Azpeitiak Azkoitiaren kontra jokatuko du Gipuzkoako Herriartekoaren finalaurrekoa

Uztarria.eus 2019ko eka. 8a, 12:20
Azpeitiko Herriarteko taldea. (Ilunpe)

Aurreko astean etxean jokatutako joanekoaren emaitza errepikatuta, 0 eta 3 nagusitu ziren atzo Ilunpeko pilotariak Hernanin. Finalaurreko kanporaketa Azkoitian hasiko dute azpeitiarrek, datorren asteburuan.

Azpeitia esku-pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalaurrekoetan da, eta Azkoitiarekin neurtuko dituzte indarrak Azpeitiko pilotariek, finalerako txartelaren bila. Datorren asteburuan ekingo diote azken kanporaketari, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Altzo kanporatu ondoren iritsi dira azkoitiarrak txapelketaren azken aurreko koskara.

Atzo jokatu zituzten Ilunpe klubeko pilotariek final laurdenetako kanporaketaren itzulerako partidak, Hernanin. Astebete lehenago Izarraitz frontoian lortutako abantaila argiaren koltxoiarekin -3-0 nagusitu zen Azpeitian joanekoan- joan zen Azpeitia Hernanira, eta abantaila argia biderkatu besterik ez zuten egin azpeitiarrek, joanekoaren 3 eta 0koa errepikatuz. 5.22 irabazi zuten kadeteek, finalaurrekoetarako sailkapena hasieratik ziurtatuz, eta jubenilek (16-22) eta seniorrek (19-22) borobildu zuten kanporaketaren emaitza borobila, 6 eta 0.

Herriartekoaren zazpigarren txapelaren bila egiten ari den bidean, partidarik galdu gabe iritsi da Azpeitia, egungo txapelduna, finalaurrekoetara; bi kanporaketa jokatu ditu, final zortzirenetakoa Donostiaren kontra eta atzo itxi zuen final laurdenetakoa Hernaniren kontra, eta bietan partida guztietan nagusi izan dira markagailuan azpeitiarrak.

Duela bi urte ere topo egin zuten Azpeitiak eta Azkoitiak Herriartekoan. Orduan, final laurdenetako kanporaketa jokatu zuten elkarren kontra, eta Azpeitiak irabazi zuen, joanekoan Frontoi Txikian 3 eta 0 eta itzulerakoan Azkoitiko Gurean 1 eta 2 irabazi ondoren.