Amets Amubietak eta Larraitz Larrañagak irabazi dute Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa

Uztarria.eus 2016ko uzt. 26a, 16:16

Igandean, uztailak 24, jokatu zen helduen Gipuzkoako LXVII. Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa Errenterian, eta Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga azpeitiarrentzat (argazkian) izan zen txapela. Idoia Besada eta Xabier Artola (Irura-Pasaia) sailkatu ziren bigarren postuan; eta podiuma osatu zuen bikotea beste azpeitiar batek, Gorka Kerejetak, eta Errezilgo Leire Eizmendik osatutakoa izan zen.

Horrenbestez, hirugarren urtez jarraian irabazi dute azpeitiarrek Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa nagusia: 2015ean Garazi Gurrutxagak eta Asier Ibargurenek irabazi zuten (aurtengo txapeldunak bigarren izan ziren orduan), eta 2014an Amets Amubieta berak eta Maialen Aldalurrek.