Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ateak itxi dizkio Pasaiako segadaren auziari

Uztarria.eus 2018ko mar. 17a, 15:26
Arantxa Isart, Eneko Etxeberria, Peio Aizpuru, Santiago Gonzalez eta Carlos Delas. (Ihintza Elustondo)

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez ditu onartu Azpeitiko Udalak eta Pasaiako segadan hildakoen senideek jarritako helegiteak. "Kolpe latza" izan da hori hildakoen senideentzat. Europako Parlementura eta Nazio Batuen Erakundera jotzea aztertuko dute orain.

"Egun oso tristea" da gaurkoa Pasaiako segadan senitartekoak galdu zituztenentzat. Izan ere, gaur jakinarazi dutenez, ez dituzte onartu Azpeitiko Udalak –herri akusazioa da auzian– eta hildakoen senideek Europako Giza Eskubideen Auzitegian jarritako helegiteak. "Beraz, ez da epaiketarik egongo kasu honen inguruan; kasu hau argitzeko familiak eta Udalak eskatzen zuten eskaerari ez zaio irtenbiderik emango", azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko Udaleko alkateak.

Martxoaren 22an, 34 urte beteko dira Pasaiako segada gertatu zela. Egun hartan, Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. 113 bala zulo zituzten lau gorpuek. Ordutik gertatutakoa argitzeko borrokan ari dira hildakoen senitartekoak; Gipuzkoako nahiz Espainiako Justizian egin zezaketen auzibidea agortuta, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten, eta gauza bera egin zuen udalak. Senideek gaur azaldu dutenez, Estrasburgok emandako epaia "beste kolpe latz bat" izan da beraientzat.

Santiago Gonzalez da hildakoen senideen abokatua, eta hark azaldu ditu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak bi helegiteak atzera botatzeko eman dituen arrazoiak. Udalak aurkeztutako errekurtsoa atzera botatzeko eman duten argudioa da Udala ez dela biktima. Familien helegitea atzera botatazeko oinarria, berriz, haiek Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarritako babes helegitea auzitegi horrek atzera bota izana da. Auzitegi Konstituzionalak babes helegitea atzera botatzeko eman zuen arrazoi nagusia izan zen familiek prozesua behar gabe luzatu zutela.

Gonzalezen arabera, "arazoa prozesala" da. "Auzitegi Konstituzionaleko lege organikoan egindako aldaketa batengatik segurtasun juridiko eza dago, babes errekurtsoak bideratu baino lehen ezarri behar diren intzidente juridikoen inguruko zalantza sortzen delako". Finean, "prozeduraren inguruko eztabaida" da: "Auzitegi Konstituzionalak bere irizpidea aldatu du oraingoan, beste kasu batzuetan ebatzitakoaren kontra. Senideak egoera hori Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiari azaltzen saiatu ziren, baina auzitegi horrek dio Espainiako barne eztabaida dela hori, eta horregatik ezin duela Auzitegi Konsituzionalaren irizpidea aldatu". Argudio hori tarteko, ez du errekurtsoa tramitera onartu Estrasburgoko auzitegiak; Gonzalezen arabera, "teknikotasun huts batengatik".

Abokatuak azaldu duenez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak dio lau hilketa gertatu zirela, baina ez dagoela "ikerbide posiblerik" hilketa horiek nork egin zituen argitzeko. Gonzalezek aukera baliatu nahi izan du gogorarazteko, horren inguruko informazio zuzena eman dezkeen inor badago, kasua berriro irekitzeko aukera egongo litzatekeela. Bitartean, "kasua ez dela nahikoa ikertu salatzen" jarraituko dutela esan du, eta nazioarteko beste erakunde batzuetara jotzeko aukera aztertzen ari direla: besteak beste, Europako Parlamentura eta Nazio Batuen Erakundera.

"Inpotentzia eta amorrua"

Arantxa Isart –Pelitxoren arreba–, Peio Aizpuru –Kurroren anaia– eta Carlos Delas –Rafael Delasen– anaia izan dira gaur Pasaiako segadaren inguruko azken berriak emateko Azpeitiko udaletxean egindako agerraldian. Pasaiako segadan hildako guztien senideen izenean hitz egin dute, eta nabarmendu dute uneotan "inpotentzia eta amorrua" sentitzen dituztela.

