Jon Sarasua: "Euskarari dagokionez, Aizkorrira iritsiko ginelakoan, Urbian gaude eta lainopean"

Uztarria.eus 2018ko mai. 10a, 12:43

Jon Sarasua (Aretxabaleta, 1966) kazetari eta soziologoak hitzaldia eskaini zuen atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean. Sustraiak eta adarrak. XIX. eta XX. gizaldietako ideologiak, zertan dira? izenburupean eman zuen solasaldia, dozenaka lagunen aurrean, Munoandi elkarteak antolatuta, eta liberalismoa, sozialismoa, sustraiak eta espiritualitatea izan zituen hizpide. 

Ion Muñoa Deustuko Unibertsitateko irakasleak zuzendu zuen saioa, eta hark hala definitu zuen Sarasua: "Pentsarazten duen pentsalaria". Sarasuak "azeleraziorik eroena" bizi duen gizartean ideologiak ez daudela gaur egungo eztabaidei erantzuteko prestatuta esanez hasi zuen hitzaldia. "Ez liberalismoak aldarrikatzen duen askatasunak, ez sozialismoaren berdintasunak ez digute balio gaur egun, eta beraz, 'distantziaz hartu eta puskak biltzen hasteko moduan gaude, bakoitzak duelako ideia genial bat. Puskak hartu behar ditugu, baina ez dira nahikoak izango". Zentzu horretan, apaltasun intelektualetik abiatu behar dugulakoan dago soziologoa, "berriz ikasten hasteko eta debate berriak planteatzeko". Hark esan zuenez, egungo eztabaiden artean dago garapen eredua. "Jarraitu dezakegu hazi, hazi eta hazi? Edo gutxixeagorekin biziko den gizarte batean pentsatzen hasi behar dugu?", esan zuen. Sarasuaren aburuz, egun ez dago ezberdintasunik eskuinaren eta ezkerraren artean, eta horien arteko lehia "antzua" da. "Gure objektiboak daude lotuta munduko herri aberatsen interesei".

"Tentsioa elite finantzarioa maneiatuko duen mendebaldearen eta mundu multipolarrago bat nahi duten  Txina edo Errusiaren artean dago, eta hor gure interesak aberatsenekin daude eta gu hutsaren hurrena gara", esan zuen Sarasuak. Testuinguru horretan, geroari begira, bi gauza interesatzen zaizkio Sarasuari: batetik, gure sustrai kulturalak zertan geratuko diren; eta, bestetik, gai izango ote garen gizarte humanoago bat eraikitzeko; kooperatibismoaren edo ikastolen ereduak dira argia erakusten dituenak, behetik gora antolatzeko gaitasuna erakusten dutelako. Euskara ere aipatu zuen soziologoak: "Aizkorrira iritsiko ginelakoan, Urbian gaude eta lainopean". Bere ustez, munduko inongo herrik ez du egin Euskal Herriak azken 60 urteotan egindakoa, "baina ez da nahikoa". Sarasuak egiten ari garen gure sustraien transmisioaren inguruan ere kezka agertu zuen, "oso pobrea" delako. "Sistemari ez zaio interesatzen memoria. Kapitalismoaren azelerazioari ez zaizkio interesatzen ez tradizioak, ez ideologiak, ez sustraiak". Mondragon Unibertsitateko irakasleak gazteekin hitz egiteko, haiei zer izan garen kontatzeko eta horiei entzuteko aholkua eman zien bertaratu ziren entzuleei.

Atzokoa ez zen izan Munoandi elkarteak azken aldian antolatu duen lehen hitzaldia. Izan ere, Mikel Reparaz kazetariak Trumpen Amerika munduaren aurrean hitzaldia eskaini zuen Sanagustinen duela bi aste. Honako lotura honetan irakur daiteke hari Urola Kostako Hitzak egindako elkarrizketa.

Aurrera begira ere antolatu ditu beste ekitaldi batzuk Munoandik, baina oraindik ez ditu zehaztu horien egunak eta datak. Besteak beste, Ane Irazabal nazioarteko kazetariaren solasaldia, Xabier Arzalluz EAJko buruzagi ohiaren pentsamendua eta ondare politikoa jasotzen dituen Euskadiko historia politikoa dokumentalaren aurkezpena eta Jon Artano nazioarteko kazetariaren hitzaldia izango dira datozen aste eta hilabeteetan.