Bihar Errezilen izango da auto istripuan hildako hiru gazteen aldeko hileta elizkizuna

Uztarria.eus 2015ko ira. 7a, 13:20

Hildako gazteen familiek erabaki dute hiruren hileta batera egitea Errezilen. Atzo, igandea, jazo zen istripua Lasao inguruan. Autoan zihoazen lau lagunetatik hiru hil ziren; laugarrena ospitalean dago, arriskutik kanpo.

Atzo auto istripuz hil ziren hiru gazteen aldeko hileta elizkizuna bihar, asteartea, izango da Errezilgo Martin Deunaren parrokian. Hildakoetako bat 19 urteko azpeitiarra zen eta beste biak, 29 eta 30 urteko errezildarrak. Autoan zihoan laugarren gaztea, 28 urteko urrestildarra, Donostiako ospitalean dago, femurra eta aldaka hautsita, baina arriskutik kanpo dagoela jakinarazi dute.

Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalek ohar bateratua kaleratu zuten atzo, igandea, auto istripuan hildako eta zauritutako lau gazteen ingurukoei babesa adierazteko. Gainera, Azpeitiko eta Errezilgo udalek dolu eguna izendatu zuten atzokoa.