Aratz Igartzabal: "Halako aho zapore onarekin sailkatuta, are gusturago nago"

Urola Kostako Hitza 2018ko ots. 20a, 11:17
Aratz Igartzabal. (Goierriko Hitza)

Igandean jokatu zuten Erniarraitz Txapelketaren IX. edizioko lehen kanporaketa Azkoitiko Kultur Etxean. Aratz Igartzabal nagusitu zen eta finalerako txartela eskuratu du. Bigarren kanporaketa hurrengo igandean izango da, Errezilgo Borondegin.

Igande arratsaldean hasi zen Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatutako Erniarraitz Txapelketaren IX. edizioa. Azkoitiko Kultur Etxean jokatu zuten lehen kanporaketa, eta bertan Oier Etxeberria azpeitiarrak, Aratz Igartzabalek, Maialen Akizuk, Aitor Sevierrek, Joanes Illarregik eta Txaber Altubek abestu zuten. Gai-jartzaile lanak Silvia Etxanizek egin zituen.

Igartzabal izan zen nagusi, bigarrenari, Illarregiri, puntu eta erdiko aldea aterata; hain zuzen ere, 236,5 puntu batu zituen Igartzabalek eta 135 puntu Illarregik. Haien atzetik, puntu batzuen aldearekin sailkatu ziren Altube (222,5), Akizu (222,5), Etxeberria (221) eta Servier (207,5).

Saioa irabazita, martxoaren 16an Azpeitiko Gaztetxean jokatuko den finalerako zuzeneko txartela eskuratu du Igartzabalek. "Finalak beti dira poztekoak, eta halako aho zapore onarekin sailkatuta, are gustorago nago", azaldu du.

Izan ere, gabiriarra "oso gustura" aritu zen igandean kantuan. "Urduritasun puntu bat banuen, baina ez gehiegizkoa. Kontzentratuta nengoen, bertsotan egin nahi nuen". Hark esan duenez, gaikako ariketak "drama handiegirik" egin gabe osatu zituen. "Kartzelakoa ez da nire alderik indartsuena, baina saioa han salbatu nuen sentipena daukat. Izugarrizko izua diot kartzelakoari, eta atzo egindako lanarekin gustura nago".

Ez da Igartzabalek bi urtez behin egiten den Erniarraitz Txapelketan parte hartzen duen lehen aldia. Izan ere, 2016an ere kantatu zuen gabiriarrak txapelketa horretan. Igartzabalek uste du horrelako txapelketek bertsolari gazteei aukera emateaz gain, bertsotan egiteko eta bere bertsokera erakusteko aukera ematen dietela. "Oso beharrezkoak direla esango nuke". Gainera, haren aburuz, "luxu bat" da Erniarraitz Txapelketa. "Entzule zorrotzak bezain onak joaten dira txapelketako saioetara, eta horrek asko laguntzen digu bertsolarioi".

Bigarren kanporaketa datorren igandean izango da Errezilgo Borondegi jatetxean. 17:00etan hasiko da saioa, eta honako bertsolari hauek abestuko dute bertan: Jon Gurrutxaga azpeitiarra, Eli Pagola, Malen Amenabar, Maider Arregi, Eñaut Martikorena eta Eneko Araiztegi. Gaiak jartzen, berriz, Jokin Uranga ariko da.

Hirugarren eta azken kanporaketa Zestoako Kultur Etxean izango da martxoaren 4an, igandez (17:00). Saio horretan ere sei bertsolari ariko dira kantuan: Jon Ander Iriondo azpeitiarra, Aitor Salegi, Aitor Bizkarra, Peru Abarrategi, Haritz Mujika eta Xabi Igoa. Aizpea Aristi arduratuko da bertsolariei gaiak jartzeaz.

Igartzabalen gisan, datozen bi kanporaketen irabazleek ere finalerako zuzeneko txartela eskuratuko dute. Finalean ariko diren gainerako hiru bertsolariak, aldiz, kanporaketetan eskuratutako puntuen arabera sailkatuko dira.