelako. Zentzu horretan, Gabiriako Osinalde, Zarauzko Lizardi eta Erniarraitz Sariketak aukera ona dira oholtzan kantatzeko eta jendea ezagutzeko.

Erralla bertso eskolako kidea zara. Zer osasun du taldeak?

Duela bi urte umeen bertso eskola sortu genuen Zestoan, eta Maialen Belarde zumaiarrak gidatuta sei ikasle –haietatik hiru azkoitiarrak– aritzen dira kantuan. Helduen taldea, ordea, osasunez makal dago oso. Oskarri esker eman genuen jauzia helduen bertso eskolara, baina azken hiru urteotan Arroako Igor Olabide eta biok baino ez gara bildu izan. Orain, Azpeitian astero hasiko gara elkartzen Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Leire Ostolaza...

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.