Mikel Reparaz: "Bost urtez AEBetako egunerokoa kontatzea izugarria izan da"

Urola Kostako Hitza | Komunikabideak | Artikulua
2018-04-26 15:57

Munoandi elkarteak hitzaldi zikloa antolatu du, eta Mikel Reparaz kazetariak (Arbizu, Nafarroa, 1975) eskainiko du lehen saioa gaur, Sanagustinen, 19:00etan. AEBetan bizitako esperientziaz ariko da.

Mikel Reparaz AEBetan berriemaile aritu da bost urtez. (ETB)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Trumpen Amerika munduaren aurrean hitzaldia eskainiko duzu gaur. Zer kontatuko duzu?

Barack Obamaren eta Donald Trumpen garai edo zubi hori bizitzea tokatu zait AEBetan, eta nire esperientziatik bi gauza azaltzen saiatuko naiz: batetik, gauzak nola aldatu diren Obamaren garaitik Trumpenera, eta zerk eragin duen azken horren garaipena. Eskubide zibiletan edo arrazakeriaren aurkako borrokan Obamak aurrerapauso batzuk eman zituen, baina AEBetako gehiengo kontserbadore zuriak erreakzio bat izan zuen Obamak irudikatzen zuen horren aurka, eta azalduko dut Trump Obamaren ondorio bat dela. Aldaketa hori, noski, nazioartean izugarrizko eragina ari da izaten, AEB munduko potentzia handia direlako.

EITBrentzat berriemaile aritu zara AEBetan, bost urtez. Zer moduzko esperientzia izan da?

Profesionalki oso aberasgarria. Nik beti egin dut lan nazioartean; ikasle nintzela Balkanetara joan nintzen hango gatazkaren berri ematera. Bost urtez AEBetako egunerokoa kontatzea izugarria izan da niretzat, garai historiko garrantzitsua bizi izan baitute bertan. AEBetako 50 estatuetan aritu naiz lanean; eta hori sekulako zortea eta esperientzia da kazetari bezala.

Pertsonalki ere oso interesgarria izan da. 11 eta 7 urteko bi seme ditut, eta familia guztia egon gara han. Euskal Herritik kanpo bizitzeak haien hezkuntzan eta mundua ikusteko moduan nola eragin duen ikustea oso aberatsa izan da, nahiz eta kanpoan bizi zarenean gauza asko sumatu faltan.

Zer iritzi duzu Trumpez?

Trump da AEBetako sektore kontserbadorearen eta populazio zuriaren erreakzio bat Obamak irudikatzen zuen guztiaren aurrean. Trumpek AEBetako gizartean mamu asko esnarazi ditu. Esaterako, garbi ikusi da AEBetan arrazakeriaren gatazka ez dagoela garaitua, eta, gainera, Trumpek posizioa hartu eta areagotu egin du arazoa. Eztabaida horrek AEB erabat zatitu ditu, eta azpimarratu nahi dut fenomenoa globala bilakatu dela. Izan ere, mugimendu populisten eta, zenbait kasutan, faxisten gorakada eta eskubideen murrizketak leku askotan ari dira gertatzen, baita Europan ere.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa