Orain badakite non dagoen eta nolakoa den Nun

Uztarria.eus | Kirolak | Artikulua
2017-11-23 11:44

'Nun dago Nun?' proiektuak jaso du aurtengo Joxe Takolo beka. Xabier Urrate eta Mikel Diez goierritarrek "pozez" jaso zuten beka. Indiako 7.125 metroko Nun mendira espedizioa udan egin zuten, eta atzo jaso zuten Azpeitiko Udalak, Lagun Onak mendi bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak banatzen duten beka.

Aitor Unanue, Mikel Diez, Estitxu Elduaien eta Xabi Urrate. (Azpeitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Xabier Urrate urretxuarrak eta Mikel Diez zumarragarrak jaso dute aurtengo Joxe Takolo beka. Nun da Nun? proiektuari esker jaso dute 3.000 euroko diru saria, eta atzo aurkeztu zuten proiektua Azpeitiko udaletxean. Beste urteetan ez bezala, espedizioa egin eta gero jaso dute beka bi mendigoizaleek. Normalean uda aurretik banatzen dute beka, baina aurten beranduago ibili dira; izan ere, bekaren sustatzaileek iaz erabaki zuten oinarriak aldatzea, eta tramiteetarako denbora gehiago behar izan dute.

Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak antolatzen dute Joxe Takolo zenaren oroimenezko beka, eta iaz Lagun Onak Mendi Bazkunak jaso zuen diru saria, mendizaletasunaren egoeraz ikerketa egiteko. Oinarriak aldatzea erabaki zuten, eta aurtengo beka deialdira lau proiektu aurkeztu dituzte. Eta Mahai Teknikoak aho batez hala erabakita, Urratek eta Diezek jaso dute laguntza. Lagun Onak Mendi Bazkunako lehendakari Aitor Unanuek azaldu duenez, "garbi" ikusi zuten proiektuak bekaren oinarriak "bete-betean" betetzen zituela. "Mendigoizaletasun klasikoa galdu egin da, eta Nun dago Nun? proiektua hori berreskuratzera etorri da. Ohiko Himalaiatik aparte dago Nun, eta bekaren oinarriak eta Takolo zenaren izana ezinhobeto islatzen ditu espedizioak".

Atzokoan ezin izan zuten aurkezpenean izan Takoloren senideek, baina haien izenean zorionak eman zizkien Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak beka jaso duten bi mendizaleei. Ondoren, Urratek eta Diezek hartu zuten hitza, eta biek esker hitzak izan zituzten bekaren antolatzaileentzat. "Espediziora joateko egun gutxi falta zirela bidali genuen proiektuaren txostena, eta sorpresa handia izan zen guk irabazi genuela jakitea; izan ere, handik etorri eta ia bi hilabete pasatu ziren jada, eta ia-ia ahaztuta geunden bekarekin". Pozez hartu dute beka, "Joxe Takolo bekak duen izenagatik", eta esan dute "ohorea" dela beraientzat halako beka bat jasotzea. Gainera, mendia gustuko duten pertsonei dei egin diete bekaren datozen edizioetan parte hartzeko.

Mendizaleak udan joan ziren Indiako Nun mendira. Mendi Ahaztua deiturikoak 7.125 metro ditu, eta 17 eguneko abentura bizi izan zuten bertan. Urratek azaldu duenez, hasieran "beste proiektu" bat zuten buruan: "8.000koak genituen buruan, baina baztertu egin genituen horiek lanagatik eta diruagatik. 7.000 metroko kota jarri genuen, tamaina horretako mendi asko baitaude. Dena den, zonalde geografikoa mugatu zigun bidaiaren epeak, eta 2011tik Nun mendian begirada jarrita genuenez, hara joateko informazio bila hasi ginen".

Urrateren arabera, aurrekontu "garestiak" aurkeztu zizkieten hasieran, baina Indiako agentzia batekin lotu zuten bidaia. Dena den, bi arazo zituzten: kanpo basean ez zegoen elektrizitaterik eta Pakistan eta India arteko mugan gatazka dagoenenez, ezin zuten satelite bidezko telefonorik eraman. "Eguzki plaka eramangarriak eta GPS berezi bat bilatu genituen, eta hala joan ginen".

Uste baino mendi "arriskutsuagoarekin" egin zuten topo bi mendizaleek. "Biotako bati zerbait gertatuz gero, gertuen dagoen herrira joan beharko luke besteak, eta egunak pasatuko lirateke helikopteroa iristerako". Gainera, joaterako esan zieten egun batzuk lehenago mendizale bat hil zela han, eta horrek "beldurra" eman ziela azaldu dute. Hainbat zailtasunekin egin zuten topo espedizioan; izan ere, glaziarra aldatuta aurkitu zuten, izotza oso gogor, uste baino gehiago eskalatu zuten… eta eguraldi txarra ere ezagutu zuten milaka metrotara zirela, hirugarren kanpamenduan. "Elurra eta sekulako haizea egiten zuen, hotza ere bai. Eguna han pasatu genuen, baina janik gabe gelditzen hasita geunden". Dena den, hurrengo egunean egin zuten gailurra, baina ez zuten nahi beste disfrutatu: "5-10 minutu egin genituen tontorrean, izugarrizko hotza egiten zuen eta". Handik, berriz ere, hirugarren kanpamendura jaitsi ziren, eta han gaua pasatuta, zuzenean jaitsi ziren lehen kanpamendura.

Urratek eta Diezek eskerrak eman dizkiete Indiako mendi agentziako kideei, "emandako laguntzagatik". Haiek azaldu dutenez, oraindik harremana badute agentzia berak antolatutako beste espedizio batekin joan ziren baina beraiekin bukatu zuten sherpekin eta porteatzaileekin.

Jendeak "non dago Nun?" galdetzen zietelako jarri zioten izen hori proiektuari, eta bi mendizale goierritarrek badakite orain non dagoen Nun. Inork non dagoen galdetzen badiete ere, badute nolakoa den azaltzerik, bertan bizi izan zutena azaleratzerik.

Atzo aurreratu zutenez, Mendi Astearen barruan emango dute bi mendigoizaleek Nunera egindako espedizioan grabatu zuten dokumentala.

Joxe Takolo beka jaso dutenak

2001: Pumori.

2002: Nanga Parbat 2002.

2003: Elurretako leopardoa.

2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino.

2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk.

2006: Hutsik gelditu zen beka.

2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo.

2008: Marokon eskalada.

2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa.

2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa.

2011: Hutsik gelditu zen beka.

2012: Circo de las inescanables.

2013: Hutsik gelditu zen beka.

2014: Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier.

2015: Incognita Patagonia 2015.

 2016: Lagun Onak Mendi Bazkuna.

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia NINEUBA | 2017-11-23 : 19:22

Badakit ez dela "politikoki zuzena" hau esatea baina....gauden garaietan herrikoak ez diren batzuei mendira joan daitezen sariak ematea beharrezkoa al da?
Uler dezaket lagun onak, iraurgi eta abar eta abar....baina hau....

Erabiltzailearen aurpegia makolo | 2017-11-23 : 20:17

Laguntza guztiak eskertzekoak izaten dira ,eredu positibotzat hartzekoak,baino nik berdina pentxatu dut, Azpeitiko udala irakurri dudanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa