Sega, kirolaren eta kulturaren uztarri

Urola Kostako Hitza eta Uztarria.eus 2015ko ira. 1a, 12:42

Hego Tirol eta Suitzako selekzioak gailendu ziren igandean Loiolako zelaietan jokatutako Europako Sega Txapelketan. Gizonezkoetan, banakako eta taldekako garaipena eskuratu du Hego Tirolek; Georg Spiess izan da, hain zuzen, banakako sailkapeneko txapelduna. Emakumeetan, berriz, Suitzak irabazi ditu bi sailkapenak, eta Margrit Fohn izan da banakako mailako podiumaren koxkarik altuenera igo dena.

Igandean jokatu zuten txapelketa sei naziotako segalariek: Euskal Herrikoek, Suitzakoek, Austriakoek, Alemaniakoek, Eslobeniakoek eta Hego Tirolgoek. Gutzira, 90 kirolari lehiatu ziren Loiolako belardietan; eta, antolatzaileen arabera, 2.500-3.000 lagun bildu ziren proba ikusteko. 

Maila handiko kirolariak

Azpeitian jokatutako probetan, "oso maila ona" erakutsi dute kirolariek, Garikoitz Llobregat Almitza Sega elkarteko kide eta txapelketako koordinatzailearen hitzetan. "Faboritoen artean zeuden segalari asko ez dira lehen hamarretan sartu, eta horrek erakusten du kirolari onak eta ondo prestatuak izan ditugula txapelketan", azaldu du. Hego Tirolen "nagusitasuna" nabarmendu du, bestalde, Almitzako kideak.

Euskal Selekzioari buruz, berriz, esan du "gehiago" espero zutela, eta "pattal antzera" sentitzen direla emaitzak tarteko. Emakumeek, ordea, hirugarren postua lotu dute taldeka, eta emaitza "ona" dela azaldu du Almitzako kideak.

Kultura eta festa

Kirolaz gain, jaiak ere hartu du asteburuan Azpeitia; izan ere, ostiralean hasi eta igandera arte hamaika ekitaldi antolatu dituzte herrian: musika, desfileak, jatorduak eta abar. Sei nazioetako kulturen arteko nahasketa izan da Azpeitia asteburu batez. 

Llobregaten ustez, antolaketa ona izan da, eta Euskal Herrian antolatutako lehia honek ez dio "inbidiarik" Europako gainontzeko nazioetan jokatu diren txapelketei: "Lan pixka bat egin beharko dute ondorengoek, maila hau lor dezaten". Hurrengo Europako Txapelketa 2017an izaqngo da, Suitzan.

Horrez gain, eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari eta azpeitiarrei. Haren hitzetan, "oso ondo erantzun du herriak". Bestalde, esan du parte-hartzaileek "belardiaren kalitatea" izan dutela ahotan, "zoragarria baita Loiolako gunea".

Azpeitiko Udalak herritarren inplikazioa izan du hizpide. Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak azaldu duenez, azpeitiarrek parte hartu izana "oso polita" izan da: "Danborradan, desfilean, Berdura Plazako tabernan... jende askok lagundu du, eta guztiei eskertzen diegu parte-hartzea". Almitza elkarteari ere eskerrak eman dizkio Azpeitia aukeratzeagatik: "Beste nazioekin harremanak egin ditugu, eta gure selekzioa herrian ikusteko aukera paregabea izan dugu".

Honakoa da txapelketako sailkapena:

Gizonak

1. Georg Spiess, Hego Tirol.
2. Klaus Lanziner, Hego Tirol.
3. Reto Fuchs, Suitza.
 
Lehen euskalduna:  Julen Gabirondo (hamairugarren).

Emakumeak

1. Margrit Fohn, Suitza.
2. Regula Frehner, Suitza.
3. Margit Steinmann, Austria.
 
Lehen euskalduna:  Alaitz Imaz (hamargarren).

Gizonak taldeka

1. Hego Tirol.
2. Austria.
3. Suitza.
 
Euskal Herria: Bosgarren postua.

Emakumeak taldeka

1. Suitza.
2. Austria.
3. Euskal Herria.

Jarraian ikus daitezkeen argazkiak Azpeitiko Udalarenak dira.