Mahmud Traoreri harrera egin dio Udalak

Uztarria.eus 2018ko mar. 19a, 18:37

Gaur arratsaldean iritsi da Mahmud Traore Azpeitira, Samba, Un nombre borrado dokumentala herritarrei eskaintzeko eta bere bizipenak azpeitiarrekin elkarbanatzeko. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitarauaren barruan eskainiko dute dokumentala Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Emanaldiaren aurretik, baina, harrera egin dio Udalak Taoreri. 

Dokumentalaren protagonistetako bat da Taore. Sambaren arrastoa ikertzeko Europatik Afrikara egin zuen ibilbideaz eta imigrazioaz aritu da solasean udal ordezkariekin. Taorek berak idatzitako 'Partir para contar' liburua oparitu die udal ordezlariei. Udalak, berriz, oroigarri bat eman dio. 

Senegaldar gazteak 2005ean Ceutako harresia saltatu eta Espainiara iristea lortu zuen. Hiru urte eta erdi behar izan zituen Senegaletik atera eta Espainiara iristeko. 200 etorkin inguru ahalegindu ziren berarekin batera harresia igarotzen, baina ahaleginean 5 lagun hil egin ziren. 2014ko otsailaren 6an beste sarraski latz bat gertatu zen Ceutako harresiaren ertz batean: 400 pertsona inguruko talde bat, El Tarajal hondartzatik muga igerian gurutzatzen ari zirela, Guardia Zibilak gomazko pilotak eta negar eginarazteko gasak bota, eta 9 etorkin hil zituzten. Horien artean zegoen Samba, Mahmuden herrikidea. Sarraskiarekin hunkituta, Sambaren arrastoa ikertzea eta bere familia aurkitzea erabaki zuen. Horretarako, Europara etortzeko egin zuen bidea, aurkako noranzkoan egin zuen Mahmoudek. Hor hasten da Samba, un nombre borrado dokumentalaren istorioa.