Arrazakeriaren kontrako nazioarteko egunaren harira egitaraua prestatu dute herriko hainbat taldek elkarlanean

Uztarria.eus 2018ko mar. 16a, 17:43
Azpeitiko Ikasberri Ikastolako Mirian Arrieta, Iraurgi ikastetxeko Leire Aranburu, Azpeitiko Udaleko zinegotzi Estitxu Elduaien, Urola ikastolako Miren Zubizarreta eta Elkar-ekineko kide Imanol Agirre.

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna da hilaren 21ean, eta horren harira hainbat ekitaldi prestatu dute Azpeitiko Udalak, Elkar-ekinek, SOS Arrazakeria taldeak eta herriko hiru ikastetxeek elkarlanean.

Arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako nazioarteko eguna da hilaren 21ean, eta horren harira hainbat ekitaldi prestatu dute Azpeitiko Udalak, Elkar-ekinek, SOS Arrazakeria taldeak eta herriko hiru ikastetxeek elkarlanean. Gaur aurkeztu dute egitaraua, eta Azpeitiko Udaleko zinegotzi Estitxu Elduaienek adierazi du herriko hainbat taldek elkarlanean ekintza desberdinak antolatzen dituztela urtean zehar aniztasunaren gaia lantzeko, eta marko horren barruan, hain zuzen ere, "abagune egokia" dela hilaren 21a gaia sakontzen jarraitzeko.  

Elkar-ekineko kide Imanol Agirrek bere aldetik herritarrak hausnarketa egitera gonbidatu ditu "arrazakeriaren kontra eta aniztasunaren alde". Era berean, "heuren familia eta lurraldea utzi eta hona etorri diren etorkinen egoeraz hausnartzera" ere animatu nahi izan ditu Agirrek azpeitiarrak: "Guztiok dugu barruan arrazakeriaren har hori, eta arrazakeria eta xenofobia baztertzeko eta Azpeitian elkarbizitza abegikorra eraikitzeko lanean jarraitu behar dugu".      

Herriko hiru ikastetxeetako ordezkariek ere hartu dute hitza gaurko agerraldian. Iraurgi ikastetxeko Leire Aranbururen esanetan, zurrumurruen tailerra "ongi etorria" izango da, eta dokumentala, berriz, "aberatsa" izango da "ikasleei ikusarazteko errealitate desberdinak daudela". Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Mirian Arrietak azaldu du ikasle etorkinak dituztela zentroan, eta askotan "uste okerrak" sortzen direla. "Halako kanpainak onak eta lagungarriak dira haien egoera ezagutzeko, ulertzeko eta etorkinei elkartasuna adierazteko". Urola Ikastola BHIko Miren Zubizarretak dio dokumentala ikusi eta protagonistaren bizipenak "lehen eskutik entzutea esperientzia oso aberatsa" dela.   

Hona hemen, arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako nazioarteko egunaren harira antolatu duten egitaraua:

Martxoak 19, astelehena:

Samba, un nombre borrado dokumentala emanaldia eskainiko dute Sanagustinen, 19:00etan, Elkar-ekinek antolatuta. Mariano Agudok zuzendutako lana ikusi ondoren, dokumentaleko protagonistarekin solasaldia izango da.

Martxoak 20 eta 21, asteartea eta asteazkena:    

Samba, un nombre borrado dokumentalaren emanaldia eta solasaldia herriko ikastetxeetan. Hilaren 20an bi emanaldi izango dira Urolan eta 21ean, berriz, saio bana eskainiko dute Ikasberrin eta Iraurgin.

Martxoak 21, asteazkena:

Zurrumurruen aurkako formakuntza saioa eskainiko du SOS Arrazakeria taldeak. Agustin Unzurrunzagak gidatuko du jardunaldia Sindikatu Zaharreko gela handian, 18:30ean hasita.

Apirilean eta maiatzean:

Komunikatu_On hezkuntza proiektu interkulturala eskainiko diete herriko hiru ikastetxeetako DBH 3. mailako ikasleei. SOS Arrazakeria taldeak gidatuko du tailerra.