2015ean ere bisitari kopuruaren marka hautsi du Loiolako Turismo Bulegoak

Uztarria.eus 2016ko urt. 15a, 17:13
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Oihana Aranbarri turismo bulegoaren arduradura, eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea.

30.746 lagunek erabili dute zerbitzua, orain artean onena zen 2014ko datua hobetuz. %13 egin du gora kopuruak, aurreko urtekoarekin alderatuta. Abuztutik abendura arteko bisitarien kopuruak, bulegoaren leku aldaketaren ondorengoak, %24 egin du gora.

2015a urte ona izan da turismoarentzat Azpeitian eta eskualdean. Bigarren urtez jarraian, bisitari kopuruaren marka hautsi du Loiolako Turismo Bulegoak. 30.746 lagunek erabili dute zerbitzua, orain artean onena zen 2014ko datua hobetuz. %13 egin du gora kopuruak, aurreko urtekoarekin alderatuta.

Datuak eman eta balantzea egiteko eguna izan dute gaur turismo bulegoa kudeatzen duen Iraurgi Berritzenek eta Azpeitiko eta Azkoitiko udalek. "Euskal Herrian orokorrean egin zuen gora turismoak 2015. urtean, eta eskualdean ere nabaritu da hori. Horretaz gain, bulegoaren kokapen berriak bisitariak gehiago erakarri dituela ere nabarmentzekoa da", adierazi dute Azpeitiko Udaleko arduradunek. 2015eko uztailaren 27an inauguratu zuten bulego berria, Loiolako Santutegiaren atarian eta, iazko datuen balorazioa egiterakoan, leku aldatze horri aparteko garrantzia eman diote bailarako turismo arduradunek. Besteak beste, abuztutik abendura arteko bisitarien kopuruak, bulegoaren leku aldaketaren ondorengoak, %24 egin du gora.

Beste datu batzuk ere aipatu dituzte. Horrela, beste behin turista gehienak taldean etorritakoak izan dira (%70a); hala ere, bere kabuz etorritako bisitariak aurreko urtean baino %5 gehiago izan direla (2.100 lagun gehiago) nabarmendu dute.