Argi azaldu dute senideek borrokan jarraitzeko asmoa dutela: "Pasaiako badiako oroitarria erasotuta eta horrelako erabaki juridikoekin amore emango dugula uste badute, ez gaituzte ondo ezagutzen. Aurrera jarraituko dugu, eta orain inoiz baino ozenago esango dugu ez dugula etsiko". Ildo beretik hitz egin du Arantxa Isartek: "Beti esan izan digute justizia denentzako berdina dela, baina orain gero eta garbiago ari gara ikusten hori ez dela horrela. Interesik ez dagoenean, bide judizialak beti bilatzen ditu trikimailuak aurrera ez jarraitzeko. Hala ere, guk jarraitu egingo dugu, eta ikusiko dugu noraino heltzen garen. Bide judizialetik ez bada ere, behintzat, herriak zer gertatu zen jakitea nahi dugu. Gutxienez aitorpen soziala izatea nahi dugu, azken finean, hori izango delako guri geldituko zaiguna, eta baita joandako gure senideei ere".

Azpeitiko alkateak gertatutako guztiaren larritasuna nabarmendu du: "34 urte sistema judizialaren bueltan ate joka ibiltzea eta inpunitate hori mantentzea benetan ikaragarria iruditzen zait". Horren harira, sistema judizialaren hausnarketa eskatu du. Bestalde, egindako lana ez dela alferrikakoa izan nabarmendu du. "Lan honek demostratzen du etorkizunean ez dela erraza izango inorentzat horrelako sarraskiak egitea, ezta estatu batentzat ere".

Hildakoen senideek azaldu dute "herriaren babesa eta laguntza" inoiz baino gehiago behar dituztela. Horregatik, gertatutakoa salatzeko martxoaren 24an, 19:30ean, Azpeitiko plazan egingo duten elkarretaratzean parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Beste hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte urteurrenaren harira.

 

AUZIAREN KRONOLOGIA

  • 1984

Martxoa. Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak Pasaiako badian: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak. Joseba Merino donostiarra —segadatik bizirik atera zen kide bakarra— eta Rosa Jimeno oriotarra atxilotu zituzten..

  • 1986

Ekaina. Auzia behin-behinean itxi zuen Calvo Rojas epaileak, frogarik ez zela argudiatuta.

  • 2000

Maiatza. Kasua aztertzen hasi zen Santiago Gonzalez abokatua, eta hainbat dokumentu falta zela jabetu zen: artxibatze autoa eta Merinori hartutako deklarazioa. Donostiako Lurralde Auzitegiak sumarioa berriz ireki zezan lortu zuen.

Iraila. Merinori Pasaian gertatutakoaz deklarazioa hartu zioten, Santoñan preso zela (Kantabria, Espainia).

  • 2001

Urtarrila. Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak eskatuta, Azpeitiko Udalak herri akusazio aurkeztea erabaki zuen, Miguel Castells abokatu hartuta.

Martxoa. Rosa Jimenok deklaratu zuen epaitegian.

Maiatza. Hildakoei autopsia egin zien Paco Etxeberria auzi medikuak deklaratu zuen. Bat zetozen hark eta Merinok esandakoak.

  • 2004

Ekaina. Epaitegiak artxibatu egin zituen eginbideak. Familiak eta Azpeitiko Udalak helegitea aurkeztu zuten.

  • 2005

Ekaina. Gipuzkoako Auzitegiak auzia berriz zabaldu zuen.

  • 2016

Otsaila. Auzia artxibatu zuen auzitegiak. Helegite bana jarri zuten udalak eta familiek.

Azaroa. Auzia behin betiko artxibatu zuten, errekurtsorako aukerarik utzi gabe.

  • 2017

Urtarrila. Udalak babes helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean.

Maiatza. Azpeitiko Udalaren babes helegitea ez zuen onartu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.

Azaroa. Herri akusazioak Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuen helegitea jartzera.

  • 2018

Otsaila. Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo dute hildakoen senideek, eta helegitea tramitera onartzeko zain daude.

Otsaila. Herri akusazioaren helegitea ez du onartu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak.

Otsaila. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du tramitera onartu Pasaiko segadan hildakoen senideek aurkeztutako helegitea.