Jaso dute 2014ko Joxe Takolo beka

Uztarria.eus 2014ko mai. 30a, 15:01

Gaur, ostirala, jaso dute Jonatan Larrañaga getxoztar eta Manu Cordoba zaragozar mendizaleek 2014ko Joxe Takolo beka, udaletxeko aretoan. Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier proiektuari esker jaso dute espedizioa egin ahal izateko 3.000 euroko diru-saria. Bertan izan dira proiektuaren egileak, Manuel Unanue Udal kirol batzordeburua, Joseba Ugalde Euskal Herriko Mendi Federazioko presidentea eta Joxe Takolo zenaren senitarteko eta lagunak. 

Proiektuaren egile Jonatan Larrañagak azaldu duenez, "oso pozik" daude beka eskuratu dutelako. "Duela hamar urte ezagutu nuen Manu, eta bera, Jordi Coloma eta hirurok joango gara urrian Nepalera. Jordi Coloma bailara horretan izandakoa da, eta aldea da hori. Dena den, guretzat ezezaguna den bailara batera joango gara. Leku berriak ezagutu nahi ditugu eta", azaldu du. Alturari baino "estiloari" ematen diotela garrantzia adierazi dute proiektuaren egileek: "Alpino estiloan ariko gara. Ez dugu ez soka finkorik, ez sherparik eta ez oxigenorik erabiliko. Horrela igotzen saiatuko gara". Mendi zehatzik ez dutela buruan esan dute: "Eguraldia-eta ikusi beharko ditugu, eta mendi bat edo bestea igoko dugu eguzkiaren eta elurraren arabera. Harria igotzea baino nahiago dugu lur mistoetan aritzea".

40 eguneko espedizioa aurreikusi dute, eta 12-15 egun "ohitzeko" beharko dituztela esan du Larrañagak. Gero, beste 20 egunetan aurreikusita eta zehaztu gabe dituzten bizpahiru gailur igoko dituzte. "Gozatzea" nahi dutela, eta euren esku dagoena egingo dutela gaineratu dute Larrañagak eta Cordobak.

Joxe Takolo beka jaso dutenak

2001: Pumori.

2002: Nanga Parbat 2002.

2003: Elurretako leopardoa.

2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino.

2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk.

2006: Hutsik gelditu zen beka.

2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo.

2008: Marokon eskalada.

2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa.

2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa.

2011: Hutsik gelditu zen beka.

2012: Circo de las inescanables.

2013: Hutsik gelditu zen beka.

2014: Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier.