Migrazioaren inguruko bizipenak herritarrekin elkarbanatu ditu Mahmud Traorek

Uztarria.eus 2018ko mar. 20a, 15:18

Mahmud Taore senegaldarrak Azpeitian egin zuen geldialdia atzo, hilak 19. Maletan ekarri zuen Samba, Un Nombre Borrado izeneko dokumentala, adin guztietako herritarrekin elkarbanatzeko. Bihar, martxoak 21, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da, eta data horren harira antolatutako egitarauan parte hartzeko deitu zioten Taoreri. Atzo iritsi zen Azpeitira, eta Elkargunea bisitatu eta Elkar-ekineko lagunak ezagutu ostean, harrera egin zion Udalak. Ondoren, bere bizipenetatik abiatuta egindako Samba, Un Nombre Borrado dokumentala eskaini zien herritarrei. Taorek Samba izeneko senegaldar baten arrastoa ikertzeko Europatik Afrikara egin zuen ibilbidez hitz egiten du ikus-entzunezkoak. 

2014ko otsailaren 6an gertaera latz bat gertatu zen Ceutako harresiaren ertz batean: 400 pertsona inguruko talde bat, El Tarajal hondartzatik muga igerian gurutzatzen ari zirela, Guardia Zibilak gomazko pilotak eta negar eginarazteko gasak bota, eta 9 etorkin hil zituzten. Horien artean zegoen Samba, Mahmuden herrikidea. Sarraskiarekin hunkituta, Sambaren arrastoa ikertzea eta bere familia aurkitzea erabaki zuen. Horretarako, Europara etortzeko egin zuen bidea, aurkako noranzkoan egin zuen Mahmoudek. Hor hasten da Samba, un nombre borradodokumentalaren istorioa. 

Atzokoa izan zen Taorrek herrian emango dituen hitzaldietatik aurrena. 50 lagun inguru bertaratu zen Sanagustin kulturgunera, Taoreren bizipenak eta abenturak ezagutzera. Ikus-entzunezkoaren emanaldiaren aurretik, Elkar-ekineko kideek eta herriko ikastetxeetako arduradunek arrazakeriaren eta xenofobiaren inguruan egindako testu bat irakurri zuten lehenik. Horrez gain, Elkar-ekinek duela urte batzuk aniztasunaren alde antolatutako ekimen bateko bideo laburra eskaini zuten. Ondoren, Taorek hartu zuen hitza, eta sarrera eman zion dokumentalari. Behi ikus-entzunezkoa ikusita, herritarrek galderak egiteko parada izan zuten, eta herritar batek baino gehiagok hartu zuten hitza. Besteak beste, Europako Batasunak migratzaileekin duen tratuaz eta migratzeak suposatzen duenaz aritu zen Taore. 

Gaur, berriz, Urola Ikastolan eskaini du solasaldia Samba, Un Nombre Borrado dokumentaleko protagonistetako bat den Taorek. Ikasleek arreta handiz entzun dituzte senegaldarraren hitzak. Bihar Iraurgi Ikastetxeko eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleen txanda izango da. 

Taorek 2005ean lortu zuen Espainiara iristea, Ceutako harresia saltatuta. Hiru urte eta erdi behar izan zituen Senegaletik atera eta Espainiara iristeko. 200 etorkin inguru ahalegindu ziren berarekin batera harresia igarotzen, baina ahaleginean 5 lagun hil ziren.

 Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitarauaren hurrengo hitzorduak:

Martxoak 21, asteazkena:

Zurrumurruen aurkako formakuntza saioa eskainiko du SOS Arrazakeria taldeak. Agustin Unzurrunzagak gidatuko du jardunaldia Sindikatu Zaharreko gela handian, 18:30ean hasita.

Apirilean eta maiatzean:

Komunikatu_On hezkuntza proiektu interkulturala eskainiko diete herriko hiru ikastetxeetako DBH 3. mailako ikasleei. SOS Arrazakeria taldeak gidatuko du tailerra.