Zabaldu dute Joxe Takolo bekara proiektuak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2018ko api. 10a, 21:07

Apirilaren 30a izango da goi mendizaletasunarekin lotutako egitasmoak aurkezteko azken eguna. Proiektu irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu.

Zabalik da Joxe Takolo bekara proiektuak aurkezteko epea. Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak eskaintzen dute beka 2001az geroztik, Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen omenez, eta goi mailako mendiko egitasmoak bultzatzea du helburu. Goi mendizaletasunari lotutako proiektuak bultzatzeko 3.000 euroko beka banatzen dute urtero, eta, aurtengoan, apirilaren 30a izango da egitasmoak aurkezteko azken eguna.

Aurtengo deialdiko proiektuak baloratzeko irizpideak honakoak izango dira: egin nahi den jardueraren kalitatea; entitateak bere jarduera-eremuan agertu duen ibilbidea, jarraipena eta egonkortasuna; partaide kopurua, jardueraren iraupena eta zabalkundea; jardueraren finantzazioa; jarduera antolatzeko azpiegitura eta giza baliabideak; kirol eta gizarte arloan jarduera horrek duen interesa; antzeko kirol programa edo eskaintzarik ez egotea; eta jarduera hori kualifikatutako pertsonal teknikoak garatzea.

Azpeitiko Udaleko erregistroan aurkeztu beharko dira proiektuak, eta lotura honetan aurki daiteke eraman beharreko agirien inguruko informazioa.

2016an inflexio puntu bat bizi izan zuen bekak, eta Lagun Onak Mendi Bazkunak jaso zuen diru-laguntza, "inguruotako mendi zaletasuna ikertzeko eta hori sustatzeko" helburuarekin. Horren ostean, indarberrituta itzuli zen beka iaz, eta Nun Dago Nun proiektuak jaso zuen laguntza.

Joxe Takolo beka jaso dutenak

2001: Pumori.

2002: Nanga Parbat 2002.

2003: Elurretako leopardoa.

2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino.

2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk.

2006: Hutsik gelditu zen beka.

2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo.

2008: Marokon eskalada.

2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa.

2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa.

2011: Hutsik gelditu zen beka.

2012: Circo de las inescanables.

2013: Hutsik gelditu zen beka.

2014: Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier.

2015: Incognita Patagonia 2015.

2016: Lagun Onak Mendi Bazkuna.

2017: Nun Dago Nun.