Pasaiako segadan hildakoen senideek Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo dute "justizia eske"

Uztarria.eus 2018ko ots. 10a, 13:43
Pasaiako segadan hildakoen senideak eta europarlamentariak agerraldian. (Pasaiako Ahal Dugu)

Agerraldia egin dute gaur duela ia 34 urte Espainiako Poliziak Pasaiako badian hil zituen lau lagunen senideek eta EAJko, EH Bilduko eta Ahal Duguko europarlamentariek. Giza Eskubideen Auzitegian dagoeneko aurkeztu dute helegitea senideek, eta hori tramitera onartzeko zain daude. Bidegabekeria" inpunitatean gera ez dadin eman dute urratsa, eta "sufrimenduari amaiera" emateko justizia egitea eskatu dute.

Pasaiako segadaren 34. urtemuga iristeko hilabete pasatxoren faltan, hildakoen senideek jakinarazi dute auzia Europako Giza Eskubideen Auzitegira, Estrasburgora, eraman dutela. "Bidegabekeria" inpunitatean gera ez dadin eman dute urratsa, eta justizia egitea eskatu dute, "sufrimenduari amaiera" emateko. "Justizia eske jo berri dugu Estrasburgora". Helegitea aurkeztuta, errekurtso hori tramitera onartzeko zain dira senideak.

1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian Espainiako Poliziak tiroz hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideen senideekin izan dira agerraldian Josu Juaristi (EH Bildu), Izaskun Bilbao (EAJ) eta Xabier Benito (Ahal Dugu-Podemos) europarlamentariak. Horiek babesa erakutsi diete segadan hil zirenen familiako kideei, eta “elkarlanean” aritzeko konpromisoa erakutsi dute.

2o16ko azaroan artxibatu zuen behin betiko Pasaiako segadaren auzia Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. 2017ko urtarrilean, berriz, babes helegitea aurkeztu zuen Azpeitiko Udalak -herri akusazioa da auzian- Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Senideek salatu dutenez, beren sufrimenduak ez du amaierarik, eta segada hartan pasatutakoa argitzeko saiakerak "hutsaren hurrengoak" izan direla salatu dute. Izan ere, pasaiako segadaren auziari bukatu zaio Espainiako auzitegietan egin zezakeen bidea, eta Europara jo dute auzia argitzea eskatzera.

AUZIAREN KRONOLOGIA

  • 1984

Martxoa. Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. Joseba Merino donostiarra —segadatik bizirik atera zen kide bakarra— eta Rosa Jimeno oriotarra atxilotu zituzten..

  • 1986

Ekaina. Auzia behin-behinean itxi zuen Calvo Rojas epaileak, frogarik ez zela argudiatuta.

  • 2000

Maiatza. Kasua aztertzen hasi zen Santiago Gonzalez abokatua, eta hainbat dokumentu falta zela jabetu zen: artxibatze autoa eta Merinori hartutako deklarazioa. Donostiako Lurralde Auzitegiak sumarioa berriz ireki zezan lortu zuen.

Iraila. Merinori Pasaian gertatutakoaz deklarazioa hartu zioten, Santoñan preso zela (Kantabria, Espainia).

  • 2001

Urtarrila. Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak eskatuta, Azpeitiko Udalak herri akusazio aurkeztea erabaki zuen, Miguel Castells abokatu hartuta.

Martxoa. Rosa Jimenok deklaratu zuen epaitegian.

Maiatza. Hildakoei autopsia egin zien Paco Etxeberria auzi medikuak deklaratu zuen. Bat zetozen hark eta Merinok esandakoak.

  • 2004

Ekaina. Epaitegiak artxibatu egin zituen eginbideak. Familiak eta Azpeitiko Udalak helegitea aurkeztu zuten.

  • 2005

Ekaina. Gipuzkoako Auzitegiak auzia berriz zabaldu zuen.

  • 2016

Otsaila. Auzia artxibatu zuen auzitegiak. Helegite bana jarri zuten udalak eta familiek.

Azaroa. Auzia behin betiko artxibatu zuten, errekurtsorako aukerarik utzi gabe.

  • 2017

Urtarrila. Udalak babes helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean.

  • 2018

Otsaila. Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo dute hildakoen senideek, eta helegitea tramitera onartzeko zain daude.