Amets Amubietak eta Larraitz Larrañagak irabazi dute Gipuzkoako Dantza Solte Txapelketa

Uztarria.eus 2018ko uzt. 25a, 18:11

Amubieta eta Larrañaga, 2016ko txapelketa irabazi zutenean.

2016an ere jantzi zuen txapela Azpeitiko bikoteak. Atzo Errenterian jokatutako txapelketan laugarren postuan sailkatu ziren Mikel Subinas eta Maite Beobide azpeitiarrak.

Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga azpeitiarrek helduen mailako Gipuzkoako 69. Dantza Solte Txapelketa irabazi dute. Urtero bezala, Errenteriako Madalen jaien barruan jokatu da aurtengo txapelketa ere. Luis Alberdi Beltzaren dantza eskolako bikotearen atzetik sailkatu ziren Lezoko Iker Sanz eta Villabonako Ane Urruzola, bigarren postuan, eta Jon Murgiondo eta Saioa Galarraga bergarrak, hirugarrenean. Podiumaren atarian, laugarren postuan, Azpeitiko beste bikote bat gelditu zen, Mikel Subinasek eta Maite Beobidek osatzen dutena.

Duela bi urte ere jantzi zuten Gipuzkoako txapela Amubietak eta Larrañagak. 2014an ere txapeldun izan zen Amubieta, Maialen Aldalurrekin bikotea osatuta.