Azpeitiak bideratu du Herriartekoko final laurdenetako kanporaketa

Uztarria.eus 2019ko eka. 1a, 13:48

Atzoko partida bateko irudia.

Atzo jokatu zituzten Azpeitiko pilotariek final laurdenetako joaneko partidak, eta horiek 3 eta 0 nagusitu ziren Hernaniren aurka. Datorren astean neurtuko dituzte indarrak berriro: Hernanin jokatuko dituzte itzulerako partidak. Azpeitiak esku-eskura du finalerdietarako txartela dagoeneko.

Oso ondo hasi du Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako final laurdenetako kanporaketa; izan ere, atzo, ostirala, Ilunpeko pilotariek nagusitasun osoz hartu zituzten mendean Hernaniko pilotariak. Izarraitz frontoian jokatu zituzten kanporaketako joaneko partidak, eta Azpeitiak ia eskuetan du dagoeneko final erdietara pasatzeko txartela. Aimar Egigurenek eta Jakes Elosegik jokatu zuten aurreneko partida, eta horiek 22 eta 7 irabazi zuten neurketa. Bigarren norgehiagoka ere aise irabazi zuten pilotari azpeitiarrek: Unai Alberdi eta Haritz Larrañaga 22 et 14 nagusitu ziren. Hirugarren partida estuagoa izan zen, baina, hala ere, 22 eta 19 irabazi zuten Julen Egigurenek eta Daniel Murgiondok.

Datorren astean jokatuko dituzte itzulerako partidak Hernanin, eta Azpeitia finalerdietara sailkatzen bada, Azkoitiaren edo Altzoren kontra neurtu beharko ditu indarrak.

Azpeitiak iaz seigarren aldiz irabazi zuen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Oiartzun 3 eta 0 mendean hartuta. Aurretik, 2004an, 2008an2010ean, 2015ean eta 2016an jantzi zuen Herriartekoaren txapela. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia, eta gaurko garaipenari esker, txapelketaren ibilbide osoan lau txapel jarraian eskuratu dituen herri bakarra da.