Joxe Takolo beka, Zabaltzak eta Fernandezek aurkeztutako Drangnag-ri espedizioarentzat

Uztarria.eus 2018ko mai. 24a, 14:41
Zabaltza eta Fernandez, Udaleko ordezkariak eta Joxe 'Takolo'-en senideak. (Maialen Etxaniz)

Urritik azarora bitartean egingo dute Nepalgo Himalayan kokatzen den Drangnag-ri mendira espedizioa, eta bost aste inguru iraungo ditu. Aurten zazpi proiektu aurkeztu dituzte Joxe Takolo bekara, eta "punta-puntako proiektuak" izan direla nabarmendu dute diru-laguntzaren sustatzaileek.

Indartsu itzuli zen iaz Joxe Takolo beka, eta horrela etorri da aurten ere. Mikel Zabaltza eta Alberto Fernandez mendizaleek irabazi dute 3.000 euroko beka, Drangnag-rira egingo duten espedizioaren proiektuarekin. Atzo, asteazkena, jakinarazi zuten proiektu irabazlea zein izan den, eta haren egileek espedizioaren inguruko zenbait xehetasun azaldu zituzten.  

Urritik azarora bitartean egingo dute Nepalgo Himalayan kokatzen den Dragnag-ri mendira espedizioa, eta bost aste inguru iraungo ditu. Alberto Fernandez mendizale elgoibartarrak azaldu zuenez, beren helburuetako bat da "estilo alpinoan 6.800 metroko bide berri bat zabaltzea".

Lur eremu mixtoan egingo dute espedizioa, izotzez eta haitzez osatutako eremua baita Dragnag-rikoa. Zabaltzaren eta Fernandezen aurreikuspenen arabera, 1.400 metro eskalatu beharko dituzte orotara. Joxe Takolo bekaren irabazleek azaldu zutenez, oinarrizko kanpamentua Na herrian jarriko dute (4.000 metro inguruko altueran) eta handik gertu dagoen Ripimo Shar glaziarraren inguruan aklimatazioa egitea aurreikusten dute. Elgoibarko mendizaleak azaldu zuenez, "gauza berriak egiteko leku aproposa da Drangnag-ri, bailara hori ez baitago asko explotatuta". Dena den, ez dakite eguraldiak lagunduko al dien edo ez, eta horregatik, beste mendi batzuk ere aztertu dituzte. "Gure helburua argia da, baina ezin da jakin; mendiak jartzen ditu baldintzak, eta guk egokitu behar dugu horietara", adierazi zuen Mikel Zabaltzak. 

Joxe Takolo beka, kalitatea irabazten

Duela bi urte Joxe Takolo beka indartzeko egindako geldialdia "emaitzak ematen" ari dela adierazi zuen atzoko agerraldian Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak. Izan ere, zazpi proiektu aurkeztu dituzte aurtengo Joxe Takolo bekara, eta Elduaienen hitzetan, "kalitatezko proiektu garrantzitsuak” izan dira denak. 

Epaimahai teknikoa arduratu da zazpi proiektu horietatik irabazlea aukeratzeaz. Lagun Onak Mendi Bazkunak, Euskal Herriko Mendi Federazioak, Joxe Mari Azpiazuk, Juan Mari Olaizolak, Pako Lertxundik, Mikel Arregik eta Ibon Azkunek osatu dute aurtengo epaimahaia. Proiektu saritua aukeratzeko puntu bidezko balorazio sistema jakin bat jarraitu dute. Zabaltzaren eta Fernandezen lanak hamaika punturen aldea atera dio bigarren sailkatu den proiektuari. 

Proiektu irabazlea aukeratzeko garaian "zailtasun dexente" izan dituztela azaldu zuen atzo Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakari Aitor Unanuek. Haren hitzetan, "punta-puntako proiektuak" jaso dituzte aurten, eta hori "pozgarria" dela adierazi zuen. Zalantzak zalantza, azkenean Zabaltzaren eta Fernandezen proiektua saritzea erabaki zutela esan zuen Unanuek, "teknikoki dituen ezaugarriengatik" eta "originalena eta egokiena" zela iritzita. Joxe Mari Azpiazuk, bere aldetik, Joxe Takolo beka Mikel Zabaltza iruindarraren eskutan uztea "ohore bat" dela adierazi zuen, Azpiazuren hitzetan, "Mikel [Zabaltza] ez baita edozein". Zabaltzak proposatu zion proiektua elkarrekin egitea Fernandezi, elgoibartarra haren ikaslea izan baitzen.  

Joxe Takolo beka –3.000 euro– Azpeitiko Udalak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak finantzatu dute.

Joxe Takolo beka jaso dutenak

2001: Pumori.

2002: Nanga Parbat 2002.

2003: Elurretako leopardoa.

2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino.

2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk.

2006: Hutsik gelditu zen beka.

2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo.

2008: Marokon eskalada.

2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa.

2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa.

2011: Hutsik gelditu zen beka.

2012: Circo de las inescanables.

2013: Hutsik gelditu zen beka.

2014: Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier.

2015Incognita Patagonia 2015 

2016: Lagun Onak Mendi Bazkuna.

2017: Nun dago nun? espedizioa.