Inoiz baino bisitari gehiago pasatu da aurten Loiolako turismo bulegotik

Uztarria.eus 2014ko abe. 17a, 19:16
Azkoitiko eta Azpeitiko Turismo zinegotziak, Jesus Oteiza (tente) eta IƱaki Portilla; eta Oihana Aranbarri, bulegoko langilea. (AZPEITIKO UDALA)

Apiriletik abendura egon da zabalik bulegoa eta, tarte horretan, 27.287 laguni eskaini die zerbitzuren bat. 2013arekin alderatuta, %28 igo da bisitarien kopurua.

Joan den ostiralean, abenduak 12, itxi zituen ateak Iraurgi Berritzenek Loiolako Santutegian duen turismo bulegoak. Horrenbestez, apirilaren 10ean abiatu zuen 2014ko kanpaina amaitu zuen bisitarien harrera eta informaziorako guneak.

Bulegoak amaitu ditu aurtengo lanak, eta Iraurgi Berritzeneko zein Azpeiti eta Azkoitiko udaletako turismo arduradunak gustura azaldu dira joan den zazpi hilabeteek utzi dituzten datuekin. Izan ere, 27.287 laguni eskaini die zerbitzuren bat Loiolako turismo bulegoak: 2007an bulegoa abian jarri zenetik inoizko bisitari kopururik handiena, eta iazkoarekin alderatuta, %28ko igoera.

Antolatutako bidaiak eta Espainiako bisitariak

Bisitarien nondik norakoei erreparatuta, igoera orokorra izan bada ere, antolatutako bidaietan iritsitakoen gorakada nabarmendu dute bulegoaren arduradunek. 2013an antolatutako bidaiak medio Loiolako bulegora 14.467 bisitari iritsi baziren, aurten 20.155 izan dira. Beren kabuz etorri direnak ere iaz baino gehiago izan dira aurten (7.132), baina iazkoarekiko (6.865) aldea ez da hain nabarmena.

Turisten jatorriari dagokionez, "espainiar estatukoak, atzerriko herrialdeetakoak, Kataluniakoak eta Euskal Herrikoak" multzoetan banatu dituzte kopuruak turismo arduradunek. Horrela, bisitarien erdia baino gehiago (%53), Espainiatik etorri dira; atzerriko gainerako herrialdeetatik iritsi da bisitarien %29a; Euskal Herrikoak %11 izan dira, eta %7 Kataluniakoak. Espainiar estatukoen eta atzerrikoen bisitek gora egin duten bitartean, Euskal Herrikoenak eta katalanenak mantendu edo pixka bat jaitsi egin dira.

Eskualdeko informazio eske

Loiolako Santutegia da bailarako turismo gune nagusia, betitik bisitari gehien jaso izan dituena, eta horregatik erabaki zuten bere garaian turismo bulegoa han jartzea. 2014ko kanpainan, ordea, "inoiz baino gehiago eskatu dute bisitariek eskualdean egiteko ekintza eta planei buruzko informazioa, Loiolako Santutegiari buruzkoaz gain".

Bailaran turismoarekin lotutako jarduera sustatzeko azken urteetako saiakeren helburua horixe denez, pozik agertu dira Iraurgi Berritzeneko eta udaletako arduradunak. Haien esanetan, Loiolako bulegoa "turismoari eta aisialdiko jarduerari lotuta eskualdeko ekonomia sustatzeko eta dinamizatzeko tresna estrategikoa bilakatu da, eta aurtengo jardunean inoiz baino etekin handiagoa atera zaio".

2015erako erronkak

2014koak bukatuta, datorren urterako erronka nagusiak ere zehaztu dituzte Loiolako turismo bulegoaren arduradunek. Funtzionamenduaren "egonkortasuna eta jarraitasuna" bermatzearekin bat, bulegoari "ikusgarritasuna eta irisgarritasuna" eman nahi dizkiote, "Loiolako Santutegira datozen bisitarien ehuneko handiagoarengana iritsi ahal izateko". Sektoreko enpresen artean turismo bulegoa erabiltzeko "ohitura ezartzea" ere nahi dute. "Erabili dezatela beren produktuak eta zerbitzuak eskaintzeko eskaparate gisa, eta eskualdeko eskaintza globala aberasteko".