Azpeitia eta azpeitiarrak nagusi, Herriartekoaren final laurdenetako itzulerakoan

Uztarria.eus 2017ko eka. 10a, 11:12
Atzoko senior mailako partidako irudia.

Azkoitiari 2-1 irabazi ostean, Azpeitiak aurrera jarraituko du Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketan. Atzokoan Azkoitiko Gurea pilotalekura hurbildu ziren azpeitiarrek ere ez zuten hutsik egin, eta partidak hasi zirenetik amaitu bitartean girotu zuten frontoia. Finalaurrekoetan Ataun izango da Azpeitiaren aurkaria.

Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finalaurrekoa jokatzeko txartela eskuratu zuen atzo, ekainak 9, Azkoitia 2-1 mendean hartuta. 22:00etan hasi ziren final laurdenetako itzulerako partidak, Azkoitiko Gurea pilotalekuan.

Kadete mailan Mikel Unanuek eta Unai Alberdik ordezkatu zuten Azpeitia. Ahaleginak egin bazituzten ere, ezin izan zuten beren partida irabazi, eta azpeitiarrek 22-9 atzetik amaitu zuten markagailuan.

Jubeniletan, aldiz, Ilunpe Pilota Elkarteko Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek neurtu zituzten indarrak azkoitiarren aurka. 8-22 gailendu ziren Azpeitiko pilotariak. 

Seniorren partida izan zen estuena, nabarmen. Azpeitia ondo hasi bazen ere, une batez Azkoitiko bikotea aurretik jarri zen markagailuan. Hala ere, tantoen aldea txikitzea lortu zuten Daniel Murgiondok zein Jabier Odriozolak, eta berdinduta iritsi ziren azken tantora, 21 eta 21. Azpeitiak atera zuen azken sakea pilotalekuan zeuden herritarren txalo zaparrada artean. Azkenean, Ilunpeko pilotariek poltsikoratu zuten finalerdietarako txartela.

Zaleak, bikain 

Ilunpek eta Udalak doako autobus zerbitzua antolatu zuten atzoko partidak ikustera joan nahi zuten herritarrentzat, eta ez ziren gutxi batzuk izan. Autobusean ez ezik, dozenaka azpeitiar hurbildu zen Gurea pilotalekura, Azpeitiko pilotariak animatzera eta giroaz gozatzera. Hala, kanturako gogoz eta Ilunpekoak animatzeko prest, partidak hasi zirenetik amaitu artean ez zen festa girorik falta izan Azkoitiko pilotalekuan. 

Azpeitiak hurrengo ostiralean, ekainaren 16an, jokatuko du finalaurrekoaren joaneko partida Ataunen aurka, Frontoi Txikian.