Ane Irazabal: “Errefuxiatuak ahaztu egin ditugu”

Uztarria.eus 2018ko eka. 1a, 16:44

Errefuxiatuen dramaren kronifikazioa eta muga itxien Europa izenburupean, hitzaldia eskaini zuen atzo, osteguna, Ane Irazabal nazioarteko kazetariak Sanagustin kulturgunean. Dozenaka lagun animatu zen Munoaundi elkarteak antolatutako hitzaldira, eta Irazabalen bizipenak, azalpenak eta iritziak entzuteko parada izan zuten. Onintza Segurola kazetari azpeitiarrak gidatu zuen saioa. "Europan harrapatuta dauden iheslarien errealitatea, eskuin muturraren jokaera eta giza korridoreak" izan zituen hizpide gonbidatutako kazetariak.

Besteak beste, errefuxiatuen gaiak hedabideetan duen lekuaz hitz egin zuen Irazabalek. "Ez ditugu ikusten, beraz, arazoak ez du existitzen. Ahaztu egin ditugu, baina hain da egoera latza, erabilitako
politikak berriz bueltan etorriko zaizkigu. Beste krisi baten aurrean aurkituko gara eta
erantzunak ezingo du berdina izan", adierazi zuen kazetariak.

"Krisiaren kronifikazioa" Mazedoniak Greziarekiko mugak itxitakoan hasi zela esan zuen Irazabalek, eta EBren eta Turkiaren arteko harremana izan zuen hizpide: "Poliki poliki Grezia bakarrik geratzen joan zen eta une honetan 62.000 errefuxiatuta daude bertan. Europar Batasunak mugak itxi zituen egoera horren aurrean. Europak Turkiari 3.000.000 euro ordaindu zizkion eta ordutik Turkiak Europarentzat polizia lana egiten du. Zer ekarri du horrek? Europak ezikusiarena egitea Turkiak kurduekin egiten dituen gehiegikerien
edota siriarrek Turkian pairatzen duten egoeraren aurrean".

Greziako egoeraz ez ezik, Italian jazotako zenbait kontutaz ere mintzatu zen Irazabal, eta orain arte Italiako barne ministroa izandako Marco Minniti eta Italiako Liga Norte alderdi ultraeskuineko Matteo Salvini politikariek hartutako erabakietan mintzatu zen luze: "Mediterraneotik barrena Italiara iristen saiatzen ziren errefuxiatuen egoeraren aurrean, Bruselaren laguntzarik ez zuela izango ikusita, Minnitik pertsonen trafikoarekin dirua irabazten zuten Libiako miliziekin akordioa sinatu zuen pertsonen trafikoa gelditzeko. 2017ko apirilean sinatu zuten hitzarmena eta geroztik %78 jaitsi da Italiara iristen ari den migratzaile kopurua. Inkesten arabera, italiarrak nahiko pozik daude erabakiarekin, baina horren ondorioa isiltasun informatiboa da. Ez dakigu ezer Libiako iheslariei buruz". 

Munoaundi elkarteak antolatutako solasaldi biraren barruan eskaini zuen hitzaldia Irazabalek. Haren aurretik sanagustin kulturgunean izan ziren Mikel Reparaz eta Jon Sarasua ere. Beste hitzordu batzuk ere jakinarazi ditu elkarteak datozen aste eta hilabeteetarako: Xabier Arzalluz EAJko buruzagi ohiaren pentsamendua eta ondare politikoa jasotzen dituen Euskadiko historia politikoa dokumentalaren aurkezpena eta Jon Artano nazioarteko kazetariaren hitzaldia. Horrez gain, udazkenerako hainbat ekitaldi prestatuko du Munoaundik, Euskal Filmotekarekin elkarlanean.