34 urte igarota ere, Pasaiako segadan gertatutakoa gogoan

Uztarria.eus 2018ko mar. 22a, 21:49

Gaur, martxoak 22, Pasaiako segadaren 34. urteurrena da. Gaur 34 urte bete dira Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituela Pasaiako badian.

Urtemuga gogoan, geldialdia egin dute herriko ikasleek goizean, eta arratsaldean urtero egin ohi duten lore eskaintza egin dute Pasaiako segadan hildakoen omenez. Enparan dorretxearen atzeko zelaian jarritako monolitoaren aurrean egin dute ekitaldia, 19:00etan hasita. Senideenaren ondoan beste lore sorta bat ere bazen, Azpeitiko Udalarena. Lore eskaintza egin ostean, hitza hartu dute Pasaiako segadan hildakoen senideek, eta zapatuan egingo duten kontzentraziora agertzeko deia egin diete herritarrei. Auziak epaitegietan eman dituen azken urratsez ere aritu dira, baina horien inguruko xehetasunak zapatuko agerraldian emango dituztela esan dute. Ez dugu etsiko, Pasaiako segada argitu lelopean egingo dute elkarretaratzea larunbatean, 19:30ean, plazan.

Hori ez ezik, Espainiako Gobernuak aste honetan ezker abertzalearen kontra egin dituen atxiloketak salatu dituzte. Halaber, atzera begira jarri eta Euskal Herrian "gertakizun mingarriak" gertatu direla gogoratu dute, eta "gezurrezko kontakizunik" onartuko ez dutela azpimarratu.  

Pasaiako segadaren urteurrenaren harira antolatutako ekintzen artean bada beste bat ere. 1984ko martxoaren 22an jazotakoa herriratzea xede, segadaren inguruko erakusketa izan zen ikusgai bi astez Sanagustin kulturgunean. Besteak beste, Kurroren eta Pelitxoren gaztetako argazkiak, gertakariaren berri ematen duten hainbat argibide taula, bi herritarren gorputzak herrira ekarri zituzteneko argazkiak, eta martxoaren 22 hartan zein hurrengo egunetan prentsan argitaratu zituzten alderdi zein instituzioen erreazkio politikoen eta herri mobilizazioen berri ematen duten albiste zatiak ikus zitezken erakusketan.

Lore eskaintzaren argazki bilduma, hemen.

Ateak itxi dizkiote auziari

Duela 34 urte Pasaian gertatutakoa argitzeko borrokan aritu dira hildakoen senitartekoak urte luzez; Gipuzkoako nahiz Espainiako Justizian egin zezaketen auzibidea agortuta, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten, eta gauza bera egin zuen udalak. Baina Estrasburgok ere ateak itxi dizkio auziari. Joan zen martxoaren 17an jakinarazi zuten Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez dituela onartu Azpeitiko Udalak eta Pasaiako segadan hildakoen senideek jarritako helegiteak. Epai hori "beste kolpe latz bat" izan da hildakoen senideentzat. Jakinarazi zutenez, Europako Parlementura eta Nazio Batuen Erakundera jotzea aztertuko dute orain.