Azpeitiko eta Errezilgo udalek dolu eguna izendatu dute gaurkoa

Uztarria.eus 2015ko ira. 6a, 16:45

Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalek ohar bateratua kaleratu dute gaur, igandea, Lasao inguruan izan den auto istripuan hildako eta zauritutako lau gazteen ingurukoei babesa adierazteko. Udalek istripuak hil diren hiru gazteen senideei eta lagunei "atsekabea eta samina" adierazi nahi izan diete. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Markel Olano ahaldun nagusiak ere babesa agertu die istripua izan duten gazteen familiei. 

Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalek ohar bateratua kaleratu dute gaur, igandea, Lasao inguruan izan den auto istripuan hildako eta zauritutako lau gazteen ingurukoei babesa adierazteko. Udalek istripuak hil diren hiru gazteen senideei eta lagunei "atsekabea eta samina" adierazi nahi izan diete, eta zauritu den mutila "azkar errekuperatzea" espero dutela jakinarazi dute. 

Azpeitiko eta Errezilgo udalek dolu eguna izendatu dute gaurkoa. Zestoan, berriz, minutuko isilunea egingo dute hildako hiru gazteen oroimenez. Gainera, oharrean esan dutenez, hiru udalak jarri dira harremanetan istripua izan duten gazteen senideekin eta samina adierazteaz gain, laguntza ere eskaini diete.

Horrez gain, gogoan izan dituzte abuztuan eta azken egunotan izan diren hainbat heriotza. Hala nola, joan den hilean Huescan, mendian, hil zen azpeitiarraren, duela astebete inguru auto baten kontra jota hil zen motozale azpeitiarraren eta egun gutxi direla trenak harrapatuta hil zen Zestoako gaztearena. Udalek azaldu dutenez, "uda bukaera zoritxarrekoa ari da izaten eskualdean, eta guztiei dolu mezua bidali nahi diegu".

Gipuzkoako Foru Aldundiak bere aldetik "atsekabea" agertu du gertatutako ezbeharragatik, eta "babesa" agertu die istripua izan duten gazteen familiei. Bestalde, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak dolumina adierazi die hildakoen familiei, Twitter bidez.