Ez dute etsiko "Pasaiako segada argitu arte"

Uztarria.eus 2018ko mar. 25a, 15:25

Joan zen ostegunean, martxoaren 22an, 34 urte bete ziren Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituela Pasaiako badian. Pasaiako segadan hildakoen senide eta lagunek mobilizazioak deitu zituzten 34. urtemugaren harira, eta atzo, zapatua, egin zuten azken ekitaldia. 

Ez dugu etsiko, Pasaiako segada argitu lelopean elkarretaratzea egin zuten plazan, eta berrehun inguru lagun batu zen elkarretaratzera. Ondoren, ekitaldia egin zuten Azoka Plazan, 1984ko martxoaren 22an Pasaian hil zirenak gogoan. Musika, poesia eta salaketa uztartu zituzten atzoko ekitaldian. Amaitzean, segadan hildakoen senideek hartu zuten hitza, eta azpimarratu zuten ez dutela etsiko "Pasaian gertatutakoa argitu arte":"Nahiko aspertuta gaude ate guztiak ixten dizkigutela ikusita, baina lanean jarraituko dugu. Esan beharra dugu pozik gaudela, aspaldian ematen ari garen pausoekin eta jasotzen ari garen laguntzarekin zein animoekin". Horrez gain, eskerrak eman zizkieten Pasaiako segadan jazotakoa gogoratzeko urtero lanean aritzen diren herritarrei, eta haien lana aitortu nahi izan zuten. 

Pasaiako segadaren urtemuga gogoan, herriko ikasleek bi orduko geldialdia egin zuten martxoaren 22 goizean. Arratsaldean, berriz, urtero egin ohi duten lore eskaintza egin zuten Pasaiako segadan hildakoen omenez. 

Ateak itxi dizkiote auziari

Duela 34 urte Pasaian gertatutakoa argitzeko borrokan aritu dira hildakoen senitartekoak urte luzez; Gipuzkoako nahiz Espainiako Justizian egin zezaketen auzibidea agortuta, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten, eta gauza bera egin zuen udalak. Baina Estrasburgok ere ateak itxi dizkio auziari. Joan zen martxoaren 17an jakinarazi zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez dituela onartu Azpeitiko Udalak eta Pasaiako segadan hildakoen senideek jarritako helegiteak. Epai hori "beste kolpe latz bat" izan da hildakoen senideentzat. Jakinarazi zutenez, Europako Parlementura eta Nazio Batuen Erakundera jotzea aztertuko dute orain.