Gailurra ukitu nahi duen beka

Gipuzkoako Hitza 2017ko ira. 8a, 13:49
Joxe Urbieta ‘Takolo’ mendizalea zenaren omenez Azpeitiko Takolo baserriaren atarian dagoen irudia. (Maialen Etxaniz)

Goi mendizaletasunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko abiatu zuten Joxe Takolo beka, eta, azken urteetan izaniko gainbeheraren ostean, indartuta dator aurten.

Mendizaletasunaren habia izan da Euskal Herria urteetan, eta, gaur egun ere, hala izateko ezaugarri guztiak ditu. Euskal mendizale askok ukitu dituzte bertako zein munduko hainbat txokotako gailurrak, baina, azken urteetan, aldaketak izan dira goi mendizaletasunean, eta, osasuntsu badago ere, maldan gora jarri du mendi elkarteen egoera. Gustuko lekuan ez dela aldaparik egoten esaten bada ere, hainbat arrazoi direla medio azken urteetan nahi baino malda handiagoa igo behar izan du Euskal Mendizale Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko Udalak martxan jarri zuten Joxe Takolo bekak.

Joxe Urbieta Takolo Azpeitiko mendizalearen omenez, goi mendizaletasunarekin lotutako proiektuak sustatzeko helburuarekin sortu zuten Joxe Takolo beka, 2001ean, herritik Euskal Herrira zabaltzeko asmoarekin.

Alejo Uranga (Azpeitia 1957) udaleko kirol zinegotzia zen beka sortu zutenean. Herritarrek Takolo zena "zenbat maite zuten ikusita" erabaki zuten beka abian jartzea: "Hura hil ostean jendeak asko maite zuela konturatuta, omenaldi bat antolatu genuen, bere lagunen, Lagun Onak Mendi Bazkunaren eta udalaren artean. Xoxotera bidean Takoloren omenezko irudia jarri genuen, haren baserria zenaren aurrean. Uztarria komunikazio taldeak, berriz, Joxe Urbietaren liburu biografikoa kaleratu zuen. Egun ederra izan zen, eta jendeak bikain erantzun zuen", gogoratu du. Horren ostean, Antton Bandresek beste pauso bat eman —orduan Mendi Federazioko presidentea zen—, eta Azpeitiko mendizalearen omenez diru laguntza bat eskaintzea proposatu zuen. Ideiari heldu, eta martxan jarri zuten Joxe Takolo beka. Ordutik, agintaldi guztiek eman diote jarraipena diru laguntzari, eta horrek "asko" poztu du Uranga, "bekarekin jarraitu ez ezik, hobetu egin dutelako".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzan.