Inoiz baino bisitari gehiago izan da udan Azpeitian

Uztarria.eus 2015ko ira. 9a, 12:16
Estitxu Elduaien eta Agustin Lizarralde, garbitokian.

Euren kasa datozen turisten kopurua igo dela eta gustura azaldu da Udala. "Taldean etortzen direnek normalean Loiola bisitatzen dute bakarrik, baina euren kasa etortzen direnek Azpeitia eta inguruak ere bisitatzen dituzte. Eta hori nabaritu da herrian, turista asko ibili baita". Europako Sega Txapelketaren eragina ere nabarmendu dute.

Uda amaitzear den honetan, turismo datuak jakinarazi eta datuon balorazioa egin du Azpeitiko Udalak. Agustin Lizarralde eta Estitxu Elduaien zinegotziek jakinarazi dutenez, "turismoak markak hausten jarraitzen du eta inoiz baino bisitari gehiago izan da udan Azpeitian eta eskualdean". Zinegotziek azaldu dutenez, bereziki abuztuan igo da bisitarien kopurua: "Loiolako turismo bulegoak bildutako datuen arabera, iazko abuztuko datuekin alderatuta, %11 igo da gurera etorritako bisitarien kopurua. Guztira, uztailean eta abuztuan, 8.055 bisitari bertaratu dira Loiolako turismo bulegora, informazio eske".

Bailarako establezimenduetan ostatu hartu dutenen kopuruan ere antzeman da bisitarien gorakada: abuztuan zehar beteta egon dira alojamendu guztiak, eta uztailean %80an ibili ziren.

Bisitarien jatorriari dagokionez, atzerritarrak izan dira nagusi aurten ere, eta horien artean gehienak espainiar estatukoak: Kataluniakoak %9 eta beste erkidegoetakoak -Andaluziakoak, Madrilekoak eta Valentziakoak gehien bat- %44. Kataluniako bisitarien presentzia, Euskal Herrikoena bezala (%19), mantendu egin da; espainiar estatuko gainerako bisitariena, berriz, jaitsi egin da (iaz %53 izan ziren). Aldiz, eta "azken urteotako uda sasoiko tendentzia pixkat aldatu" denaren seinale, udal ordezkarien esanetan, atzerriko beste herrialdeetatik etorritako bisitariak gehiago izan dira: aurten %28ra igo da haien kopurua, eta iaz %20koa izan zen. Frantziatik, AEBetatik eta Italiatik etorritakoak izan dira gehienak, baina Britainia Handikoak, Holandakoak eta Portugalekoak ere nabarmendu dira.

Euren kasa datozenak, gora

Kopuruak alde batera utzita, "kualitatiboki ere jauzi garrantzitsua eman" dela nabarmendu nahi izan dute Lizarraldek eta Elduaienek, "bereziki norbere kasa etortzen diren turisten kopurua igo delako. Taldean etortzen direnek normalean Loiola bisitatzen dute bakarrik, baina euren kasa etortzen direnek Azpeitia eta inguruak ere bisitatzen dituzte. Eta hori nabaritu da herrian, turista asko ibili baita". Loiolako turismo bulegoan bisitariek "Azpeitiari buruzko eskuorri asko eskatu" dituztela esan dute zinegotziek, "eta eskuorri horiek eskutan dozenaka lagun ikusi ditugu herrian". Loiolatik herrigunera erakarritako turismo horren adibide gisa aipatu dute, halaber, udako oporretan egunero zabalik izan den parrokiatik "ehunka lagun pasatu" direla, eta "beste horrenbeste" gertatu dela garbitokian. "Bi eraikin horien gertutasunak batetik bestera erakarri ditu turistak", udal ordezkarien hitzetan.

Datu on horietan Loiolan uztail amaieran abian jarri zen turismo bulego berriaren "eragina zenbaterainokoa den aztertzeko oraindik azkarregi" dela aitortuta, "martxan izan den aurreneko hilabeteak utzitako datuek baikor egoteko arrazoiak ematen" dizkietela esan dute Lizarraldek eta Elduaienek.

Sega txapelketaren oihartzuna

Abuztuaren 28tik 30era herrian egin zen Europako Sega Txapelketa eta haren emaitzak ere hizpide izan dituzte udako turismo emaitzen balorazioan.

Besteak beste, "Azpeitia Europan bistaratzeko balio" izan du txapelketak, Udalaren ustez. "Suitzatik, Alemaniatik, Austriatik, Hego Tiroletik eta Esloveniatik 250 lagun etorri dira gurera txapelketa hori dela eta, eta hiru egun eta astebete bitartean gurean izan ditugu. Bereziki eskertu digute hemen izandako harrera eta txoratzen joan direla esan digute. Hori oso garrantzitsua da, euren herrietara itzuli eta ahoz ahoko propaganda hori oso eraginkorra delako".

Kirol lehiaren egunean bertan Loiolan 2.500-3.000 lagun artean elkartu ziren Loiolan, Udalak emandako datuaren arabera, "eta horiek bertan jan eta edan dute". Abuztuko azken asteburuaren arrakasta ikusita, Udalak eskerrak eman dizkie "bereziki" Almitza Elkarteari, "txapelketa egiteko gure herria aukeratzeagatik", eta "hiru egun horietan dena ondo ateratzeko lan egin duten azpeitiarrei" ere bai.